“Zibersegurtasun industriala garatzeak ekonomia berria esan nahi du, kalitatezko enplegu berria”
“Zibersegurtasun industriala garatzeak ekonomia berria esan nahi du, kalitatezko enplegu berria”
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok lan bilera bat izan du Carlos Abadekin, ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko zuzendariarekin.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok lan bilera bat izan du, gaur, ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko zuzendariarekin, egoitza berria Donostian azaroaren 15ean ireki aurretik. Topaketan parte hartu du, orobat, Proiektu Estrategikoetako diputatu Ainhoa Aizpuruk, eta baliagarria izan da Abad buru duen entitateak orain arte aurrera eramandako jarduera aztertzeko, baita Zentroak datozen hilabeteetan garatuko duen ekintza-plana ere gertu-gertutik ezagutzeko.
Bileraren ondoren, diputatu nagusiak, alde batetik, gogorarazi du ezen, Gipuzkoako industria “sekulako indarrarekin” aurre egiten ari zaiela ekoizpen eta kudeaketa sistemen “digitalizazioarekin” lotutako desafioei. “Horrek abantaila ugari sortzen ditu, baina baita zenbait mehatxu ere, segurtasunaren kontua, besteak beste. Horregatik, zibersegurtasunaren erronkak hil edo bizikoa dirudi gure enpresen eta gure ekonomiaren lehiakortasunerako”, azpimarratu du Olanok. Beste alde batetik, diputatu nagusiak azpimarratu nahi izan du gure lurraldeak “lehen mailako ahalmena” duela arlo horretan, hauei esker: nazioartean “oso ondo kokatutako” zibersegurtasun enpresak, teknologia eta ikerketa zentro “erreferentzialak”, eta balio teknologiko handiko start-upak, “balio nagusitzat” dituztenak berrikuntza eta sormena”.
Industria sektore “indartsu” horrentzako bultzada berri bat egituratzeko asmoz, ZIUR Zentroak hamar egun barru irekiko ditu bere ateak. ZIUR Fundazioa aktibo egon den hamabi hilabete honetan, proiektuaren berri eman zaio lurraldeko ehun sozioekonomikoari –unibertsitateak, prestakuntza eta teknologia zentroak; ikaskuntzako eragileak, garapen agentziak, elkarteak eta klusterrak; zibersegurtasun zerbitzuen fabrikatzaile, banatzaile eta hornitzaileak–; gainera, in situ ezagutu ditu zibersegurtasuneko 10 laborategi baino gehiago.
Sektore berriak, ekonomia berria
Zentro fisikoak 250 metro karratuko espazio bat izango du, honela diseinatutako bi lan-eremutan banatua: bata, gaikuntzara eta sentsibilizaziora bideratutako jarduerak egiteko; bestea, industria-zibersegurtasunean esperimentatzeko, eta ezagutza sortzeko, behatoki baten eta laborategi baten bitartez. Egoitza irekitzeko ekitaldian parte hartuko dute ZIUR inguruan eraikitzen ari den ekosistemako ehun bat eragilek, hasi lurraldeko industriatik, eta Gipuzkoako administrazio publiko nagusietaraino.
Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, ZIUR sortzen da Etorkizuna Eraikiz programatik, zeinaren helburua baita Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei erantzutea, lurraldeko ekonomia eta gizarte ehunarekin lankidetzan. “Zibersegurtasun industrialaren garapenari laguntzeak esan nahi du ekonomia berriaren sorrera sustatzea, kalitatezko enplegu berriarena”, laburbildu du.
2212