2026·10·15


Naturklimak adituak bildu ditu energia garbiagoa eta bidezkoagoa bultzatzeko

Energia Jardunaldiak 2026

Energia Jardunaldiak 2026ko edizioak Naturkliman bildu ditu adituak eta erakundeak etxebizitzaren, industriaren, lehen sektorearen eta mugikortasunaren arloan deskarbonizatzeko irtenbideak jorratzeko

José Ignacio Asensio: “Trantsizio energetikoa ez da soilik emisioak murriztea. Esan nahi du kanpokoaren mende gutxiago egotea, familiak babestea eta gure ekonomia indartzea"

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Naturkliman egin du gaur Energia Jardunaldien beste edizio bat, trantsizio energetikoaren inguruko ezagutza, esperientziak eta irtenbideak partekatzeko erreferentziazko gune gisa finkatutako topaketa. "Trantsizioa deskarbonizatzen" lelopean, 2026ko edizioak funtsezko lau esparrutan jarri du arreta: etxebizitza, industria, lehen sektorea eta mugikortasuna.

Jardunaldiaren hasieran, Jasangarritasuneko diputatu eta Naturklimako presidente José Ignacio Asensiok nabarmendu du deskarbonizazioa ingurumen-kontu bat dela gaur egun, baina baita kontu ekonomikoa, soziala eta autonomia estrategikokoa ere."Energia segurtasunarekin, autonomiarekin eta ongizatearekin lotuta dagoen kontu bihurtu da. Trantsizio energetikoa ez da soilik emisioak murriztea. Hemen energia gehiago ekoiztea esan nahi du, energia garbia; kanpokoaren mende gutxiago egotea; familiak prezioen aldakortasunetik babestea, eta gure ekonomia indartzea", adierazi du.

Asensiok gogorarazi duenez, Ekialde Hurbileko krisiak eta nazioarteko merkatuetako tentsioek gipuzkoarren energia-faktura % 40 igo dute aurten, eta horrek agerian utzi du erregai fosilekiko eta kanpoko merkatuekiko mendekotasunak sortzen duen kalteberatasuna. Horrez gain, Gipuzkoako familien % 19 inguru energia-kalteberatasuneko egoeran dago, eta errealitate horrek, defendatu duenez, behartzen du dimentsio soziala deskarbonizazio-politiketan sartzera.

Trantsizio horren tresna nagusien artean, diputatuak energia-komunitateen hedapena nabarmendu du. Gipuzkoak, gaur egun, 82 energia-komunitate ditu, 74 herritar mailakoak eta 8 industria mailakoak, 67 udalerritan banatuta; horietatik 13.000 familia inguruk eta 38 ETEk jasotzen dituzte onurak. Proiektu horietan parte hartzeak faktura elektrikoan % 30 arteko aurrezpena lortzea ahalbidetzen du.

Bizitegien deskarbonizazioa

Jardunaldiaren lehen blokea bizitegien deskarbonizazioan eta etxeetako eta hirietako energia-kontsumoa eta emisioak murrizteko soluzioetan oinarritu da.

Jeannette Bain Scott-ek (Beroa eta hotza deskarbonizatzeko plataforma, ECODES) hiriak muturreko bero-gertakarien aurrean nola birpentsatu aztertu du; Marta San Románek (Klimatizazio Ekipoen Fabrikatzaileen Elkartea, AFEC), berriz, bero-ponpen erabilera hedatzeko dauden oztopoak aztertu ditu. Jesús Teixidorrek (Suno Ingeniería) bero- eta hotz-sareak aztertu ditu, eta Javier Martínezek (NASUVINSA) Iruñeko Txantrea auzoan garatutako biomasa bidezko bero sarearen esperientzia aurkeztu du.

Industriaren deskarbonizazioa, lehiakortasun-faktorea

Bigarren blokea enpresen deskarbonizazioan oinarritu da, eta eremu hori bereziki garrantzitsua da Gipuzkoa bezalako lurralde industrial batean.

Alberto Claudiosek (Ekilor Energías Renovables) enpresetako autokontsumoko zenbait kasu praktiko aurkeztu ditu. David Caetanok (Aiguasol Creative Climate Solutions) industriako hondar-beroaren aprobetxamenduari heldu dio Beasaingo adibidearekin, non dagoeneko martxan baitago Gipuzkoako lankidetza publiko-pribatuko lehen district heating-a; eta Iñaki Carok (Tecnalia Research and Innovation) prozesu termiko industrialak deskarbonizatzeko estrategietan sakondu du.

Asensiok azpimarratu du eraldaketa hori produkzio-sarea indartzeko aukera gisa ere ulertu behar dela: “Eraginkorragoa eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoa duen industria, industria indartsuagoa eta erresilienteagoa ere izango da. Deskarbonizazioa ez da ingurumen-kontu bat soilik; dagoeneko lehiakortasun-faktore bat da".

Lehen sektorea

Jardunaldiak, halaber, espazio espezifiko bat eskaini dio nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien deskarbonizazioari. Bloke horretan, Kerixara gaztandegiko Felix Ajuriak bere ustiategian garatutako esperientzia partekatu du; NEIKEReko Amaia Ortiz Barredok energia agrovoltaikoaren aukerak aztertu ditu, nekazaritza jarduera eta landa eremuan eguzki plakak instalatzea konbinatuz.

Bizikleta, ibilgailu elektrikoa eta mugikortasun partekatua

Azken blokean mugikortasunaren deskarbonizazioa jorratu da, bizikletatik eta ibilgailu elektrikotik hasi eta mugikortasun partekatuko formula berrietara iritsi arte.

Beatriz Marticorenak eta Edorta Berguak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuko teknikariek, bizikletak Gipuzkoako eguneroko mugikortasunaren deskarbonizazioari egiten dion ekarpena aztertu dute.

Arlo horretan, gogorarazi da Bizikleta Bideen Oinarrizko Foru Sareak, 440 km dituenak, 10 milioi joan-etorri baino gehiago erregistratu zituela 2025ean, aurreko urtean baino % 12,6 gehiago. Hedapen horretara 25 milioi euro baino gehiago bideratu ditu Jasangarritasun Departamentuak legealdi honetan.

Bestalde, AEDIVE-Mugikortasun Elektrikoa Garatzeko eta Bultzatzeko Enpresa Elkarteko Ferrán Menescalek ibilgailu elektrikoaren garapenaren eta hedapenaren gaiari heldu dio.

Jardunaldi horretan, mugikortasun partekatuko esperientzia zehatzak ere aurkeztu dira, hala nola Beasaingo car-sharinga.

Helburua: Gipuzkoako deskarbonizazioa bizkortzea

Jarduera horiek guztiak datozen urteetarako ezarritako deskarbonizazio-helburuetan kokatzen dira. KLIMA 2050 Estrategiaren helburua da 2030erako emisioak % 45 murriztea, 2005arekin alderatuta, eta 2045. urtea baino lehen klima-neutraltasuna lortzea.

Era berean, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren EAEko Legeak helburu hauek ezartzen ditu: energia-eskaria % 12 murriztea eta, gutxienez, kontsumitutako energiaren % 32 jatorri berriztagarrikoa izatea.

Donostia, 2026ko urriaren 15a