Jasangarritasuneko diputatuak Lurpea Garbirekin batera bisitatu du Albizturko Txorrote leizea, bertan 6 tona hondakin bildu ondoren

Elkarteak Jasangarritasun Departamentuaren laguntzarekin irailetik hona egin dituen jarduerei esker, lurraldeko sei udalerritan 20 tona hondakin baino gehiago bildu dira.

Jasotako hondakinen artean daude 170 pneumatiko, sukaldeko etxetresna elektrikoak, kutxa gotor bat, lur orotako ibilgailu baten txasisa, atoi bat edo bateriak.

José Ignacio Asensio: “Leize-zulo batean abandonatutako hondakinek gure ingurumenaren parte izaten jarraitzen dute eta lurzorua, ura eta ekosistemak arriskuan jar ditzakete. Espazio horiek berreskuratzea ingurumenarekiko erantzukizuna da, eta herritar guztiena den ondarea zaintzeko modu bat ere bai. Gipuzkoa zaintzea gure oinen azpian dagoena babestea ere bada”.

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak Txorrote leizea bisitatu du Lurpea Garbiko kideekin batera, elkarteak egindako garbiketa eta hondakinak kentzeko lanak ezagutzeko. Jarduera hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak hondakin sakabanatuko guneak prebenitu eta ezabatzeko, degradatutako espazioak berreskuratzeko eta natura-ingurunean isurketa berriak saihesteko ematen dituen laguntzen esparruan gauzatu da.

Topaketan zehar, Lurpea Garbiko kideek azaldu dituzte egindako lanak eta ingurune mota horietan hondakinak ateratzeak dituen zailtasunak. Bisitak aukera eman du neurri handi batean ezkutuan geratzen den arazo bat bertatik bertara ezagutzeko: kobak, leize-zuloak eta dolinak hondakinak botatzeko gune gisa erabiltzea, lurrazpiaren kontserbazioan eta lurpeko uren babesean dituen ondorioekin.

Leize honetan bakarrik, elkarteak 6 tona hondakin inguru atera ditu, bi aste baino gehiago iraun duten lanetan. Ateratako zaborraren artean, hildako animalien hondakin ugari aurkitu dituzte: behiak, ardiak, txakurrak, zaldiak eta beste hainbat. Mota horretako hondakin gehien bildu dituzten leizea da. Horrez gain, etxetresna elektriko ugari ere atera dituzte.

Asensiok nabarmendu du kutsadura mota horri erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzaren bidez aurre egiteko beharra: “Zaborra gure bistatik kanpo geratzeak ez du esan nahi desagertu egiten denik. Leize-zulo batean abandonatutako hondakinek gure ingurumenaren parte izaten jarraitzen dute eta lurzorua, ura eta ekosistemak arriskuan jar ditzakete. Espazio horiek berreskuratzea ingurumenarekiko erantzukizuna da, eta herritar guztiena den ondarea zaintzeko modu bat ere bai”.

Jasangarritasun Departamentuak Gipuzkoan sakabanatutako zaborraren 500 gune baino gehiago identifikatu ditu. Diagnostiko horrek agerian uzten du udalekin eta tokian bertan lanean diharduten erakundeekin koordinatutako jardunari eusteko beharra, hondakinak kentzeko, kaltetutako eremuak lehengoratzeko eta isurketa berriak prebenitzeko.

20 tona hondakin baino gehiago atera dira

Lurpea Garbi elkarteak emandako datuen arabera, irailetik hona zazpi leize-zulo, dolina bat eta erreka bat garbitu dira Errezilen, Alkizan, Larraulen, Tolosan, Albizturren eta Asteasun, Departamentuaren dirulaguntzei esker. Guztira, 20 tona hondakin baino gehiago atera dira, tartean 170 pneumatiko.

Aurkitutako materialen aniztasunak metatutako isurketen larritasuna erakusten du: motor-olioak, plastikoak, pilak, bateriak, sendagaiak, xiringak, bidoiak, artilea eta hildako ehunka animalien hondakinak. Horiez gain, sukaldeko etxetresna elektrikoak, kutxa gotor bat, lur orotako ibilgailu baten txasisa, atoi bat eta lixiba-ontzi ugari ere atera dira.

Espazioak berreskuratzea eta isurketa berriak prebenitzea

Departamentuaren laguntza-lerroa udalei eta hondakinen kudeaketako  mankomunitateei zuzenduta dago, eta kostaldeko, ibai-inguruko, lurrazaleko eta lurpeko eremuetan dauden zabor-guneak garbitzera bideratuta dago. Kobetan eta leize-zuloetan, garbiketako esku-hartzeez gain, isurketa berriak saihesteko neurriak hartu behar izaten dira, hala nola itxiturak, elementu disuasorioak edo seinaleztapena jartzea.

Helburua da hondakinak kentzea ez ezik, berreskuratutako espazioen babesa bermatzea eta zaborra abandonatzeak duen eraginari buruzko kontzientzia handiagoa sustatzea ere.

“Erakundeok baliabideak jarri behar ditugu eta lekuan bertan lanean dihardutenei lagundu behar diegu. Eta, gizarte gisa, onartu behar dugu natura-ingurune bakar bat ere ezin dela zabortegi bihurtu. Gipuzkoa zaintzea gure oinen azpian dagoena babestea ere bada”, amaitu du Asensiok.

Albiztur, 2026ko urriaren 26a