Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 400 ikasletara iritsi da Ogasunak unibertsitateetan abian jarri duen zerga mintegia, bere lehen urtean

400 ikasletara iritsi da Ogasunak unibertsitateetan abian jarri duen zerga mintegia, bere lehen urtean

UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Tecnunek Gipuzkoan dituzten egoitzetan egin da ekimena 2017an zehar

2017/11/27

400 ikasletara iritsi da Gipuzkoako foru Ogasunak lurraldean egoitza duten unibertsitateetan martxan jarri duen zerga mintegia, bere lehen urtean. Foru erakundeak abian jarri duen gizarte kontzientziazioa hedatu eta zerga iruzurrari zilegitasuna kentzeko estrategiaren testuinguruan kokatzen da ekimena, eta UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Tecnunek lurraldean dituzten zentro ezberdinetan garatu da. “Ez dugu balioan jartzen ezagutzen ez duguna, eta balioan jartzen ez duguna ez dugu gero babesten. Horregatik, oso garrantzitsua da gure sistema publikoa eta bere funtzionamendua gizarteratzea xede duten ekimenen bitartez eragiten jarraitzea”, esan du Markel Olano diputatu nagusiak gai honen harira. 
Mondragon Unibertsitatean egin den zerga mintegiaren azken saioan hartu du parte gaur arratsaldean Olanok. Ikastaroaren azken jardunaldia foru jauregian bertan egin da, eta Oñati eta Irunen ikasten duten Enpresagintza fakultateko 130 ikasle inguru bertaratu dira. Diputatu nagusiaz gain, Ogasun eta Finantza foru diputatu den Jabier Larrañaga eta Zerga eta Finantza Politikako zuzendari den Bittori Zabala ere bertan izan dira, mintegian zehar irakasle lanetan dabiltzan beste hainbat foru teknikarekin batera. 
Gipuzkoako foru Ogasuna aitzindaria izan zen zerga heziketa lurraldeko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikastetxetara eramaten, orain EAEko gainerako lurraldeetara hedatu den ekimena. 2017an, Gipuzkoako foru erakundea pausu bat haratago joan da, unibertsitate arlora iritsiz. “Zerga iruzurraren aurka egiazko aurrerapausoak eman eta zilegitasuna kentzeko modu bakarra, gure sistema publikoari buruzko ezagutza zabaltzea da. Zerbitzu publikoak dira gure ongizate sistema sostengatzen duen zutabea, nahiz eta askotan ez garen izaten honen jakitun”, adierazi du Olanok.  
Diputatu nagusiak gogoratu duenez, Aldundia ahalegin berezia egiten ari da zerga iruzurraren aurkako borrokaren alorra indartzeko legealdi honetan, “bai giza baliabideei zein baliabide tekniko eta teknologiko berriei dagokienean”. Hala ere, azpimarratu du “jauzi kualitatibo handia” gizarte osoa honen jakitun egitean emango dela. “Gure sistema publikoaren eta, hedapenez, gure ongizate mailaren defentsa, guztioi dagokigun kontua da. Ideia honen gizarteratzean inbertitzea, beraz, gure ospitale eta hezkuntza publiko, gizarte zerbitzu eta errepideen artapenaren etorkizuna bermatzeko modurik eraginkorrena da”, azaldu du.
Zerga mintegiaren edukiari dagokionean, gaitegiak EAEko sektore publiko guztiari egiten dio errepaso. Bederatzi ordu inguru irauten du, baina betiere unibertsitate bakoitzaren beharretara moldatzen da. Horrela, ikastaroan zehar, ikasleek zeresan handia ematen ari diren Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa bezalako kontzeptuak ezagutzeko aukera dute. Jorratzen diren beste gaien artean, euskal zerga sistema eta bere ezaugarri nagusietan sakontzen da, eta baita euskal erakunde bakoitzak dituen egiteko eta eskumenetan ere. Gipuzkoako foru Ogasuneko teknikariak eta zuzendariak dira mintegi honetako irakasleak, eta Ogasun eta Finantzetako diputatuak berak ere parte hartu ohi du ikastaroaren azken egunean. 

  

1906