Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak, familia harrera eta adopziorako programak garatzen ditu, babesgabetasun-egoeran dauden haurren eta nerabeen babesa eta ongizatea bermatzeko. 

Harreraren eta adopzioaren helburua da adin txikikoek ingurune seguru, egonkor eta txeratsu batean hazteko duten eskubidea bermatzea. Programa honetan parte hartzen duten familiek funtsezko zeregina betetzen dute haur hauek laguntzeko, zaintzeko eta beren premiak asetzeko. 


Familia-harrerak babes-neurri bat da, eta horri esker, aldi batez edo modu iraunkorrean beren jatorrizko familiekin bizi ezin duten haurrak eta nerabeak familia-ingurune seguru eta egonkor batean garatu daitezke. 

Ez daude bi harrera berdin. Beraz, ezinbestekoa da kasu bakoitzerako egokiena den harrera mota bilatzea: 

  • Premiazkoa (6 hilabete, gehienez) 
  • Aldi baterakoa (2 urte, gehienez) 
  • Iraunkorra (iraupen zehaztugabea) 

Adin nagusitasunera iristean, elkarbizitzak jarraitu egin dezake bi aldeek hala nahi badute. Halaber, helduarorako trantsizioa errazteko laguntza-programak daude. 
  

  • Familia Harrera borondatezkoa

    Modu altruistan egiten dute adin txikiko pertsonaren zaintzaz arduratzen diren pertsonek edo familiekin, laguntza profesional eta ekonomikoekin. 

    • Betekizunak: Harrera-familia izan daiteke horretarako prest agertzen den edozein pertsona edo familia, baldin eta, dagokion balorazio-prozesuan parte hartu ondoren, hautatutako borondatezko famili-harrerako modalitaterako onarpena jasotzen badu.  

     

  • Familia Harrera espezializatua

    Premia bereziak dituzten haur eta nerabeei zuzendua. Harrera-familiako kide batek, gutxienez, prestakuntza eta esperientzia espezifikoak izan behar ditu, eta bere dedikazio profesionalaren truke konpentsazio ekonomikoa jasotzen du. 


    Betekizunak: 

    • Unibertsitate-titulua edo prestakuntza espezifikoa gizarte hezkuntzaren, osasunaren edo gizartearen alorretan. 
    • Gutxienez bi urteko esperientzia adin txikikoen arretan, zaintzan edo babesean. 
    • Harrera-haur edo -nerabeen profilaren araberako prestakuntza osagarria. 
    • Arreta eta lantalde profesionalarekin lan koordinatua egitea bermatzeko prestutasuna. 
    • Bilkuretan eta programaren jarraipen teknikoan parte hartzea. 
          
  • Harrera-familientzako laguntza

    Familia-harrerei jarraipen tekniko espezializatua egiten zaie, etengabeko prestakuntza ematen zaie, laguntza psikologia eskaintzen zaie, krisi-egoeretan arreta eskaintzen zaie eta gastu ohikoak zein ezohikoak estaltzeko laguntza ekonomikoak ematen zaizkie. 


Harrera eskaintzeko eskaera egin dezakete babes-neurri honekin aitatasuna edo amatasuna eskuratu nahi duten pertsonek edo bikoteek (bikote ezkonduak edo izatezko bikoteak). Ezinbestekoa izango da indarreko legeriak ezarritako betekizunak betetzea eta Gipuzkoako Foru Aldundiak igorritako Egokitasun Ebazpena eskuratzea. 

Interesa duten pertsonek Haurrak eta Nerabeak Babesteko Zerbitzura jo behar dute. Prozesuan sartzen dira: derrigorrezko informazio-saioetara joatea, dagokion eskaera eta dokumentazioa aurkeztea, profesional espezializatuen aldetik balorazio psikosoziala egitea eta egokitasun-ebazpena ematea. 

  • Adopzio nazionala

    Adopzio nazionalean, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten du esleipena egokitzat jotako familien artean. Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden haurren adopzioaz Donostiako Familia Epaitegia arduratzen da, espediente judizial batekin. 

    Adopzio legez eratu ondotik, adopzioaren osteko jarraipena egiten da. Jarraipen hori adopzioa eratu eta hurrengo bi urteetan egingo da gutxienez, eta Foru Aldundiak dagozkion txostenak egingo ditu. 
        

  • Nazioarteko adopzioa

    Nazioarteko adopzioan, espedientea jatorrizko herrialdeko agintaritzen aurrean izapidetzen da, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaile (NAEL) baten bitartekotzarekin, edo gabe. Esleipena herrialde horretan eskumena duen agintaritzari dagokio, eta adopzioa atzerriko herrialdeko araudian ezarritako prozedurari jarraikiz gauzatzen da.  

    Nazioarteko adopzioan, adopzioaren osteko jarraipena egingo da, eta hori atzerriko herrialdeko araudian kasu bakoitzerako ezartzen den aldizkakotasunez egingo da. Adopzio-prozesua NAEL baten bitartekaritzarekin izapidetu bada, erakunde horrek egingo ditu adopzioaren osteko jarraipen-txostenak. Bestela, Foru Aldundiak egingo ditu txostenak. 

  • Adopzioaren osteko zerbitzua

    Adopzioaren osterako laguntza- eta orientazio-zerbitzua da, Gipuzkoako adopzio-familiei edo adoptatutako pertsonei zuzendua, erabili nahiko balute. Zerbitzu horren helburua da adopzioarekin zuzenean lotutako zalantzak eta zailtasunak ebazten laguntzea. Horiek sortu daitezke: 

    • Familietan, behin adopzioa formulatu ondoren. 
    • Adopzioan hartutako pertsonengan, urteen poderioz. 

    Laguntza-programa hori adopzio gaietan espezializatutako terapeutek ematen dute. Doako zerbitzua da, eta indibidualizatua. 

Informazio gehiago aurkituko duzu ohiko galderen atalean.

 

Herritarren arreta

Telefono bidezko arreta-ordutegia, astelehenetik ostiralera 08:00 - 15:00

943 11 21 11

Egoitza nagusia:

Astelehenetik ostiralera: 08:30 - 14:00 Txara II. Zarategi pasealekua, 99. 20015, Donostia

Bulegora joateko, beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua eskatzea  (943 11 21 11)

Kontaktua