Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 1,3 milioi bideratuko dira 2019an Gipuzkoako industriaren 4.0 eraldaketa babesteko

1,3 milioi bideratuko dira 2019an Gipuzkoako industriaren 4.0 eraldaketa babesteko

Produktu eta zerbitzuen garapenerako, eta bono teknologikoen deialdiak onartu ditu gaur Diputatuen Kontseiluak.

2019/02/19

Diputatuen Kontseiluak Industria 4.0 bultzatzearekin zerikusia duten ekonomia berpizteko dirulaguntzen deialdiak onartu ditu: batetik, produktuak eta zerbitzuak garatzekoak, 900.000 euro; eta, bestetik, bono teknologikoei dagozkienak, 450.000 euroko inbertsioa izango dutenak. Lehena 2016an abiarazi zen, eta xede ditu inguru horretan jada lanean ari diren enpresak, hots, Industria 4.0ren Fabrikazio Aurreratuaren merkaturako produktu, ekipamendu eta tresna berriak garatzen ari direnak.

Bono teknologikoen programari dagokionez, iaz diseinatu zen, garapen agentziekin lankidetzan, enpresa txiki eta ertainak ere gerturatze aldera Fabrikazio Aurreratuan eta Industria 4.0 modeloan sartzen diren teknologia berrietara. Imanol Lasa foru bozeramaileak programa lurraldeko enpresa txikiaren laguntza integralean sartu du. Izan ere, enpresa txikiak enpleguaren % 40tik gora biltzen du. Pisu hori bereziki begien bistakoa da industrian. Gipuzkoan, 900 industria enpresa txiki eta ertain baino gehiago daude, guztira 31.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituztenak, Gipuzkoako industriaren enplegu osoaren ia erdia. Gainera, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen % 53k 25 urte baino gehiago dute.

«Haien beharrei modu bateratuan erantzutea, haien bideragarritasuna, lehiakortasuna eta jarraipena indartzea, profesional kualifikatuen sarrera erraztea eta haiekin batera berrikuntzaren aldeko apustua egitea, horra Gipuzkoaren etorkizunerako giltzarriak», esan du Lasak. Orobat nabarmendu du industriaren sektoreari laguntzea «herrialde estrategia bat» dela, Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren eskutik aurrera daramana, Gipuzkoako ehun ekonomikoaren errealitatera egokituz eta lurralde adimentsua bihurtzeko bidea erraztuz (Smart Gipuzkoa), EIKTak aplikatuz eta 4.0 Industria eta enpresa zerbitzu aurreratuak sustatuz. 

Foru bozeramailea industria aurreratua edukitzen jarraitzearen alde agertu da, oinarrizkoa baita «duen pisuarengatik eta gainerakoak bultzatzeko duen gaitasunarengatik, aberastasuna eta enplegua sortzeko motor nagusia eta Nazioartekotzearen eta I+G+Bren palanka nagusia denez gero. Ezinbestekoa da Gipuzkoaren sendotasunerako». Laguntzek aintzat hartzen dute fabrikazio aurreratuago baten aldeko eboluzioa; fabrikazio eraginkor bat, jasangarria, teknologia berriak eta materialak gehitzen dituena, baina orobat diseinuaren berrikuntzan zentratzen dena, komertzializazioan, negozio modeloetan eta kudeaketa sistemetan. «Aldundiak jarraitu behar du izaten eragile bat Gipuzkoako enpresei hobeak izaten laguntzen diena, produktu eta zerbitzu berriak sor ditzaten, eta, laburbilduz, gure ekonomiaren etorkizuneko erronkei aurre egin diezaieten, kalitatezko enplegua delarik, betiere, jomuga», esan du.

2018. urtean, produktuak eta zerbitzuak garatzeko deialdiak 20 proiektu martxan jartzea ahalbidetu zuen. Bono teknologikoen deialdiarekin, berriz, 55 enpresak egin zuten bat: 12 mikroenpresa, 32 txiki, eta 11 ertain.

Nazioarteratzea

Bestalde, enpresen nazioartekotzea bultzatzeko diru-laguntza deialdia onartu du Kontseiluak, bi lan ildo nagusirekin: enpresek produktu berriak nazioarteko merkatura eramateko, eta atzerrian jabegoaren zatirik handiena mantentzen duten enpresa filialak sortu, handitu edo erosteko ekintzak sustatzeko. Horretarako 1.000.600 euro bideratuko ditu 2019an, iazko kopuru berdina. Hala, lurraldeko enpresei kanpo-merkatuetara zabaltzen laguntzen jarraituko du Foru Aldundiak.

“Gero eta enpresa txiki eta ertain gehiago murgiltzen dira gaur egun nazioartekotze proiektuetan”, azpimarratu du foru bozeramaileak. Horietako askok, adierazi duenez, “zailtasunak” izaten dituzte merkatu berriak ezagutu eta “gero eta konplexuagoa den testuinguru batean” operazioetan parte hartzeko: “Merkatua gero eta lehiakorragoa denez, gure babesa eskaini nahi diegu nazioarteko presentzia indartu dezaten eta atzerriko negozioa zabaldu dezaten, lehen pausoetan batez ere, horiek izaten baitira sarritan zailenak”, aipatu du.  

Mugikortasun elektrikoa

Era berean, Kontseiluak oiniritzia eman die Smart Mobility Industry programako diru-laguntzei, 925.000 eurorekin hornituta egongo direnak. Gipuzkoako enpresaren eraldaketa bultzatzea du helburu deialdiak, bere jarduera elektromugikortasun eta energia biltegiratze sektoreetako negozio esparru berrietara bideratuz. Enpresa berrien sorrera bultzatu nahi da, baina baita egun dagoen enpresa ehuna babestu ere, dibertsifikaziorako eta erronka eta behar berriei aurre egiteko duten gaitasuna indartuz; horretarako sustatuko dira etorkizuneko irtenbideak diseinatuko dituzten profesionalen gaitasunak, enpresa ehun berri baten sorkuntza eta inbertsioaren eta talentuaren erakarpena

Mugikortasun jasangarria da proiektu estrategikoetako bat Etorkizuna Eraikizen barruan. Estrategia bat garatzen ari da Aldundia sektoreko hainbat eragilerekin elkarlanean, Gipuzkoa nazioarteko erreferente bezala indartzeko mugikortasun elektriko eta energia biltegiratzearen alorrean. “Sekulako etorkizuna dauka sektore horrek, aukera asko irekitzen baititu; besteak beste, ekonomia hazteko, enpresa-masa kritikoa sortzeko, enplegu berriak sortzeko, gaitasun berriak lortzeko, eta gaur egungo industria-ehuna eraldatzeko. Joan den urtean, 20 proiektu babestu zituen foru erakundeak deialdi honen eskutik.

Lehen sektorea

Gipuzkoako nekazaritza ustiapenen aldeko landa garapeneko urteko laguntzak onartu eta deialdiak irekitzea erabaki du, azkenik, gaurko Kontseiluak. Lehen sektorera bideratutako bi deialdi aurkeztu ditu: mendi zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan dauden nekazaritza ustiapenetako titularrei zuzendutakoa batetik, eta bestetik, nekazaritza ingurumenaren eta klimaren arloko, eta nekazaritza ekologikorako laguntza. Bien artean, 4.225.000 euro bideratuko dira guztira.

Lehen sektorearen egitura indartzeko helburua dute diru-laguntza hauek, Aldundiak garrantzizkotzat jotzen baitu sektorea garatzea. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Enplegua eta kalitatezko produktuak sortzen dituen sektorea da. Horregatik, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du gure baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jartzea”, azaldu du Lasak. Laguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko 2015-2020 Programan (LGP) jasota daude. Hori horrela Landa Garapenerako Nekazaritzako Europar Funtsetik (FEADER), % 75ean finantza ditzake Europar Batasunak.

Mendi nekazaritzako zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan lan egiten duten nekazariei laguntzeko, 3.000.000 bideratuko dira guztira. Ustiapenetako titularrei zuzendutako kalte ordain orekatzaile gisa planteatzen dira laguntza hauek, dauzkaten mugengatik.  Modu honetan, balio natural handiko nekazaritza sistemak eta paisaien egoera berreskuratzen, zaintzen eta hobetzen laguntzen da, eta nekazaritzarako lurzorua eta hari lotutako ekosistemak eta paisaiak babestu. Lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren %90 kudeatzen du. Beraz, berebiziko garrantzia du Lurraldearen kontserbazioaren eta kudeaketaren ikuspegitik.

Nekazaritza ingurumenaren, klimaren eta nekazaritza ekologikoaren diru-laguntzei dagokienez, beraien ustiapenetan ingurugiroan eragin mesedegarria eta adierazgarria edukiko duten metodoak ezartzeko konpromisoa hartzen duten ekoizleei zuzentzen dira. Bioaniztasuna erraztu, eta natur eremua errespetatzen duten ekoizpen sistemak eta praktikak bultzatzen dira pizgarri horien bitartez. Lan ildo desberdinak hartzen ditu deialdiak bere baitan: ekoizpen integratua, Euskal Herriko sagardoetarako sagarrondoen tokiko barietateak kontserbatzea, bertako abere arrazen kontserbazioa, erlezaintza, biodibertsitatea hobetzea, mendiko larreen aprobetxamendua kudeatzeko neurriak, eta nekazaritza ekologikoaren mantenua edo konbertsioa.
  

1242