Erakundeak eta pertsona boluntarioak laguntzeko, haien eguneroko lana errazteko, erakundeen arteko lankidetza sustatzeko eta gizarte-proiektuak hazten eta sendotzen laguntzeko baliabideak eskaintzen ditugu.
-
Gizalde
Gizalde boluntarioei eta Gipuzkoan ekintza boluntarioa sustatzen eta indartzen lan egiten duten elkarteei laguntzeko zerbitzua da. Orientazioa, akonpainamendua eta aholkularitza eskaintzen die boluntario izateko interesa duten pertsonei zein gizarte-erakundeei.
Ondarreta Pasealekuko 20. zenbakian dago, Donostian, eta boluntariotzari, oinarrizko prestakuntzari, boluntariotzaren kudeaketarekin lotutako laguntzari, lankidetzarako programen eta premien hedapenari eta elkarteentzako baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzen ditu.
Materiala mailegatzeko zerbitzua eta erabilera anitzeko aretoak lagatzeko zerbitzua nabarmentzen dira.
Informazio gehiago
www.gizalde.eus -
Gizagune
Gizagune lurraldean dauden gizarte-ekimeneko irabazi asmorik gabeko erakundeak sustatu eta sendotzeko baliabidea da. Gipuzkoako elkarte-ehuna bultzatzeko espazio modura planteatzen da.
Sektorearen haztegi modura lan egiten du: esperientzia trukatzeko, ezagutza sortzeko, berrikuntzarako eta sarean lan egiteko aukera eskaintzen du, ikuspegi komunitario batekin. Bere helburua da erakundeei sendotzea eta haztea ahalbidetuko dien ingurune bat eskaintzea.
Gaur egun, Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak bi espazio ditu Donostian:
- Gizagune Ondarreta: 30 erakunde inguru hartzeko gaitasuna du, eta bertan beren egoitza soziala izateko aukera ematen die, coworking modalitateko lan-eremuekin, bi txarteldegi-armairu, eta biltegiratzeko eremu batekin. Gainera, astean bost ordu eskaintzen die dauden sei bilkura-aretoetako batean beren esku-hartzeak garatzeko, eta balio anitzeko bilkura-aretoa hitzaldiak, bilkurak, asanbladak eta prestakuntzak burutzeko. (Ondarreta Pasealekua, 20)
Gainera, eraiki horretan dago boluntarioei laguntzeko Gizalde zerbitzua.
- Gizagune Pagola: Gutxi gorabehera, 6 erakunderentzako lekua du (Bascongada Pasealekua, 10).
-
Gizarte-ekimeneko erakundeei zuzendutako dirulaguntzak
Programak eta jarduerak Gipuzkoako gizarte zerbitzuen esparruan garatzen dituzten irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeak laguntzen ditugu. Laguntza horiekin gizarteratzeari, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen eta familien arretari eta elkarte-ehuna indartzeari begirako proiektuak finantzatzen dira.
OINARRIZKO BETEKIZUNAK
Erakundeek modu formalean eratuta egon behar dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako Foru Erregistroan izen emanda egon behar dute, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte, eta proiektua garatzeko moduko egitura izan behar dute.
Betekizun guztiak deialdi bakoitzaren oinarrian begiratu behar dira.
DIRULAGUNTZA-LERROAK
- 1. lerroa. Gizarte esku-hartzea: pertsonak, familiak, taldeak eta komunitateak zuzenean artatzeko eta arlo horietan esku hartzeko programak finantzatzen ditu, bereziki zaurgarritasun-, bazterkeria-, babesgabetasun-, desgaitasun- edo mendekotasun-egoeran badaude.
- 2. lerroa. Sentsibilizazioa eta prebentzioa: gizarte arloko egoera eta arazo jakin batzuei buruzko informazioa eman, horiekiko kontzientzia sortu eta horiek prebenitzeko ekimenak laguntzen ditu.
- 3. lerroa. Ikerketa eta berrikuntza: gizarte-premia berriak hautemateko, eta gizarte-arretako modu berritzaileak diseinatu eta entseatzeko proiektuak bultzatzen ditu.
DEIALDIAK
Urtero egingo dira deialdiak, norgehiagoka bidez. Eskaera bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, eta hilabeteko epea ezartzen da horretarako, deialdia argitaratu (orokorrean, urtearen hasieran) eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Erakunde bakoitzak lerro bakoitzean eskaera bakarra aurkeztu dezake, eta gehienez, eskaerako lau programa gaineratu ditzake.
-
Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria
Gipuzkoako Boluntariotzaren Sariak, ikuspegi sozial, humanitario edota solidario batetik, beren deieragatik eta komunitatearen aldeko zerbitzuagatik nabarmendu diren pertsona boluntarioen edo boluntariotzako gizarte-erakundeen ibilbidea publikoki aitortzea du helburu; eta egoera ahulenean dauden taldeak laguntzeko edota berdintasuna, giza eskubideak, osasuna, gizarteratzea, kultura, kirola, babes zibila, gazteria, ingurumenaren babesa edo garapenerako kooperazioa sustatzeko programa orokorretan parte hartu dutenak.
HARTZAILEAK
Pertsona fisikoak: adin nagusikoak, edozein nazionalitatekoak, Gipuzkoan, gutxienez hamar urtez, jarduera bat boluntario modura garatu duten edo garatzen ari direnak, irabazi asmorik gabeko gizarte-erakundeen barruan.
Erakundeak: legez eratuak eta irabazi asmorik gabeak, Gipuzkoan gizarte-intereseko proiektuak garatzen dituztenak, gutxienez, hamar urtez, boluntariotzarekin garatutako programen bidez, eta boluntariotza sustatzeko helburua duten programan bidez.
BETEKIZUNAK
- Gipuzkoako Lurralde Historikoko erakunde onuradun izateko debekurik ez izatea.
- Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.
- Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak eta aurretik emandako beste mailegu edo aurrerakin batzuk ordainduta izatea.
- Sarirako beren burua aurkezten duten erakundeen hautagaitzak onartu egingo dira, betiere, gutxienez, hiru gizarte-eragileren abala baldin badute (erakundeak, instituzioak, ikastetxeak, pertsona erabiltzaileak, etab.).
- Pertsona fisikoek ezingo dute beren burua hautagai modura aurkeztu.
Nola aurkeztu hautagaitzak?
1.
Hautagaitza aurkeztu
Urtero deialdia argitaratzen da, eta bertan hautagaitzak aurkezteko 15 eguneko epea ezartzen da (normalean, irailaren inguruan).
Hautagaitza-orria bete eta erregistro bidez aurkeztu behar da, aurrez aurre edo bide elektronikoz. Inprimakia deialdiarekin batera egongo da eskuragarri.
2.
Hautagaitzen balorazioa
Departamentuak hautagaitzek ezarritako baldintzak betetzen dituzten aztertuko du.
Ondoren, epaimahaiak onartutako hautagaitzen merezimenduak baloratuko ditu, eta saria emateko proposamena egingo du. Proposamen hori saria banatu baino gutxienez 10 egun natural lehenago egingo da.
3.
Saria ematea eta banatzea
Sariaren ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratuko da. Sari-banaketa ekitaldi instituzional publiko batean egingo da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian, abenduaren 5aren inguruan (Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna).
Informazio gehiago aurkituko duzu ohiko galderen atalean.
Gizarte-partaidetza
Boluntariotzak eta asoziazionismoak gizarte-politikak hobetzen ere laguntzen dute, partaidetza, kontsulta eta elkarrizketarako espazio egonkorren bidez. Espazio horietan, nahasitako kolektiboek eta pertsonek beren esperientziak partekatzen dituzte, eta jarduketa publikoak planifikatzeko, horien jarraipena egiteko eta hobetzeko ekarpenak egiten dituzte.