2026·09·23


Itsasoko uraren tenperatura altuek eta karabela portugaldarren presentzia jarraituak ezohiko uda markatu dute Gipuzkoako hondartzetan

2026ko Gipuzkoako hondartzen udako denboraldiaren balantzea

Itsasoaren tenperatura 22 ºC-tik gorakoa izan da laginketa-puntu guztietan ekainetik aurrera, eta abuztuan 27,8 ºC-ra iritsi da Mutrikun. Garbiketa zerbitzuek 2.000 karabela portugaldar baino gehiago bildu zituzten.

Foru Bideometria Sareak zenbatutako erabiltzaileen kopurua %11 jaitsi da; hala ere, hilabeteen arteko bilakaera oso desberdina izan da: uztailean nabarmen egin du gora eta abuztuan, berriz, orokorrean behera egin du, karabela portugaldarren presentzia jarraituarekin eta tenperatura altuenekin bat eginez.

Hondakinen gaikako bilketak aurrera egiten jarraitzen du: ontzi arinak %13 igo dira, beira %63, eta gaika bildutako hondakinek hondartzetan jasotako hondakin guztien %9 hartzen dute dagoeneko.

José Ignacio Asensio: “Uda honek erakutsi digu gure kostaldeko ingurumen-baldintzen aldaketek dagoeneko eragin zuzena dutela gure hondartzen erabileran eta kudeaketan. Egoera berri horien aurrean, prebentzioa, informazioa eta erantzuteko gaitasuna indartzen jarraitu behar dugu, aldi berean hondartza jasangarriagoak, seguruagoak eta irisgarriagoak lortzeko bidean aurrera eginez”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 2026ko hondartza-denboraldiaren balantzea aurkeztu du gaur. Denboraldiak bereziki bi ezaugarri izan ditu: itsasoko uraren tenperatura altuak eta karabela portugaldarren presentzia jarraitua. Bi faktore horiek eragina izan dute bai hondartzen kudeaketan, bai erabiltzaileen portaeran.

EHUrekin elkarlanean egindako laginketek erakusten dutenez, uda honetan itsasoko uraren tenperaturak ezohiko maila altuak izan ditu. Ekainetik aurrera, laginketa-puntu guztietan 22 ºC-tik gorako tenperaturak erregistratu dira, eta abuztuan 27,8 ºC-ko gehieneko tenperatura Mutrikun neurtu da; aurreko urtean erregistratutako gehieneko 25,7 ºC-ak baino nabarmen gehiago.

Egoera hori karabela portugaldarren etorrera goiztiarrarekin batera gertatu da: ekainaren amaieratik agertu ziren, eta uztailean eta abuztuan ia etengabe mantendu ziren, bereziki Zarautzen, Getarian, Zumaian eta Deban. Organismo horien presentziak ezarritako protokoloak aktibatzea eta hainbat egunetan eta hondartzatan bandera horia eta gorria jartzea ekarri zuen.

Guztira, 2.183 karabela portugaldar bildu dituzte garbiketa-zerbitzuek uztailean eta abuztuan. Nik Hondartzak aplikazioak abisu espezifikoak aktibatzeko eta hondartzetako banderen egoera zein karabela portugaldarren presentzia denbora errealean kontsultatzeko aukera eman du.

Erabilera handia, baina abuztuan aldaketa nabarmena

Foru Kostaldeko Bideometria Sarearen datuen arabera, 2026an %11 jaitsi da zenbatutako erabiltzaileen kopuru globala, 2025arekin alderatuta. Hala ere, hilabeteen arteko bilakaerak alde nabarmenak erakusten ditu.

Uztailean, hondartzen erabilerak nabarmen egin zuen gora, eguraldi-baldintza egokiekin lotuta; igoerarik handienak Getarian, Zumaiako Santiago hondartzan eta Saturraranen izan dira. Abuztuan, aldiz, jaitsiera orokorra izan da 2025arekin alderatuta. Jasangarritasun Departamentuak egindako analisiaren arabera, bilakaera hori, besteak beste, karabela portugaldarren presentzia jarraituak eta erregistratutako tenperatura altuek baldintzatu ahal izan dute.

Okupazio-datuen bilakaerak, gainera, hondartzen erabilera bizia baina sakabanatuagoa izan dela erakusten du. Departamentuaren arabera, portaera horrek bisitak egun osoan zehar gehiago banatu izana adieraz dezake, tenperatura altuek baldintzatutako egonaldi laburragoekin.

Hondarribia, 376.470 pertsona zenbatuta, erabilera handiena izan duen hondartza izan da; Deba, 245.159rekin, bigarren postuan dago, eta Zarautz, 190.720rekin, hirugarrenean. Deban, erabiltzaileen kopurua ia egonkor mantendu da 2025arekin alderatuta, eta Oriok goranzko joerari eutsi dio.

Bainu-uren kalitatea maila egokietan mantendu da

Uraren tenperatura altuak izan arren, denboraldian zehar bainu-uren kalitate orokorra ona izan da. Euri-zaparrada eta ekaitz-gertaera esanguratsurik ez izateak egoera horri eusten lagundu du, eta uraren kalitatearekin lotutako gorabehera gutxi izan dira.

Ostreopsis algari dagokionez, abuztura arte egindako laginketek erakusten dute aurten lehenago agertu dela, udaberritik bertatik, nahiz eta hasieran kontzentrazioak txikiak izan. Mailak bereziki ekainean eta uztailean igo ziren, eta alerta-muga behin bakarrik gainditu zen, modu puntualean, uztailean Mutrikun. Bestalde, uraren kalitatearekin lotutako bainu-debekuak batez ere ekainaren 30eko gertakarian kontzentratu ziren —hainbat hondartzari eragin zion—, eta abuztuaren 25ean Zarautzen.

%37 hondakin gutxiago bildu dira, eta birziklapenak gora egin du

Udako denboraldian, ekainaren 1etik irailaren 15era, 168.054 kilo hondakin bildu dira, 2025ean baino %37 gutxiago. Jaitsiera hori, batez ere, baldintza meteorologikoekin lotuta dago: euri-zaparrada eta denborale handirik ez izateak nabarmen murriztu du itsas jatorriko hondakinek kostaldera iristeko duten kopurua.

Eragin hori bereziki nabarmena izan da Mutriku eta Orion, non bildutako hondakinen bolumena %56 murriztu den. Aldi berean, erabiltzaileek sortutako hondakinen artean, gaikako bilketak bilakaera positiboa izan du. Bildutako ontzi arinak %13 hazi dira batez beste, eta beiraren bilketa %63 igo da, 2025arekin alderatuta. Guztira, gaika bildutako hondakinek —ontzi arinak, egurra eta beira— hondartzetan jasotako hondakin guztien %9 hartzen dute dagoeneko, aurreko urtean baino bi puntu gehiago. Azken bi urteetan, gaikako bilketaren tasa bikoiztu egin da.

Garbiketa-zerbitzuak normaltasunez jardun du denboraldi osoan, eta, aurreko urteetan bezala, arratsaldeetan erretén talde mugikorra izan du paperontzien beharrei erantzuteko.

Erreskate eta erreskatatutako pertsona gutxiago

Denboraldia segurtasun-adierazleen bilakaera positiboarekin ere amaitu da. Foru Bideometria Sareak aztertutako sei hondartzetan, sorospen-zerbitzuek 124 erreskate egin dituzte, 2025ean baino %30 gutxiago, eta 304 pertsona erreskatatu dituzte, hau da, %18 gutxiago.

Jaitsiera hori bero-bolada eta tenperatura altuak nagusi izan diren eta karabela portugaldarren presentzia jarraitua izan den uda batean gertatu da. Egoera horrek prebentzioaren, informazioaren eta sorospen-zerbitzuen eta herritarren eskura dauden informazio-tresnen arteko koordinazioaren garrantzia indartu du.

‘Nik Hondartzak’, kostaldeko egoera berrien aurrean informazio-tresna

Nik Hondartzak aplikazioak funtzionalitate guztiak mantendu ditu uda honetan, eta sorospen-zerbitzuekin koordinazioa indartu du, hondartzen egoerari buruzko informazioa denbora errealean eguneratzen dela bermatzeko. Hobekuntza hori bereziki erabilgarria izan da karabela portugaldarren denboraldian, haien presentziari buruzko abisu espezifikoak aktibatzeko aukera eman baitu.

2026an, aplikazioak 31.458 sarbide eta 3.122 deskarga berri izan ditu. Erabileren %25 Debari dagozkio; ondoren, Kontxa (%19) eta Zarautz (%15) daude. Aplikazioak zerbitzua ematen jarraituko du irailaren 30era arte.

1.900 bainu baino gehiago ‘Hondartzak Denontzat’ programaren barruan

Jasangarritasun Departamentuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuarekin elkarlanean, Hondartzak Denontzat programa garatzen jarraitu du. Ekimenaren helburua desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonei bainu egokitua erraztea da.

Ekainaren 13tik irailaren 13ra 1.994 bainu egin dira: 1.015 Hondarribian eta 979 Getarian. Guztira, 863 pertsona ezberdinek erabili dute zerbitzua: 387k Hondarribian eta 473k Getarian. Horietatik %10 inguru Gipuzkoatik kanpokoak izan dira. Programaren balorazioa oso positiboa izan da aurten ere. Gainera, Getariak material jasangarriekin, plastiko birziklatuarekin, egindako plataforma berri bat jarri du, programaren izaera irisgarria eta jasangarria indartuz.

4,18 milioi euro hondartzen kudeaketarako

Jasangarritasun Departamentuak %21 handitu du 2026an hondartzetara bideratutako aurrekontua, eta guztira 4.184.636 eurokoa da. Inbertsioaren barruan, 1,7 milioi euroko laguntzak jasotzen dira 25.000 biztanletik beherako kostaldeko udalerrientzat, hondartzen kudeaketarekin lotutako jarduketak egiteko.

“Aurrekontuaren igoera errealitate argi bati erantzuten dio: gure kostaldea kudeatzeko gero eta prebentzio-, jarraipen- eta egokitzapen-gaitasun handiagoa behar dugu”, adierazi du Asensiok. “Segurtasunaz ari gara, baina baita jasangarritasunaz, irisgarritasunaz, informazioaz eta aldatzen ari diren ingurumen-baldintzetara egokitzeaz ere”.

Sentsibilizazioa: ekonomia zirkularra eta hondakinen prebentzioa

Jasangarritasun Departamentuak Batuz Fundazio Sozialarekin batera udan garatutako sentsibilizazio eta ingurumen-hezkuntzako kanpainak ekonomia zirkularra, hondakinen prebentzioa eta sareko lana landu ditu Gipuzkoako hondartzetan. Kanpainaren barruan, Gauzateka egitasmoak hondartzetan ohikoak diren bigarren eskuko objektuak mailegatzeko zerbitzua eskaini du. Guztira, 181 mailegu egin dira, eta kanpainak 4.491 parte-hartzaile izan ditu parte hartu duten udalerrietan. Ekimenaren osagarri izan dira Mapa Vivo proiektua, hainbat tailer, material birziklatuekin musika-tresnak sortzeko jarduerak eta amaierako ikuskizunak.

Gipuzkoak egokitzeko gaitasuna indartzen du, eraldatzen ari den kostalde baten aurrean

2026ko denboraldiaren balantzeak agerian uzten du hondartzen kudeaketak itsasoaren tenperatura altuek eta hondartzen erabileran zuzenean eragin dezaketen ingurumen-fenomenoen agerpenak gero eta gehiago baldintzatutako eszenatoki bati erantzun behar diola.

“Hondartzak ezinbesteko espazio publikoak dira Gipuzkoarentzat, eta gure ardura da pertsona guztientzat espazio seguruak, irisgarriak eta jasangarriak direla bermatzea”, amaitu du Asensiok. “Uda honetako esperientziak prebentzioaren, udalekin eta sorospen-zerbitzuekin koordinazioaren, denbora errealeko informazioaren eta kudeaketa-erabakiak hartzeko ezagutza zientifikoaren alde egiten jarraitzearen garrantzia berresten du”.

Donostia, 2026ko irailaren 23a