Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 791.000 eurorekin indartuko da foru Txoke Plana

791.000 eurorekin indartuko da foru Txoke Plana

Arreta psikologikoa, garbitegi zerbitzuak, garbiketa intentsiboak eta material berriaren erosketa finantzatuko dira partida berriarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 791.000 euroko diru partida onartu du, Covid-19 gaitzari aurre egiteko gizarte politika arloan martxan duen Txoke Plana indartzeko. Zehazki, arreta psikologikoa, garbitegi zerbitzuak, garbiketa intentsiboak eta material berriaren erosketa ditu helburu. Eider Mendoza foru bozeramaileak gogoratu duenez, Txoke Planak, bere bigarren lan lerroan, krisiari aurre egiteko zentro ezberdinetan beharrezkoak diren baliabideen balorazio eta hornidura egitea aurreikusten du, eta honi erantzuten dio gaur onartu dugun erabakiak”.

          Mendoza streaming bidez agertu da gaur hedabideen aurrean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Nabarmendu duenez, Foru Aldundia lehen unetik ari da Covid-19 gaitzaren hedapenari aurre egiteko neurriak hartzen. Horrela, nabarmendu du adinekoen egoitzetan lehen neurriak martxoaren 5ean hartu zirela, foru baliabidetan lehen kasua agertu baino bi aste lehenago. “Askotan gogorrak diren neurriak hartu ditugu, esaterako eguneko zentroak itxi edota adinekoen egoitzetan bisitak debekatzearena, baina beharrezko neurriak dira osasun krisi honi erantzuteko”, adierazi du.

          Gogoratu duenez, atzo arte zortzi pertsona hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan Covid-19 gaixotasunak jota, eta beste 95 lagunek eman dute positibo. Gainera, beste 14 pertsonek eman dute positibo desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako zentroetan. “Erakunde honen babes osoa adierazi nahi diegu hil direnen familia eta senitartekoei, eta esker oneko hitzak bakarrik ditugu momentu zail hauetan erakusten ari diren duintasun eta jarreragatik”, esan du. “Helburua, orain, kasuen hedapena ahal den neurrian murriztea da, eta horretarako ari dira lanean egoitzetako lan talde profesionalak”, gaineratu du.

          Gizarte politika arloko Txoke Plana estrategia honen muina, lau helburu estrategiko nagusiren inguruan antolatzen da (birusaren hedapena gelditzea, kasu positiboak dauden zentroetan transmisioei eustea, baliabide eta erremintak indartzea eta kudeaketa modu gardenean egitea), eta 56 neurri zehatz aurreikusten ditu. 240 zentrori eragiten dio Txoke Planak, eta hauetan 7.000 lagun artatzen dira. “Gaur onartu dugun neurriak estrategia hau gorpuztea du helburu. Txoke Plana indartzen joango gara aurrerantzean ere, beharrezkoak diren finantza ekarpenak eginez. Aldundi honen konpromisoa da Covid-19 gaitzaren hedapenari aurre egin eta gure kargu dauden egoiliar eta langileen osasuna bermatzeko dauzkagun baliabide guztiekin aritzea”, aldeztu du Mendozak. 

Gaur onartu den partidaren bitartez, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gureak-ekin lankidetzan, aste honetan bertan abiarazitako arropa garbiketa zerbitzu berria finantzatuko da, Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza guztiei zerbitzua emango diona. Era horretan, egoitzei ahalbidetzen zaie kanpoan egitea Covid-19ak kutsatutako pertsonen arroparen garbiketa, izan ere, Gureak-en garbitoki industrialean sistema automatizatuak erabiltzen dituzte garbiketa eta desinfekzioan, arroparekin kontaktuak gutxituz. Gainera, material berriaren erosketak ere egingo dira zuzkidura honekin, eta arreta psikologiko eta garbiketa intentsiboko zerbitzuak indartuko dira.

         

Telelana

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak 450.000 euroko zuzkidura onartu du bonu teknologikoen programaren deialdia finantzatzeko, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei laguntzeko Covid-19aren ondorioz telelana ezartzeko egiten dituzten gastuetan. Onuradunak 50 langiletik beherako lurraldeko enpresak izango dira.          Programa foru erakundeak abian jarritako lehen neurri sortaren parte da, pandemiak Gipuzkoako ehun ekonomikoan dituen ondorioak arintzeko, ETEei eta autonomoei arreta berezia eskainiz. Mendozak gogoratu duenez, ostiralean partekatu zen neurria eragile ekonomikoekin, jarduera ekonomikoaren jarraipena egiteko eta ekimen bateratuak adosteko eratutako organoaren bileran.

Programa berri honen bidez, Aldundiak enpresek eta profesional autonomoek telelana ahalbidetzeko egindako gastuak ordaintzeko laguntza emango du. Finantzagarri diren gailu eta zerbitzuen atean daude PCak eta ordenagailu eramangarriak, web-kamerak, mikrofonoak eta bideokonferentzia-sistemak, software ofimatikoa, segurtasun informatikoko elementuak eta kasu bakoitzerako espezifikoak izan daitezkeen beste batzuk, prestakuntza edo aholkularitza gastuak barne. Diruz lagunduko da egindako edo egin beharreko gastuaren % 100, BEZa kanpo; gehienez ere 4.000 euro enpresa bakoitzeko.

Diruz lagundu ahal izango dira, halaber, enpresako langileren baten izenean agertzen diren gastuak, baldin eta deialdi hau indarrean jarri aurretik egin badira eta enpresak gerora konpentsazioa eman izana justifikatzen bada. Kasu horretan, enpresak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du eskabidearekin batera, inbertsioa Covid-19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz egin dela ziurtatzeko. Eskaerak aurkezteko epea, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta aurtengo urriaren 15ean amaituko da. Enpresa bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.

Mendozak esan du egun Covid-19 gaitzak sortu duen testuinguruan erabakigarria dela enpresa txikienen beharrei erantzutea eta haien jarduerari eta enpleguari eusten laguntzea, eta horretan lagun dezaketen formuletako bat telelana dela. “Tamaina jakin bateko Gipuzkoako enpresek lan eredu hori hartzeko gaitasuna badute ere, beharrezkoa da prozesua indartzea, bereziki ETEei lagunduz, gure ehunaren % 99 osatzen baitute”, gogoratu du. “Birusaren aurrerapena geldiarazteko hartutako neurriek horietako askoren jarduerari larriki eragin diote eta telelaneko neurriak inprobisatu behar izan dituzte edo laster heldu beharko diote zeregin horri, antzeko egoeretan prestatuta egoteko.       Horregatik, bono hauek urgentziazko lehen neurria dira enpresa txikiei laguntzeko”, adierazi du, aurreratuz Aldundia norabide berean joango diren neurri gehiago ari dela prestatzen. 

 

Aita Mari

Azkenik, hirugarren erabakia Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoaren alorrean kokatzen da. Gaurko Kontseiluak 20.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) elkarteari, Aita Mari ontziaren atzean dagoen elkartea. “Diru partida honen bitartez, itsasoan desagertzeko arriskuan dauden pertsonei laguntza emateko lanetan lagundu nahi diegu (itsasoko eskubideari buruzko Nazio Batuetako Konbentzioaren 98. artikuluaren jasota datorren eskubidea, hain zuzen ere)”, esan du Mendozak.

          Foru bozeramaileak azaldu du SMH elkartea 2015eko azaroan eratu zela, Egeo itsasoan (Grezia) sortutako krisi humanitarioaren ondorioz. “Beste irtenbiderik gabe, itsasoa zeharkatzera ausartzen diren pertsonei lagundu eta sorostea du helburu elkarteak. Horretarako, elkarteak itsas salbamenduko, erreskateko eta osasun laguntzako lanak egiten ditu, Aita Mari itsasontziarekin, itsasoan desagertzeko arriskuan dauden pertsonei laguntzeko”, adierazi du. 2017ko abuztutik, SMH elkarteak Greziako Quios uharteko Vial erregistro kanpalekuan osasun arreta ematen du, eta urte berean jarri zuen martxan Maydayterraneo-Aita Mari proiektua ere. Aita Mari itsasontziak 2019ko udazkenean hasi zuen bere lana Mediterraneo erdialdean, eta bitarte honetan 300 lagun inguru erreskatatu ditu.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak beti babestu izan duen proiektua da SMH eta Aita Mari, hitzez eta ekintzez. Gure ustetan, funtsezko lana egiten dute, oso garrantzitsua, elkartasunaren ikuspegitik”, aldeztu du Mendozak. Orain, Covid-19 dela eta, SMHren ontziak etenda du bere jarduera, “baina egoera normaltasunera bueltatzen denean berriro ere funtsezkoak izango dira Aita Marirena bezalako ekimenak”. “Gipuzkoa oso harro dago egiten duten lanagatik, eta herritarren gehiengoa jakitun da egiten duten lanaren garrantziaz. Hau honela izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak SMH eta Aita Mari proiektuak babesten jarraituko du, beraiekin daukagun elkarlanean sakonduz”, amaitu du.

  

1376