Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 19 gaztek ekingo dute lehen sektorean, Aldundiaren laguntzarekin

19 gaztek ekingo dute lehen sektorean, Aldundiaren laguntzarekin

Etorkizuneko baserritarrek eta Eider Mendoza diputatu nagusiak lehen sektorearen erakargarritasunari eta horrek herritarren ongizate integralean duen eraginari buruz hitz egin dute Zarauzko “Ongizatearen Plazan”.

2025/07/10
Gaztenek

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldearen ongizate integralari buruzko hausnarketak partekatzeko asmoz Zarautzen prestatu duen “Ongizatearen Plaza” guneak GazteNek programaren baitan lehen sektorean ekiteko asmoa duten 19 gazte eta haren formatzaileak, hartu ditu gaur. Beren esperientzia pertsonaletik abiatuta, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiarekin, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin eta Arantxa Ariztimuño Nekazaritzako foru zuzendariarekin partekatu dute jarduera horren erakargarritasuna, bai eta aurre egin beharreko erronkak ere, besteak beste, belaunaldi errelebo falta.

Hain zuzen ere, erronka horri erantzuteko asmoz sortu zen GazteNek programa, aurten 21. edizioa beteko duena, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru Foru Aldundien eskutik. 2005etik gaur arte, 362 gipuzkoar baino gehiago prestatu dira ekimen horren barruan, beren familia-ustiapenaren kudeaketa beren gain hartuz edo nekazaritza eta abeltzaintzako proiektua abian jarriz. Gipuzkoan programa horren esparruan hasitako proiektuen % 90ek bizirik jarraitzen dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 842.907 euro bideratu ditu aurten ekimen horretara, bost urtez gazteei laguntza tekniko profesionala emateko. Denbora horretan, prestatzaile batekin lan egiten dute beren enpresa-proiektua garatzeko eta ezartzeko.

Programaren edizio honetan parte hartzen duten 19 gazteetatik lau lehen aldiz sartzen dira sektorean, eta gainerako hamabostak prestatzen ari dira beren familia-proiektuaren lekukoa hartzeko. 21 eta 38 urte bitarteko gazteak dira, lurraldeko hainbat tokitatik etorriak: Aizarnazabal, Antzuola, Azpeitia, Beasain, Getaria, Hernani, Hondarribia, Ikaztegieta, Itsasondo, Zaldibia, Zestoa eta Zumaia.

Aurkeztutako proiektuei dagokienez, haragitarako behiak haztera bideratutakoak nabarmentzen dira bereziki, eta horiei esnetarako behien abeltzaintzarekin, ardien hazkuntzarekin, erlezaintzarekin, txanpiñoien laborantzarekin, mahastizaintzarekin, frutagintzarekin eta erruteko hegaztiekin lotutakoak gehitzen zaizkie.

Gipuzkoako foru diputatu nagusiak adierazi duenez, belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea da lehen sektoreak Gipuzkoan eta Euskadin duen “erronka garrantzitsuenetako bat”, eta, beraz, GazteNek programaren eta haren onuradunek egiten duten lana “ezinbestekoa” da landa ingurunearen “etorkizunerako”. “Espazio naturalak zaintzen egiten duzuen ekarpenaz gain, jarduera ekonomikoa dinamizatzeaz gain, zuen lanarekin elikadura osasungarria eta jasangarria eskaintzen diozue gizarte osoari, eta zuen lanarekin gure lurraldearen ongizateari ekarpen erabakigarria egiten diozue”, adierazi die diputatu nagusiak etorkizuneko baserritar gazte hauei.

Mendozak gaineratu du “Gaztenekek laguntza eskaintzen die testuinguru ekonomiko zail batean apustu pertsonal eta profesionalak erabakitasun handiz eta berrikuntza dosi handiekin egiten ari diren gazteei”. Hala, adierazi duenez, “gure lurraldeari ekarpen hori egiten dionak errekonozimendu eta ordainsari justua merezi du bere lanagatik”, eta, horregatik, berretsi du Aldundiak konpromisoa hartzen duela “lehen sektoreko pertsonak babesten jarraitzeko, bereziki gazteak”, ez soilik programa horren bidez laguntzeko, baizik eta belaunaldien arteko erreleboa eta etorkizuneko proiektuak modu berritzailean bermatzeko.

Diputatuak berak dinamizatutako hitzaldian, GazteNeken parte hartzen duten gazteek hartu dute hitza, eta positibotzat jo dute Aldundiaren ekimena. Daniela Gurau, lurraldean aguakatea hazteko proiektu batean lan egiten duen gaztea. Adierazi duenez, “GazteNeken laguntza ezinbestekoa izaten ari da inbertsioei aurre egiteko, beharrezko kudeaketak egiteko eta proiektua formalizatzeko”. Sektorean berria da, urteak daramatza fruta hori landatzen esperimentatzen, eta orain eskala handiagoko ekoizpenera jauzi egin nahi du. Ildo horretan, “programa honi esker zentzu guztietan lagunduta sentitzen naiz, niretzat amets bat zen ideia bat egia bihurtuz”.

Mattinek eta Inaxiok ere positibotzat jo dute programa. 2019an, Mattinek Balerdipeko Erleak jarri zuen abian, erlezaintzako proiektua, eta, aurrerago, Inaxio gehitu zitzaion, lanbidez sukaldaria. Inaxio sartzea funtsezkoa izan da jarduera dibertsifikatzeko, eta produktu berriak bultzatzeko, hala nola ezti pralinea edota larruazala zaintzeko kremak garatzea.

“Kasuak gazte horien sektoreak bezain askotarikoak dira”, adierazi du Amaia Agirre Lurgintzako formatzaileak. Hala, Beñat, adibidez, bere ibilbide profesionalari buelta bat ematea erabaki duen beste GazteNek bat da, tailerreko monoa utzita, anaiarekin batera familia proiektuan aritzeko. Biak inbertsio berriak egiten ari dira esne behien ustiapena handitzeko. Ildo horretan, Amaiak laguntza eta aholkularitza prozesuaren garrantzia azpimarratu du, “ez bakarrik proiektua gauzatzeko, baita babes mekanismo gisa ere”. Imanol Arrieta Abelurreko formatzaileak gaineratu duenez, “bidean sor daitezkeen arazoak konpontzen laguntzeko gaude”.

Elikadura jasangarria, teknoadikzioak eta euskal musika kultura Ongizatearen Plazan

Aurtengo Gaztenek gazteekin egindako saioaren ondoren, Jakoba Errekondok “Ongizatearen Plaza” espazioa hartu du. Paisajista, agronomo eta agroekologian adituak elikadura arduratsu eta jasangarri baten gakoak azaldu ditu solasaldi ireki batean, herritarren ongizatea bermatzeko, eta, aldi berean, gure lurralde oreka berdea zaintzeko eta tokiko ekoizpena babesteko.

Arratsaldean, “Altxa Burua” ekimenaren sustatzaileek hartuko dute hitza, mugikorren eta teknologia digitalen erabilerak gazteen ongizatean duen eraginaz sentsibilizatzeko.

Gipuzkoako “Ongizatearen Plaza” arratsaldeko 20:00tan itxiko da Miren Fernandez, Aitor Furundarena eta Antxon Sarasuaren musika saioarekin. Bertan, euskal musika herrikoia eta euskal kantak izango dira entzungai.

Informazio gehiago hemen: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ongizatearen-plaza/zarautz

  

7490