2026·06·11


José Ignacio Asensiok ATEGRUSen Sari Berezia jaso du Madrilen, Gipuzkoako ingurumen-eraldaketan aitzindari izateagatik

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangaritasun diputatuak ATEGRUS Hondakinen Kudeaketarako eta Ingurumenerako Elkarte Teknikoak emandako Sari Berezia jaso du asteazken honetan IFEMA Madrilen, azken hamarkadan Gipuzkoako hondakinen kudeaketa-ereduaren eraldaketan egindako ibilbidea eta izandako lidergoa aitortzeko.

Aparteko eta aurrekaririk gabeko aintzatespena da ATEGRUSen ibilbidearen barruan, eta Asensiok Gipuzkoan bultzatutako jasangarritasun-politiken buru gisa egindako “ahalegina, determinazioa eta ikuspegi estrategikoa” nabarmendu nahi izan du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensiok ATEGRUS Hondakinen Kudeaketarako eta Ingurumenerako Elkarte Teknikoak emandako Sari Berezia jaso du asteazken honetan IFEMA Madrilen, azken hamarkadan Gipuzkoako ingurumen-eraldaketan egindako ibilbidea eta izandako lidergoa aitortzeko.

Saria TECMA azokaren esparruan eman da. Azoka hori ingurumen-kudeaketan, hondakinetan eta hiri-garbiketan espezializatutako estatuko topaketa nagusia da.

Aparteko eta aurrekaririk gabeko aintzatespena da ATEGRUSen ibilbidearen barruan. Erakundearen Zuzendaritza Batzordeak bereziki azpimarratu du José Ignacio Asensiok izan duen lidergoa lurraldeak dituen ingurumen-erronka handienetako batean: Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko sistemaren eraldaketa integralean.

Erakundeak Gipuzkoako Ingurumen Gunea (GIG) nabarmendu du. Azpiegitura hori aitzindaria da estatuan, eta tratamendu mekaniko-biologikoko, biohondakinen tratamenduko, biometanizazioko, zepen balorizazioko eta balorizazio energetikoko instalazioak biltzen ditu. Kudeaketa-eredu integral horrek aukera eman du hondakinen zikloa ixteko, zabortegirik gabe, eta ekonomia zirkularrago baterantz aurrera egiteko, Gipuzkoarako sistema moderno, seguru eta jasangarri bat finkatuz.

Saria jaso ondoren, José Ignacio Asensiok esker ona adierazi du, eta eraldaketa hori posible egiten lagundu duten pertsona guztiekin partekatu nahi izan du.

“Sari hau urte hauetan Gipuzkoa jasangarriagoa eraikitzeko zorroztasunez, konpromisoz eta etorkizuneko ikuspegiaz lan egin duten profesional-talde baten lan kolektiboa da. Erakutsi dugu posible dela erronka konplexuei aurre egitea, erabaki ausartak hartzea eta ingurumen-erronkak ongizatea, enplegua eta garapen jasangarria sortzeko aukera bihurtzea”, adierazi du.

Era berean, azpimarratu duenez, “jasangarritasuna benetako lurralde-estrategia bihurtu da. Gaur egun, Gipuzkoak Europako eskualde aurreratuenen artean kokatzen gaituzten azpiegiturak, politikak eta proiektuak ditu, hondakinen kudeaketari, ekonomia zirkularrari, trantsizio energetikoari eta ekintza klimatikoari dagokienez”.

Hamarkada bat Gipuzkoako eraldaketa jasangarria bultzatuz

2015ean, José Ignacio Asensiok bere gain hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren ingurumen-politikak zuzentzeko erantzukizuna, lurraldearentzat bereziki konplexua zen testuinguru batean.

Garai hartan, Gipuzkoa zabortegien mende zegoen hondakinak kudeatzeko, ez zuen haiek tratatzeko azpiegitura egokirik, eta gatazka politiko eta sozial handia bizi zen kudeaketa-ereduaren inguruan.

Hamarkada bat geroago, lurraldea sakonki eraldatu da, zabortegiekiko mendekotasuna ezabatu da eta azken belaunaldiko balorizazio- eta birziklatze-azpiegituren aldeko apustua egin da. Mugarri nagusia Gipuzkoako Ingurumen Gunea abian jartzea izan da. Gaur egun, Estatuko birziklatzearen eta gaikako bilketaren tasarik handienak ditu lurraldeak (% 60), eta hondakinen kudeaketari dagokionez, Europako sistemarik aurreratuenetako bat da.

Ingurumen-agenda aitzindaria

ATEGRUSen aintzatespenak, gainera, hondakinen kudeaketaren eremua gainditzen du, eta balioa ematen dio Gipuzkoako trantsizio ekologikoa bizkortzera bideratutako politika publikoen hamarkada bati.

Urte hauetan, Jasangarritasun Departamentuak ekimen aitzindariak bultzatu ditu, hala nola Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsa, lurralde osoan tokiko energia-komunitateen hedapena, Gipuzkoako Klima Aldaketara Egokitzeko Plana, mugikortasun jasangarria sustatzea bidegorrien foru-sarearen bidez, edo ekonomia zirkularreko proiektu estrategikoak, hala nola ehun-hondakinen berrerabilera prestatzeko zentroa, aurten abian jarriko dena.

ATEGRUSek Sari Berezi honekin aitortu nahi izan du “erantzukizun publikoak, kudeatzeko gaitasunak eta ingurunearen babesa egungo eta etorkizuneko belaunaldiekiko konpromiso saihestezina delako uste sendoak markatutako ibilbidea”.

ATEGRUSi buruz

ATEGRUS hondakinen eta ingurumenaren kudeaketan espezializatutako estatuko elkarte nagusia da, eta International Solid Waste Association (ISWA) erakundearen ordezkaria da Espainian; sektoreko nazioarteko sare nagusia da.

1965ean sortu zen, eta ingurumen-kudeaketarekin lotutako administrazio publikoak, enpresak, unibertsitateak eta profesionalak biltzen ditu. Ekimen ezagunenen artean, Escobas de Plata, Oro eta Platino sariak nabarmentzen dira, hiri-garbiketaren, hondakinen kudeaketaren eta ingurumen-berrikuntzaren arloko aintzatespen ospetsuenetakoak baitira.

Aintzatespen horiek emateko esparruan, lehen aldiz eman zaio Sari Berezia José Igancio Asensiori.

Madrilen, 2026ko ekainaren 11an