Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour «Ekoizpen jarduera eta kalitatezko enplegua indartzea», Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren lehentasun

«Ekoizpen jarduera eta kalitatezko enplegua indartzea», Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren lehentasun

115,6 milioi euro izango ditu, % 39 gehiago, krisiaren aurrean suspertze ekonomikoa bultzatzeko.

Jabier Larrañagak Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren aurrekontuen berri eman du gaur Batzar Nagusietako Ogasun Batzordean. Guztira, 115.655.396 euro izango ditu, eta hura izango da Aldundiaren bigarren jardun esparrua aurrekontu zuzkidurari dagokionez, bai eta 2021ean proportzioz gehien haziko dena ere, % 39 igo baita. Larrañagak ziurtatu du Aldundiak COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiten jarraituko duela «erabateko irmotasunez, baliabide gehiagorekin eta ibilbide orri argi batekin». Departamentuaren aurrekontuek «jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua indartzeko» helburuari erantzuten diote, hiru lehentasunekin: «Atzeraldiak gehien kaltetutako sektoreei eta sektore kalteberenei laguntzea, epe laburrean; ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzea, epe ertainera; eta, epe luzera, lurraldearen etorkizuneko ekonomiari beste bultzada bat ematea, proiektu estrategikoen bitartez eta Europako funtsekin lerrokatuta».

           Era berean, diputatuak aurreratu du aurrekontu horiek Aldundia krisiari aurre egiteko diseinatzen ari den suspertze ekonomikorako urteko planaren zutabeetako bat izango direla. Plan hori datozen hilabeteetan aurkeztuko da. Larrañagak aurreratu duenez, plan honek «departamentu arteko» izaera izango du, «jarduera ekonomiko guztiak» barne hartuko ditu, eta «neurri ekonomikoak zein beste mota batzuetakoak» artikulatuko ditu, «krisiak gehien kaltetutako sektoreetan duen eragina arintzeko, arreta ETEetan eta autonomoetan jarrita», eta, aldi berean, «Gipuzkoako ekonomiaren etorkizuneko oinarriak ezartzeko».

«Erakundeen arteko lankidetzan» eta «lankidetza publiko-pribatuan» sakonduz egingo du, gainera: «Krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri asko hartzen ari dira hainbat erakunde, hala nola Eusko Jaurlaritza, eskualdeak eta udalak, bai eta gizarte- eta ekonomia-eragileak ere. Egoera hau gainditzeko, ezinbestekoa da ahalegin partekatu hori, baina, era berean, inoiz baino eraginkorragoak izan behar dugu baliabide publikoen erabileran, eta ekintza horiek elkarren osagarri eta indargarri izan daitezen lortu behar dugu. Osotasunaren eta herrialdearen ikuspegia behar ditugu».

          Departamentuak gaur aurkeztutako aurrekontuen barruan, «Lurraldearekiko Konpromisoa» programara bideratutako partidak aipatu behar dira (23,5 milioi). Programa horretan sartzen dira, besteak beste, laguntza hauek: ekintzaileei laguntzekoak, langileek enpresetan parte hartzea sustatzekoak, enpresen lehiakortasuna bultzatzekoak, talentua sustatzekoak edo kalterik handiena jasan duten sektoreei zuzendutako laguntza batzuk. Bestalde, 5,5 milioi bideratuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sustatzeko programara, I+G zentroei laguntzea barne; 1,4 milioi nazioartekotzera, batez ere ETEetara; eta 3,9 milioi «Gipuzkoa 4.0: Fabrikazio Aurreratua» programara .

          Partida horiei dagokienez, Larrañagak adierazi du Aldundiak berriro ere apustua egin duela ekoizpen sarea sendotzera eta eraldatzera bideratutako laguntza-deialdiei eustearen alde, nahiz eta bilketan beherakada handia egon, «funtsezkotzat» hartzen direlako. «Berrikuntza, talentuaren kudeaketa, lehiakortasuna… etorkizuna jokoan jartzen duten prozesuak dira, ezberdintasuna markatuko dutenak; horregatik, ezin dugu horietan atzean geratu. Ekonomia aurreratuenak jada prestatzen ari dira pandemia osteko agertokian kokatzeko. Epe ertain eta luzerako funtsezko apustuak dira, eta paper aktibo bat jokatu behar dugu horiek aurrera eramateko.  Krisi hau lurralde gisa aurrez aurre genituen eraldaketak bizkortzen ari da, eta horiei aurre egiten jarraitu behar dugu, inoiz baino indar handiagoz. Gure ekonomiak eta egunerokotasunak erritmoa berreskuratuko dute osasun egoerak hobera egiten duen heinean, eta, ordurako, aurrelanak egin behar ditugu», azaldu du.

          Era berean, proiektu estrategikoek laguntza handia jasoko dute, 33,7 milioiko zuzkidurarekin, Europak pandemia-osteko agertokirako markatutako ildoekin lerrokatuta (digitalizazioa, jasangarritasuna, erresilientzia, eta abar). Partida horretan, besteak beste, MUBIL (16,9 milioi), Adinberri (10,3 milioi), Elkar-EKIN (3,3 milioi), Ziur (1 milioi) edo LABe (0,3 milioi) proiektuak sartzen dira, Euskadi Next planaren barrukoak guztiak ere. Larrañagak adierazi duenez, Gipuzkoak duela urte batzuetatik hona «etorkizuneko plan ongi definitu, sendo eta dibertsifikatu bat» du, eta pandemiaren ondorioz «ez dugu duda egin behar; alderantziz, bide hori sendotu behar dugu, premia koiunturalak eta krisiak kaltetutako pertsona eta kolektibo kalteberenak alde batera utzi gabe, jakina. Momentuko urgentziagatik perspektiba galtzea akats bat izango litzateke”.

Lehen sektorea eta turismoa

Programa nagusien artean daude, halaber, Landa Garapena eta Nekazaritza Egiturak (17,1 milioi), zeinak oso-osorik mantentzen baititu nekazaritza-ustiategietarako laguntza-planak; besteak beste, enpresa-kudeaketa hobetzea edo ekoizpen-gaitasuna handitzeko inbertsioak; mendiko eremuentzako Europako laguntzak; Gazteak Sartzeko Plana (Gazte Plana), zeinak belaunaldi erreleboa bultzatzen baitu, edota nekazaritza ekologikoari laguntzeko programa, ustiategietan ingurumenerako eragin onuragarria eta esanguratsua izatea ahalbidetuko duten ekoizpen metodoak sartzeko konpromisoa hartzen duten ekoizleei zuzendua. Era berean, elkarteekin eta sektoreko eragileekin egindako hitzarmenak finkatu dira, eta baita lurralde orekara eta udalerri txikietara bideratutako neurriak ere, horien artean, banda zabal ultraazkarra hedatzeko egitasmoa.

          Mendien eta Habitaten Kudeaketaren programak, bestalde, 11,8 milioi izango ditu, baso kudeaketa jasangarriaren aldeko apustua buru dela. Basogintza suspertzeko ahaleginak areagotzen jarraitzen dugu, landaketa sustatuz, ustiategietarako sarbideak hobetuz edo makineria eskuratuz. Ekintza berriak ere aurreikusten dira, hala nola dibertsifikaziora, edo basoen kudeaketarako fondo berritzaile bat sortzera –Basotik ekimena- bideratutakoak. Mendiko larreen kudeaketa ere indartuko da, udalekin lankidetzan.

Turismo politikek, bestalde, 3,3 milioiko aurrekontua izango dute, eta hainbat partida, krisiak zuzenean kolpatu duen sektore hau babesteko, susperraldirako prestatzeko eta pandemia osteko fasean hura sustatzeko. Turismo adimendunaren aldeko apustua eta turismo enpresen hub bat sortzea mugarri izango dira arlo horretan.

«Gure gizarte ongizateko ereduak iraun dezan, eta desberdintasunak murrizteko, ekonomia indartsu bat behar dugu ezinbestean. Ekonomiak eman behar dizkigu eredu horren oinarri diren zerbitzu publikoei eusteko baliabideak. Aurrekontu horiek ekonomia lehiakorra sendotzeko ekarpena egingo dute, eta balioa ematen diote nola enpresari, kalitatezko enpleguaren bidez aberastasuna sortzeko eragile nagusi gisa, hala pertsona erdigunean jartzeari», esan du amaitzeko.                

Gobernantza

Ekonomia Sustapeneko batzordearen ostean, Gobernantzakoren txanda izanda. Bertan, Eider Mendoza alorreko diputatua izan da departamentu honetako aurrekontuari buruzko xehetasunak eman dituena. Azaldu duenez, Gobernantzako alorraren zuzkidura 61,8 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino 2,5 milioi euro gehiago (+ % 4,3). Hazkundearen zatirik handiena digitalizaziora eta informatikako inbertsioetara bideratzen da. Esparru honetan, Mendozak gogoratu duenez, Aldundiak ahalegin oso garrantzitsua ari da egiten, “etxe osoaren mailan”. “COVID-19 gaitzaren krisiak sekulako bultzada eman dio digitalizazioari, eta administrazio publikoek bultzada hau aprobetxatu behar dugu”, esan du

Gobernantzako departamentuko gainerako programetan, lan lerro ezberdinek gorako edo beherako alde txikiak dituzte, esparru gehienetan Aldundiak azken urtetan egin duen lanari jarraipena emango baitio. Partaidetzaren zuzendaritzan, datorren urtera begirako aurrekontu irekien proiektua mantentzen da, eta baita ere udalerri eta elkarteei ematen zaizkien partaidetza sustatzeko laguntzak. Bere aldetik, Suaren aurkako babesaren eta Salbamenduaren arloan, Donostiako Udalaren hitzarmenarekin erlazionatutako gastu kredituak mantentzen dira, eta transmisio sare berriak behar duen inbertsioa gauzatzeko finantzaketa jasotzen da.

Funtzio Publikoaren arloari dagokionean, foru langileria berritzeko prozesuari jarraipena emango zaio, lan eskaintza publikoen eta lan poltsen bitartez. Bere aldetik, Zerbitzuen Berrikuntza eta Eraldaketaren esparruan, herritarrekiko komunikazio zuzena eta arreta hobetzeko lanarekin jarraituko da. Aldi berean, foru erakundeak bultzatzen duen gobernantza eredu ireki eta lankidetzazkoa sozializatzeko ahaleginari ere indarra emango zaio. “Pasa den legealditik, erakundea herritarrengana gerturatzeko lanean ari gara, politika publikoetan ahalik eta eragile sozial eta ekonomiko eta herritar gehien inplikatzeko; Etorkizuna Eraikiz da ahalegin honen adibiderik garbiena, eta hau hedatzen jarraitu nahi dugu”, aldeztu du foru diputatuak.

  

1708