Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 700.000 euroko laguntzak, gizarte antolatua eta udalak etorkizunaren eraikuntzan inplikatzeko

700.000 euroko laguntzak, gizarte antolatua eta udalak etorkizunaren eraikuntzan inplikatzeko

Gipuzkoa Taldean proiektuen dirulaguntzak onartu ditu Kontseiluak, Herritarren Proiektuak eta Udal Etorkizuna Eraikiz sustatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu ditu 2022 urterakoa Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoa Taldean proiektuen programaren dirulaguntzak. Guztira, 700.000 euro bideratuko dira arlo honetara. “Laguntza hauek lurraldeko gizarte antolatuari sake librean eginiko eskaintza bat dira, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen etorkizuneko agendan inplikatu daitezen”, azaldu du Eider Mendoza, foru erakundearen bozeramaileak. Programa bi dirulaguntza lerrotan zatitzen da: batetik, Herritarren Proiektuak, Gipuzkoak dituen etorkizuneko erronkei erantzuna emateko planteatzen diren proiektu berritzaileak, eragile ekonomiko eta sozialek bultzatutakoak (500.000 euro); bestetik, Etorkizuna Eraikiz, lankidetzazko gobernantzaren arloan esperientziak gauzatzera zuzendutako udal proiektuak edo tokiko laborategiak (200.000 euro).

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan iragarri laguntza deialdi honen onarpena. Herritarren Proiektuak lerroari helduta, nabarmendu  du “Gipuzkoarron izaera komunitarioan sakontzeko ekimenak” direla, eta lurraldeko gizarte antolatuari zuzendutako dagoela. Guztiak ere, hiru esparru zehatzetan dinamika berriak eta berritzaileak sortzea izango dute helburu: gobernantza publiko kooperatiborako eredu berriekin lotura duten proiektuak; lurralde-garapen komunitarioko proiektuak, jarduera komunitarioa eta komunitatea eraikitzeko ikuspegia sustatzera bideratuak; eta gazteen parte-hartzeari zuzendutako proiektuak.

“Guztiok elkarrekin Gipuzkoako gizarteak etorkizunean izango dituen erronkak hautematea eta horiei aurre egiteko modua diseinatzea, askotariko eragileekin lankidetzan eta esperimentazioan oinarrituta. Horixe da, finean, Etorkizuna Eraikiz foru programaren xedea”, gogoratu du Mendozak. Helburu hori lortzeko bidean abian jarritako lan lerroen artean kokatzen da 2016tik, besteak beste, herritarren proiektuak garatzeko diru-laguntza deialdia. Gaineratu duenez, 2016tik hona, guztira 125 egitasmo esperimental sustatu ditu foru erakundeak urte hauetan guztietan.

Bestalde, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan, udalek aurkeztutako proiektuak finantzatu nahi dira. Hemen ere, lankidetzazko gobernantzaren arloko esperientziak gauzatzera bideratuta daude laguntzak, ikaskuntzako eta esperimentazioko tokiko laborategi gisa. “Tokiko laborategi horiek entrenamendu-gune izan nahi dute, udalbatzak, enpresek, erakunde zibilek, aditu-ezagutzako erakundeek eta udalerriko herritarrek ikaskuntza eta lankidetza funtzionatzeko modu nagusi gisa erakundetu ditzaten. Helburua da lankidetzazko gobernantzako ereduak bultzatzea eta garatzea toki mailan udalen eskumeneko eremuren batean edo batzuetan (kultura, kirola, gazteria, hirigintza, ingurumena...)”, sakondu du.

Era berean, deialdi honen helburua da Gipuzkoako udalerrien eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza ingurune bat eratzea, Etorkizuna Eraikiz ekimenean oinarritutako ikaskuntza komunitate bat sortu ahal izateko. Sare hau pasa den urtean sortu zen, eta gaur gaurkoz 12 udalerri ari dira parte hartzen Udal Etorkizuna Eraikiz ekimenean: Andoain, Azkoitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Legazpi, Oñati eta Zarautz. Hala ere, Mendozak nabarmendu du dirulaguntza deialdia udalerri guztiei dagoela zabalduta, “izan orain arte Udal Etorkizuna Eraikizen parte hartzen ari direnak edo lehen aldiz proiektura gerturatzea nahi dutenak”.

Bi laguntza lerroak aurkeztuta, Mendozak azaldu du kasu honetan dirulaguntza deialdiaren bidez, Etorkizuna Eraikiz hedatzen jarraitzen ari dela Aldundia. “Beti esan ohi dugun bezala, Etorkizuna Eraikizen nahia delako ahalik eta herritar eta eragile gehienengana iristea; ahalik eta pertsona eta eragile gehien inplikatzea, gure lurraldearen etorkizunaren eraikuntzan”, esan du. “Horixe baita hainbeste aldiz aipatzen dugun gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoa: partaidetza sustatzea eta elkarlanean aritzea. Ikuspegi horrekin jarraituko dugu Etorkizuna Eraikiz bultzatzen eta zabaltzen”, osatu du.

 

Lehentasunezko jarduerak

Bestalde, bigarren gai bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak urtero onartu ohi dugun lehentasunezko mezenasgo jarduerei buruzko dekretua onartu du. “Hau da, lurralde ikuspegitik, interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren mezenasgo jardueren zerrenda egiten dugu urtero”, azaldu du Mendozak. Lehentasunezko jarduera horiei egiten zaizkien ekarpenek, gero, zerga hobariak izaten dituzte: %30eko hobaria PFEZan; eta Sozietateen gaineko Zergaren kasuan ekarpena gastu bezala hartzen da eta %18ko hobaria ezartzen da. “Honela, fiskalitatean dugun eskumena zukutuz, Gipuzkoarentzako onuragarriak diren politika eta ekintzak bultzatzen ditugu”, gaineratu du.

Lehentasunezko jarduerak zazpi multzo handitan sailkatzen dira. Lehenik, gizarte politiken esparruan: desgaitasun edo bazterkeria arriskuan daudenen gizarteratzea; mendekotasun, desgaitasun edo bazterketa egoeran daudenei laguntza formula berriak; ikerkuntza eta berrikuntza; eta komunitatearen erantzukizuna eskatzea gizarte arloko behar berriei erantzun ahal izateko. Bigarren arloa kirolarena da, eta hemen alor hauek zehazten dira: eskola kiroleko jarduerak; Gipuzkoako elkarte, selekzio eta kirolariek txapelketetan parte hartzea (izaera ez profesionala dutenak); kirol ekintzen sustapena; emakumea kirolean sustatzea; egokitutako kirola; eta irabazi asmorik gabeko elkarteek garatutako programak goi errendimenduko kirola sustatzeko.

Hirugarrenik, kulturaren esparruan, nazioarteko kultur proiektuen prestaketa jasotzen da. “Atal honetan, kontutan hartu badagoela beste Foru Arau bat, espresuki kultur mezenasgoa arautzen duena”, gogoratu du bozeramaileak. Laugarren lerroa Nazioarteko lankidetza da, eta hemen azpilerro hauek aurreikusten dira: giza eskubideak defendatzea; maila ekonomiko, sozial edo politikoan genero berdintasuna defendatu eta sustatzea; eta ingurumenaren eta bizitzeko eraren jasangarritasuna defendatzea. Bosgarrenik, euskararen esparrua: euskararen erabilera soziala sustatzeko programak; IKT erabili edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak; tokiko hedabideak; euskara sustatzeko ekintzak arlo sozioekonomikoan; eta euskal ahozko ondarearen berreskuratzea.

Seigarren atala, sustapen ekonomikoa eta berrikuntzarena da: ikerketa eta esperimentazio lana garatzen edo ahalbidetzen duten jarduerak hainbat arlotan (nanozientziak, fabrikazio aurreratuko ikerketa jarduerak, adimen artifiziala, energia berriztagarriak, zibersegurtasuna, pertsonen zahartzea, elektromugikortasuna…); enpresa ekintzailetzaren kultura eta nazioarteko enpresa lankidetzarena sustatzeko jarduerak; bizitza osoko ikaskuntza sustatzeko jarduerak; UPV/EHUren «Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren astea»; “Ekonomia zirkularraren” estrategian bildutako ekimenak (diseinu ekologikoa, ekonomia funtzionala, berrerabilpena…); eta Gipuzkoan terapia aurreratuak eta konputazio kuantikoa azkarrago ezartzea helburu duten jarduerak. Azkenik, zazpigarren arloan suteen aurkakoa da, eta barne hartzen ditu suteen aurkako lanaren arloan trebatzea eta prestatzea xede duten irabazi asmorik gabeko entitate pribatuek garatutako jarduerak eta programak.

 

Egoitzetako partea

Bestalde, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 103 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 26 gehiago), 9 egoitza ezberdinetan. Kasu hauetatik, 14 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, bi egoiliar zendu dira, 65 sendatu eta 93 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 47 egoiliar hil dira, eta 2.152 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 25 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 2 gutxiago) 16 egoitza ezberdinetan.

Diagnosi probei dagokionez (PCR eta listu bidezko PCR probak), abendutik hona 45.000 proba baino gehiago egin dira jada. Gainera, antigeno test ugari ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten detekzioan. Horixe baita kutsatzeak ekiditeko gakoa”, amaitu du Mendozak. Azkenik, Aldundiak hiru erreferentziazko zentro dituela irekita ere gogoratu du Mendozak: Eibarko ospitaleko hirugarren solairua, Arrasateko San Juan de Dios eta Ordiziako San Jose egoitza.

  

1710