Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour ‘Nagusilan Animazioa’: artea, boluntariotza eta adineko pertsonak konektatzen dituen gizarte berrikuntza

‘Nagusilan Animazioa’: artea, boluntariotza eta adineko pertsonak konektatzen dituen gizarte berrikuntza

• Gipuzkoako Foru Aldundiak, Nagusilanek eta Kutxa Fundazioak aurkeztu dute gaur erreserba digitaletarako plataforma bat, eguneko zentroek, egoitzek eta beste gizarte-baliabideak aukera izan dezaten musika, antzerkia eta beste diziplina artistikoetako emanaldietara gerturatzeko. • Aurkezpena borobiltzen duen lema berria ere aurkeztu da gaurkoan: “Zure artea, euren irribarrea. Egin bat Nagusilaneko boluntariotzarekin”.

‘Nagusilan Animazioa’: artea, boluntariotza eta adineko pertsonak konektatzen dituen gizarte berrikuntza

Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira, ‘Nagusilan Animazioa’ plataforma digital berria aurkeztu dute gaur Aldundian, Maite Peña, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak; Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioaren zuzendariak; eta Joserra Ecenarro, Nagusilaneko presidenteak. Gaurko aurkezpenari zentzua ematen dion lema ere aurkeztu dute: “Zure artea, euren irribarrea. Egin bat Nagusilaneko boluntariotzarekin”.

Berrikuntza soziala

‘Nagusilan Animazioa’ proiektuak helburu argi batekin egin du jauzi: adinekoentzako eguneko zentroen eta egoitzen artean eta animazio artistikoaren adierazpen guztien artean —musika, antzerkia, magia, dantza, ipuin-kontalariak, zirkoa edo malabareak— elkarrekintza sustatzea. Ekimen hau berritzailea da gizarte arloan, eta zentroak eta komunitateko baliabideak talde artistikoekin eta boluntariotza seniorrarekin konektatzen ditu, adinekoak gizartean protagonista aktibo, sortzaile eta solidario gisa sendotuz.

Online erreserben plataforma, dagoeneko martxan dena, hobekuntza fasean dago une honetan, Kutxa Fundazioaren laguntzari esker. Bere funtzionamenduak aukera ematen die egoitzei, eguneko zentroei eta beste gizarte-baliabide batzuei erabiltzaile eta pasahitz baten bidez sartzeko eta erreserbak modu errazean egiteko. Zerbitzu hau doakoa da zentroentzat: emanaldiek ez dute kostu ekonomikorik, boluntarioen joan-etorrien kilometrajearen berezko gastua izan ezik.

Aurrerapen honek jauzi kualitatiboa dakar animazio ekitaldien kudeaketan, izapideak eskuz egitea saihesten baitu, denbora aurrezten du eta erregistro historikoa ahalbidetzen du, etorkizuneko plangintza errazagoa eginez.

Nahi gabeko bakardadearen aurkako tresna

Funtzionamendu operatiboaz haratago, plataformak ikuspegi sozial nabarmena du: animazioa ez da aisialdi hutsa, baizik eta nahi gabeko bakardadearen aurkako funtsezko tresna. Nagusilanek duen esperientziak erakusten du arteak eta konpainiak ongizatea, poza eta motibazioa sortzen dituztela adineko pertsonetan, batez ere ahulezi egoeran daudenengan.

2024an, elkarteak 400 baino gehiagoko animazio-ekitaldi burutu zituen, eta horrek adierazten du ekintza mota honen hedapena eta eskaera gero eta handiagoa dela. Orain, tresna digital berri honekin eta bat datorren komunikazio-kanpainarekin, helburua da ikuspegiak zabaltzea eta adierazpen artistiko mota guztiak jasotzea.

Ekimena Gurutze Gorria, Matia Fundazioa edo Goyeneche Fundazioa bezalako erakundeen lankidetzarekin garatzen da, eta, gainera, belaunaldi arteko parte-hartzea bultzatu nahi du, adinekoen zerbitzura bere sormenaz ekarpena egin nahi duten gazteak erakarriz.

Gipuzkoa osora eskalatzeko bokazioa

Orain arte, ekintza gehienak Donostialdean garatu dira. Orain erronka estrategikoa da Nagusilan Animazioren presentzia Gipuzkoako lurralde guztira zabaltzea. Horrela, Gipuzkoa osoarentzako plataforma bakarra finkatuko litzateke, eta horrek ahalbidetuko luke edozein gizarte-zentrok sarbidea izatea animaziora, kokapena zein den kontuan izan gabe.

Kanpoko taldeak parte hartzeko eta beren emanaldiak plataformaren bidez eskaintzeko, formalki sartu beharko dira Nagusilaneko boluntariotzan. Horrek izen-ematea, boluntario txartela eskuratzea eta elkartearen kode etikoari atxikitzea dakar, baita hasierako prestakuntza bat egitea ere.

Maite Peña: “Garrantzitsua da berrikuntzaren bitartez, kultura eta artea adinekoengana gerturatzea, beraien bizitza osoa eta betea izan dadin, eta nahi ez den bakardeari aurre egiten jarraitzeko”

Maite Peña diputatuak adierazi du gaur, Adinekoen Nazioarteko Eguna dela-eta, Aldundiak duen konpromisoa berretsi nahi duela gaur egun dugun gizartea eraiki duten pertsonekin: “Gipuzkoa eraldaketa demografiko sakon batean murgilduta dago, eta horrek gure arreta handitu eta adinekoenganako zaintza berritzaileagoa izateko beharra planteatzen digu. Dakizuen bezala, zaintza ereduaren eraldaketan bete-betean gaude. Bidean, kultura eta artea aliatu ezinbestekoak dira, bizitzako etapa guztietan gozatu, ikasi, sortu eta partekatu behar dugula gogorarazten digutelako. Bizitza osoa bermatzea eta adinekoen ongizate integrala zaintzea, zalantzarik gabe, gizarte gisa ditugun erantzukizun kolektibo handienetakoak dira”.

“Proiektu honetan egindako lana baloratu nahi dut, gizarte-berrikuntza, boluntariotza eta sormena uztartzen dituelako adinekoen bizitza hobetzeko. Eta, bereziki, eskerrak eman nahi dizkiot Nagusilani, egunero-egunero egiten duen lan nekaezinagatik: behar gehien dutenekin egotea, nahi gabeko bakardadearen aurka borrokatzea eta adinekoei bide berriak irekitzea, besteak beste. Gure komunitatean protagonista aktibo eta solidario izaten jarrai dezaten laguntzen diete adinekoei, ahots propioarekin”.

Ander Aizpurua: “Nagusilan Animazioarekin aurrerapauso garrantzitsu bat ematen dugu. Plataforma hau ez da soilik baliabide teknologiko bat, baizik eta benetako zubia.”

Bere aldetik, Ander Aizpuruak nabarmendu du: “Gaur, Nagusilan Animazioarekin, urrats bat gehiago ematen dugu. Plataforma hau ez da tresna digital soil bat. Zubi bat da. Artisten, boluntarioen eta adinekoen zentroen artean zubi bat; kulturaren eta zaintzaren artean, talentuaren eta samurtasunaren artean. Eta hori guztia oso baliotsua den zerbaitekin egiten du: dohainik, konpromiso eta bihotzez.

Tresna berri honi esker, egoitza eta eguneko zentro gehiagok izango dute erraztasun handiagoz sarbidea irribarreak, emozioak eta oroitzapenak pizten dituzten emanaldietara. Eta hori da, azken finean, gu mugitzen gaituena: gure lurraldeko adinekoen bizitza hobetzea.

Kutxa Fundazioan irmoki sinesten dugu gizarte bat sendoagoa dela hura eraiki dutenak zaintzen dituenean. Horregatik jarraituko dugu horrelako proiektuak babesten, pertsonak erdigunean jartzen dituztenak, artea eta elkartasuna, berrikuntza eta gertutasuna uztartzen dituztenak.”

Joserra Ecenarro: “Etorkizunean, talde gehiago eta zentro gehiagotan egon nahi dugu, gero eta adineko gehiagok Nagusilanen poza eta konpainia senti dezaten.”

Azkenik, Joserra Ecenarrok omenaldi hunkigarria egin nahi izan die Nagusilaneko lehen animazio taldeak martxan jarri zituzten pertsonei, eta artista zein boluntario berriak gonbidatu ditu proiektu kolektibo honetara bat egitera: “Ekimen honek Jose Mari Soroaren lan aitzindarian du sorburua; haren ibilbidea Gipuzkoako Foru Aldundiak aitortu zuen, 2018an Boluntariotza Saria emanez.

Orain, Nagusilanen 30. urteurrena ospatzen dugun honetan, bihotz-bihotzez eskertu nahi diegu bere bidea jarraitu duten guztiei, boluntariotzan murgilduz eta gure egoitzetan eta eguneko zentroetan hainbeste onura ekarri duen animazioaren espiritu hau bizirik mantenduz.

Etorkizunari begira, kalitatezko jauzi bat eman nahi dugu: animazio talde kopurua handitu eta gure presentzia egoitzetan eta eguneko zentroetan are gehiago zabaldu, gero eta adineko gehiagok Nagusilanek transmititzen duen poza, konpainia eta bizitasuna gozatu ahal izan dezaten.”

Komunikazio-kanpaina ofizialaren lelopean antolatuta dago:

  • Gaztelaniaz: “Tu arte, su sonrisa. Súmate al voluntariado de Nagusilan.”
  • Euskaraz: “Zure artea, euren irribarrea. Egin bat Nagusilaneko boluntariotzarekin.”

  

2433