Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 8.490 gipuzkoarrek hartu dute parte Aldundiaren 2022/2023ko Aurrekontu Irekien fase ezberdinetan

8.490 gipuzkoarrek hartu dute parte Aldundiaren 2022/2023ko Aurrekontu Irekien fase ezberdinetan

Prozesua itxita, foru erakundeak 2 milioi euro bideratuko ditu herritarrek aukeratu dituzten 13 proiektu gauzatzeko.

Eider Mendoza eta Mikel Pagola.

Eider Mendoza eta Mikel Pagola.


8.490 gipuzkoarrek hartu zuten parte Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022/2023 Aurrekontu Irekien fase ezberdinetan. Prozesu honen testuinguruan, herritarrek 13 proiektu aukeratu dituzte, eta foru erakundeak 2 milioi euro bideratuko ditu hauek gauzatzeko. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak ekimenaren balorazioa “oso ona” egin du, eta partaidetzaren datu onean jarri du azpimarra. “Hemendik aurrera, aukeratu diren proiektuei bide ematea geratzen zaigu. Eta, batez ere, erakunde bezala, herritarren partaidetzari bide ematen jarraituko dugu. Hori da gure konpromisoa eta elkarlaneko gobernantzaren alde egiten dugun apustuak partaidetzarako bideak zabaltzea dakar, eta horretan gaude buru-belarri”, gaineratu du.

          Foru diputatuak prentsa agerraldia egin du gaur, ekimenaren emaitzen berri eman eta herritarrek aukeratu dituzten proiektuen berri emateko. Berarekin agertu da Mikel Pagola, Aldundiko Herritarren Partaidetzako foru zuzendaria. Mendozak nabarmendu duenez, Gobernantza diputatu bezala “oso berezia” da Aurrekontu Irekien ekimena: “Departamentuan egiten dugun ekimen berezienetakoa da, eta herritarrekin aurrez aurre egoteko aukera ematen digu”. “Nabarmendu beharrekoa da baita ere ekimenaren transbertsaltasuna: departamentuko mugak aspaldi gainditu zituen, eta gaur gaurkoz etxe guztiaren ekimena da”, esan du.

Foru diputatuak gogoratu duenez, Aurrekontu Irekien proiektua Etorkizuna Eraikiz foru programaren aterkipean kokatzen da. “Eta Etorkizuna Eraikiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur gaurkoz bultzatzen duen proiekturik interesgarri eta mamitsuena izango da. Politika egiteko modutan aldaketa bat egin nahi dugu Etorkizuna Eraikizen bitartez, administrazioa eta herritarren artean azken urtetan sortu den arrakala gainditu edo, behintzat, murrizteko”, esan du. Horretarako, gobernantza eredu berri baten alde egiten ari da Aldundia, elkarlaneko eta irekia dena.

Honela, azaldu du denon artean, gizarte antolatuari eta herritarrei hitza eman eta parte hartzeko bideak irekiz, etorkizuna diseinatzen eta eraikitzen ari dela Gipuzkoa Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren eskutik. “Hausnarketa partekatu baten bitartez, biharko erronka eta desafioak identifikatzen ari gara. Behin arazoa identifikatuta, gaurtik hasten gara lanean, esperimentazioaren bidez, biharko arazo horiei erantzunak emateko”, esan du. Beste modu batera esanda, foru diputatuak adierazi du Etorkizuna Eraikiz “berrikuntza ariketa” erraldoi bat dela, “gure etorkizuna bermatzeko, eta guztion artean egiten ari garena”. “Bizi garen mundu aldakorra kontuan hartuta, inoiz baino beharrezkoago ikusten den hausnarketa, berrikuntza eta esperimentazioa ariketa kolektiboa”, borobildu du.

Testuinguru horretan, “funtsezko erremintatzat” jo ditu Aurrekontu Irekiak, herritarrei zuzen-zuzenean irekitzen baitie parte hartzeko bidea. “Herritarren partaidetza kudeaketa publikoan txertatzeak herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du. Izan ere, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da. Esan beharrik ez dago, gaur egun bizi ditugun garai aztoratu hauetan, zein garrantzitsua bide hau zabal-zabalik irekita izatea”, aldeztu du.

Bi fase

Mendozak gogoratu duenez, Aldundia pasa den legealditik ari da Aurrekontu Irekien ekimen ezberdinekin lanean. Aurten, berritasun nagusietakoa izan da biurteko proiektua egin dugula dela: 2022 eta 2023 barne hartzen ditu ekimenak. Lehenengo fasean (apirilak 26-maiatzak 20) sake librean eskainiko zien Aldundiak herritarrei beraien proposamenak egiteko aukera. Herritarren erantzuna “oso ona” izan zen: 2.398 proposamen jaso ziren, eta 1.541 lagunek hartu zuten parte, 88 udalerritan. Hemen jasotako proposamen hauek guztiak aztertu ostean, Aldundiko teknikariek forma eman zieten, proiektuak identifikatu eta osatuz. Horrela, 36 proiektu aurre aukeratuko ziren eta, bigarren fasean, herritarrek hauetatik 10 aukeratu behar izan dituzte.

Bigarren fase hau irailaren 12an hasi zen, eta urriaren 7ra bitartean egin da. Fase honetan, 7.374 lagunek bozkatu dute: 6.551 lagunek aurrez aurre, eta 823k online. “Aurrez aurrekoetan, nabarmendu nahiko nuke kapsulak egin duen lana, 20 herritan egon baita, kalean, herritarrei aurrez aurreko informazioa ematen”, esan du Mendozak. “Beraz, guztira, 8.490 lagunek hartu dute parte 2022-2023 Aurrekontu Ireki hauen bi fasetan”, gaineratu du foru diputatuak, zifra osoa ematerako orduan lehen fasean eta bigarrengoan parte hartu duten herritarrak behin bakarrik zenbatu direla zehaztuz. “Datu esanguratsua dela deritzogu, eta balorazio ona egiten dugu”, gaineratu du.

Aukeratutako proiektuak

Herritarren bozkak kontatu ostean, Aldundiak bi milioi euro jarriko ditu aukeratu dituzten proiektuak gauzatzeko. Hauek, Aldundiko departamentu ezberdinek gauzatuko dituzte datozen hilabetetan. Guztira foru erakundeak 12 proiektu finantzatuko ditu bere osotasunean, eta hamahirugarren bat ia osotasunean (200.000 euroko aurrekontua zuen, eta 125.000 euro emango dizkio foru erakundeak). Proiektu bozkatuenak ingurumenarekin eta natura ondarearen zaintzarekin lotura dute eta, gainerakoan, aniztasuna da nagusi: kohesio soziala, gazteak, gizarte politika, kirol instalazioak edota bidegorriak, besteak beste. Honako hauek dira aukeratutako proiektuak:

  1. Gipuzkoako ibai arroak, hondartzak eta itsasertzak garbitzea. 5.089 boto. 200.000 euro.

Lurraldeko ibai eta itsasertz espazioetan dauden hondakinak biltzeko eragiketak profesionalizatzeko eta sistematizatzeko baliabide ekonomikoak inbertitzea.

  1. Mendi publikoak garbitzea eta mantentzea. 4.963 boto. 200.000 euro.

Baso suteak prebenitzeko lanak, 250 hektareatan suebakiak jarriz eta baso pisten ertzetako 125 km-ko sastrakak kenduz, baso sutea gertatuz gero azkarrago kontrolatu ahal izateko.

  1. Basoak bertako espeziekin basoberritzea. 3.757 boto. 200.000 euro.

Partikularrek espezie autoktonoak erabiliz mendiak birpopulatzeko dirulaguntzak ematea.

  1. Etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxe plazak irekitzea. 3.212 boto. 200.000 euro.

Etxerik gabeko pertsonak hartzeko aterpetxeetan plazak irekitzea, desegituraketa eta narriadura pertsonaleko prozesuak saihesteko, hasierako harrera sustatuz, gutxieneko bizi baldintzak emanez eta gizarteratzeko laguntza emanez.

  1. Gazteek sutatutako enpresa proiektu berriak finantzatzea. 2.948 boto. 200.000 euro.

Finantza tresna berriak garatzea abal gisa, 35 urtetik beherako gazteek sustatutako enpresa proiektuen bideragarritasun handiagoa ahalbidetzeko.

  1. Lan aukerak gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden emakumeentzat. 2.933 boto. 50.000 euro.

Lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten eta gizarte bazterketako arriskuan dauden emakumeei zuzendutako ekintzak, orientabidea, prestakuntza eta bitartekotza soziolaborala garatzea, ikuspegi integral batetik.

  1. Foru bidegorrietan hiri-altzariak, pixatokiak eta iturriak jartzeko dirulaguntzak. 2.876 boto. 200.000 euro.

Udalei dirulaguntzak ematea foru sareko bidegorrietan hiri-altzariak, pixatokiak, iturriak eta abar jar ditzaten, sare honen erabiltzaileen joan-etorrien kalitatea hobetzeko.

  1. Nahasmendu mentala duten adingabeei arreta emateko eguneko zentroa. 2.757 boto. 75.000 euro.

Nahasmendu mental larria duten adingabeei arreta emateko arreta soziosanitarioko eta hezitzaileko eguneko zentroaren eredu bat definitzea. Eredu horren bidez, pertsona horien banakako, familiako, taldeko eta gizarteko egokitzapen zailtasunen adierazpide anitzetara egokitutako tratamendu terapeutikoak egin ahal izango dira.

  1. Kontsumo hasiberrien, eskola porrotaren eta portaera arazoen prebentzio programa. 2.495 boto. 50.000 euro.

Droga kontsumo hasiberriak, eskola porrota eta portaera arazoak dituzten gazteei zuzendutako prebentzio jarduerak eta ekintzak garatzea droga mendekotasunak prebenitzeko, problematika horiei gazte bakoitzari egokitutako metodologia malgu batekin helduz eta ikuspegi integral bat erabiliz.

  1. Herritarrentzako sarbide libreko kirol instalazioen eraikuntza bultzatzea. 2.411 boto. 200.000 euro.

Dirulaguntzen lerro bat irekitzea tokiko erakundeentzat, herritarrentzako sarbide libreko kirol instalazio berrien sorrera finantzatzeko, hala nola bizikletetarako zirkuituak, kirol anitzeko pistak, skate eremuak eta hainbat jarduera fisiko egiteko espazioak.

  1. Landa Inguruneko bide homologatuak egokitzea. 2.328 boto. 100.000 euro.

Aurrez homologatutako oinezkoentzako 800 kilometro egokitzea landa ingurunean, eta horien seinaleztapena hobetzea, elementu integratzaile garrantzitsua baitira landa munduaren eta hiri munduaren artean. Baldintza homologatuak edukitzeak baldintza horien kalitatea eta herritarren gozamen egokia bermatzen ditu, landa ingurunea errespetatuz.

  1. Elikadura jasangarria eta osasungarria sustatzeko ekimenak. 2.289 boto. 200.000 euro.

Gipuzkoako herritarrentzako elikadura jasangarri eta osasungarria bultzatzeko ekimenak garatzea, 0Km-aren ekoizpenaren aldeko ekimenak bultzatuz eta gizartea kontsumo arduratsuaren alde sentsibilizatuz.

  1. Gipuzkoako talentu gaztea sustatzea. 2.229 boto. 125.000 euro.

Lurraldeko gazteei kultura enpresa eta erakundetan lanbide aukerak sortzen laguntzeko eta organizazio horien berrikuntza eta eraldaketa bultzatzeko bekak.

  

3554