“Hondakinen arazoa konpontzeko konpromisoa hartu genuen, eta agindutako betetzen ari gara”
“Hondakinen arazoa konpontzeko konpromisoa hartu genuen, eta agindutako betetzen ari gara”
Markel Olanok diputatu nagusiak Kontsorzioak bihar Gipuzkoako Ingurumen Gunearen proiektuaren lizitazioari emango dion onarpena baloratu du
“Hondakinen arazoa konpontzeko konpromisoa hartu genuen eta agindutakoa betetzen ari gara”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, begi onez ikusi du Hondakinen Kontsorzioak Gipuzkoako Ingurune Gunea proiektuaren lizitazioari emango dion onarpena, biharko batzordean adostea espero dena. Bide honetatik, nabarmendu du foru arduradunak, lurraldeko “hondakinen arazoari osoko irtenbidea ematen diogu”. “Ez du ingurumen arazoa sortzen, baizik eta konpondu egiten du”, defendatu du.
Olano eta Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua, Jose Ignacio Asensio, Donostian agertu dira gaur, aipatutako proiektua martxan jartzearen balorazioa egiteko. Azpiegitura Zubietan egongo da kokatuta, eta lau planta izango ditu: energia balioztatzeko planta edo errauskailua, tratamendu mekaniko-biologikoko beste bat, biometanizazio planta eta zepak balioztatzeko zentroa.
“Behar bati, konpondu gabe zegoen arazo bati erantzuna emateko erronkarekin iritsi ginen Foru Aldundira”, azaldu du diputatu nagusiak, hondakinen aferari erreferentzia eginez. Lizitazioaren onarpenarekin, gehitu du, “berebiziko garrantzia duen pausua” ematen da norabide honetan, bai kudeaketaren ikuspegitik zein ingurune eta ekonomikotik. “Konpromisoa hartu genuen eta gero gure Kudeaketa Estrategiko Planean jaso, azpiegitura hau legealdiko garrantzitsuenen artean kokatuz”, gogoratu du.
Aurreikuspenen arabera, ekipamendua legealdi bukaeran martxan egotea espero da. “Zilegitasun demokratiko osoa du neurriak, 2008-2016 aldirako Gipuzkoako Batzar Nagusien gehiengoaren erabaki exekutatzen baitu, GHHKPO dokumentuan jasoa (Pigrug)”, adierazi du. Gainera, nabarmendu du azpiegiturak ez diela herritarrei gainkosturik ekarriko. “Ez du zerbitzua garestitzen, egungo gastua mantenduko da”, azpimarratu du.
“Berme guztiak” dituen proiektua
Asensiok, bere aldetik, azpiegituraren ezaugarri teknikoak xehatu ditu. Foru diputatuak gogoratu duenez, kudeaketa eredu publiko-pribatua aukeratu da: Kontsorzioak bazkide pribatua kontratatuko du 35 urterako, eta denbora tarte honetan planta eraiki, finantzatu, erabili eta mantenua egin beharko dio. Bazkideak proiektua bere osotasunean finantzatuko du, arriskua bere gain hartuz. Ordainetan, bazkideak sortutako energia ustiatzeko eskubidea izango du eta emandako zerbitzuengatik ordainduko zaio.
“Berme guztiak dituen prozesua da, gardentasun guztiz egingo dena”, azaldu du Asensiok, gogoratuz ekipamenduak teknologia aurreratuenak izango dituela, “Europako herrialde aurreratuenen maila berean”. “Batzuk hondakinak kudeatzeko eredu jasangarria eskatzen dutenean, eredu jasangarri hori Europako eredua dela esaten diegu. Prebentzioan, birziklatzean, konpostajean eta birziklatu ezin diren hondakinen energiaren balorazioan oinarritzen den eredua, hau dena Europak ekonomia zirkularraren arloan ezartzen dituen ildoei jarraiki”, esan du foru diputatuak.
2129