Atzealdea Famtrip-a: Suitzako 9 bidaia-agentzia espezializatu Gipuzkoan

Famtrip-a: Suitzako 9 bidaia-agentzia espezializatu Gipuzkoan

Gipuzkoak Suitzako bidaia-agentzia espezializatuei erakutsi die bere turismo-eskaintza Turespañarekin batera antolatutako Fam Trip batean

2026/07/07
Famtripeko partaideak Petritegin

Suitzako bederatzi bidaia-agentzia espezializatuk parte hartu dute Zurich-Gipuzkoa Fam Trip-ean. Turespañarekin elkarlanean antolatutako sustapen-ekintza honen helburua Gipuzkoako turismo-eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea ezagutaraztea izan da. Lau egunez, parte-hartzaileek lurraldeko baliabide turistiko adierazgarrienetako batzuk ezagutu dituzte, natura, gastronomia, kultura eta ondarea uztartzen dituzten esperientzien bidez.

Lehen jardunaldian Zumaiako flyscha eta Euskal Kostaldeko Geoparkea bisitatu zituzten, Europako paisaia geologiko ikusgarrienetako bat ezagutuz. Ondoren, Getariako itsas ondarea eta txakolinaren kultura ezagutu zituzten, Iñigo Manterolaren arte-estudioa bisitatu zuten eta eguna Petritegi sagardotegian amaitu zuten, euskal sagardoaren tradizioa bertatik bertara ezagutuz.

Bigarren egunean, Tolosako merkatu tradizionala eta herriko gastronomia izan ziren protagonistak. Ondoren, Loiolako eta Arantzazuko santutegiak bisitatu zituzten; ondare historikoa, arkitektura garaikidea eta natura uztartzen dituzten Gipuzkoako gune esanguratsuak.

Azken jardunaldi osoa Donostiari eta Gipuzkoako kultur ondareari eskaini zitzaion. Hiriko bisita gidatuaz eta pintxoen ibilbideaz gain, Chillida Leku, Pasai Donibane eta Hondarribia ezagutu zituzten, lurraldearen itsas nortasuna, artea eta ondare historikoa gertutik ezagutzeko aukera izanik.

Fam Trip hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuaren nazioartekotze estrategiaren barruan kokatzen da. Helburua lehentasunezko merkatuetan Gipuzkoaren presentzia indartzea eta turismo-profesionalekin lankidetza berriak sustatzea da.

Gipuzkoa kalitatezko turismoa eskaintzeko prestatuta dagoen helmuga da. 2030 Turismo Plan Estrategikoaren bidez, jasangarritasuna, benetakotasuna eta kalitatea ardatz dituen eredua bultzatzen du. Horren oinarrian daude lehen mailako turismo-azpiegiturak eta bizi-kalitate handia, nazioartean erreferente den gastronomia eta itsasoa zein mendia uztartzen dituen natura-ingurune paregabea.

Donostia nazioarteko erakargarri nagusietako bat bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde osoko baliabide turistikoak ezagutarazten jarraitzen du, kostaldetik barnealdera arte eskaintzen diren esperientzia bereziak nazioarteko profesionalen eskura jarriz.

  

197