Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour “Enpresak indartzeko estrategiari eutsiko diogu, horrela enplegu-datuak hobetzen jarraitzeko”

“Enpresak indartzeko estrategiari eutsiko diogu, horrela enplegu-datuak hobetzen jarraitzeko”

Diputatu nagusiak industria sare “sendo” baten beharra azpimarratu du, aberastasuna sortu eta gizartean berriro banatzeko.

Markel Olano diputatu nagusiak berretsi du Gipuzkoan enplegu datuak “hobetzen” ari direla, %2 igo baitira, baina Foru Aldundiak “erne jarraitu behar” duela eta bere estrategiari “eusten Gipuzkoako industria sarea indartzeko”. Izan ere, adierazi du gure industria zenbat eta sendoagoa izan orduan eta baliabide gehiago izango ditugula “aberastasuna sortzeko eta gero gipuzkoarren artean berriz banatzeko”. Dena den, horren inguruan esan du enplegua hobetu eta bildutako dirua %4 handitu bada ere, helburua dela diru-bilketa hori oraindik “handiagoa izatea” eta “horren alde” ari direla lanean.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, diputatu nagusiak gaitzetsi du Arcelor Mittal itxi izana, ekonomia “gero eta globalizatuagoa dagoen seinale”. Hori dela eta, gogora ekarri du Foru Aldundiaren sostengua Zumarragako langileekin, baita azpimarratu ere “gure enpresen elkartasunezko defentsa” egingo dutela.

Gipuzkoan turismok izandako gorakada ikusgarriari dagokionez, Olano pozik agertu da %7ko igoera horrekin, eta batez ere %12 handitu den atzerritarren turismoarekin, zeren eta horrek guztiak “jarduera ekonomikoa eta lana sortzen baitu”. Horren harira, Olanok azpimarratu du Donostia nazioarteko erakargune bihurtu izana pozgarria izanik ere, “masifikazio arazoak” sortu direla, eta horregatik, Udalarekin lankidetzan arituta, “lortu dugula barnealdeko turismoa %27 haztea joan den urtearekin konparatuta”.

Uda honetan mugan sortutako auto-ilaren inguruan, diputatu nagusiak azaldu du “gogotik saiatzen” ari garela pilaketak gutxitzeko, “baina ulerkorrak izan behar dugula Frantzian ezarritako segurtasun-protokoloekin. Barne Saileko eta Bidegiko arduradun eta Frantziako agintariekin bildu gara ahalik eta bide gehien irekitzeko bi norabideetan”.

Olanok “balantze positiboa” egin du agintaldiko lehen urteari buruz, “planifikazio ahalegin handia egin baitugu eta agintaldi osorako diseinua”, eta “orain ziurtatzen joan behar dugula ezarritako helburuak betetzen ari direla”. Jarraian nabarmendu du utzaila oso hilabete positiboa izan dela, “N-1eko kobraketa sistema, Deskargako autobiako lizitazio eta Zubietako erraustegiaren proiektuarekin”. Halaber, Olano pozik agertu da PSErekin duen gobernu hitzarmenarekin, “Madrilen gertatzen ari denaren kontra eredua”, izan ere, “nahiz eta gure desadostasunak izan, gauza izan gara erabaki sendoak hartzeko”.

Diputatu nagusiak esan du Euskadik eredu politiko eta sozial zehatza duela, EAJk “Madrilen defendatuko duena euskal agendaren bitartez”, eta “euskaldunok eskubidea dugula gure etorkizunari buruz erabakitzeko, kontsulta bat abiarazita eta negoziazio-ahalmena edukita Madrilen”, non bere alderdiak Rajoyren inbestidurari “ezezkoa ematen jarraituko duen”. Olanoren iritziz, Euskadirako eredu politiko eta soziala sentsibilitate desberdinak “lankidetzaren bitartez lortu beharko litzateke”, eta alde horretatik bi eredu daudela: “zentralizazioa batetik, eta bestetik, nik nahi dudana, alegia, autogobernua sendotzea, zeren eta, ez dezagun ahaztu, Estatua gure autogobernua hondatzen joan da”.

Olanok “balantze positiboa egin du agintaldiko lehen urteari buruz, planifikazio ahalegin handia egin baitugu eta agintaldi osorako diseinua”

Arnaldo Otegi EAEko bozetara aurkezteko debekuaren inguruan, Olanok ohartarazi du Otegik “eskubide guztiak dituela herritar gisa eta bere burua kargu publiko batera aurkezteko”, baina gauza bat direla “nire desioak” eta beste bat botere judizialaren errealitatea, “burua lehengo lepotik duena”. Horren ildotik, Olanok deitoratu du jarduneko gobernuak euskal gaia berriro erabili izana “sari politikoa lortzeko”, iraganean PPk erabilitako estrategia bat Batasuna legez kanpo uzteko, eta hori guztia “kaltegarria dela oreka eta elkarbizitzarentzat”.

Azkenik, Olanok hizpide hartu du hurrengo astean, eta Foru Aldundiak antolaturik, EHUren ikastaroen barruan egingo den “Gobernantza ereduak” ikastaroa. Izan ere, lehen mailako adituak izango ditugu gure artean, tartean James Steinberg, Barack Obamarekin Estatuko idazkariorde izandakoa. “Gobernantza eredu berrien baitan, uste dut funtsezkoa herritarrekin bat egitea eta aditu desberdinei entzutea trantsizio hori egiten lagun diezaguten”, amaitu du diputatu nagusiak.

  

2038