Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 925.000 euro Gipuzkoako enpresen mugikortasun berria bultzatzeko

925.000 euro Gipuzkoako enpresen mugikortasun berria bultzatzeko

Diputatuen Kontseiluak ‘Smart Mobility Industry’ laguntza programa onartu du, aurtengo deialdian hainbat berritasun dituena.

'Smart Mobility Industry' programari dagozkion laguntza deialdia onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak, Gipuzkoako mugikortasun berriaren sektorea bultzatzeko. 2021eko deialdian 925.000 euro bideratuko ditu Aldundiak bertara, iaz baino 55.000 euro gehiago. Programaren helburua da lurraldeko sare ekonomikoaren eraldaketa bultzatzea, mugikortasun berriarekin lotutako negozio-hobi berrietara bideratuz; zehazki, elektromugikortasunari, karga-azpiegiturari eta gidatze autonomoari lotutakora. Honela, lehendik dagoen enpresa ehunari lagundu nahi zaio, haren dibertsifikazioa eta egokitzapen gaitasuna indartuz, erronka eta behar berriei aurre egiteko.

Eider Mendoza bozeramaileak azaldu duenez, programak hiru laguntza lerro ditu. Lehenengoa 300.000 eurokoa izango da, eta mugikortasun berriarekin lotutako erakustaldi teknologikoko proiektu pilotuen garapena bultzatuko du. Kasu horretan, laguntzen gehieneko ehunekoa handitu egiten da, proiektuen kostuaren % 80ra arte. Bigarren ildoa berria da aurreko deialdiekin alderatuta, eta honako proiektu hauek bultzatuko ditu: hausnarketa estrategikoa, negozio berrorientazioa, dibertsifikazioa, eraldaketa digitala, lehiakortasun-hobekuntzaren analisia edo enpresaren edozein prozesuren berrantolaketa. Enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago eta 162.500 euroko aurrekontua du. Laguntzaren gehieneko ehunekoa ere % 80ra artekoa izango da.

Azkenik, hirugarren lerroa berrikuntza teknologikora bideratuta dago, 462.500 euroko zuzkidurarekin. Berrikuntza teknologikoko proiektuak bultzatuko ditu produktu edo ekoizpen prozesu berriak sortzeko edo horiek nabarmen hobetzeko, MUBIL estrategiak mugikortasun berriaren alorrean definitutako esparruekin lerrokatuta -Elektromugikortasuna, karga-azpiegitura eta gidatze autonomoa-.

Beste berrikuntzetako bat izango da, hain zuzen ere, proiektu ezberdinek MUBILekin duten harremana; hau da, oinarrietan baloratuko da laguntza deialdira aurkezten diren egitasmoek Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko Zentroarekin eta honek bultzatzen dituen ekimenekin duten lankidetza, koordinazio eta lerrokatze maila. Horrela, sinergiak eta gaur egun Tolosan dagoen Poloarekin partekatutako lana bultzatuko dira. Neurri horren bidez, MUBILen gaitasunak eta ezagutza maximizatu nahi dira proiektuen definizioan, hedapenean edo jarraipenean.

Beste berrikuntzetako bat da Aldundiak aurreikusten duela programaren enpresa onuradunei ordainketa aurreratuak egitea, enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza prozesuak errazteko. Prozesu horien zati handi bat enpresaren barne-baliabideekin finantzatzen da, eta horrek, kasu askotan, berrikuntzaren irismena mugatzen du, itzulera ekonomiko seguruagoa eta hurbilagoa duten beste barne-proiektu batzuen aurka lehiatu behar baita. Joera hori areagotu egin daiteke pandemiaren ondorioz sortu den krisiak eragin dezaken likidezia faltagatik. "Laguntzak aurreratuz, egoera horri aurre egiten diogu, enpresetako lantaldeek ahalegin guztiak arlo teknologikoan egin ahal izan ditzaten, eta ez baliabideak lortzeko izapide finantzario edo burokratikoetan", adierazi du bozeramaileak.

Iaz, deialdi honen bidez, Gipuzkoako 29 enpresari eman zitzaien laguntza. "Lurralde industriala gara, eta industriaren eraldaketa lehiakorraren alde egin behar dugu, espezializazio adimendunaren bidez", gogorarazi du Mendozak. “Bereziki, Gipuzkoa erreferentzia den eremuak bultzatu nahi ditugu bereziki, horien artean mugikortasun elektrikoa dagoelarik. Punta-puntako I+G+b zentroak ditugu, mugikortasunarekin lotutako enpresa ugari, eta horiei lagundu nahi diegu lehiakortasun-paradigma berrietaranzko transformazioa egiten, egindako aurrerapenen ikerketa eta ezarpena sustatuz eta oinarri teknologikoko negozio-eredu berriak sortuz", gehitu du.

Azpimarratu duenez, krisiaren eragina sektore kaltetuenetan arintzera eta jarduera ekonomikoa eta enplegua indartzera bideratutako neurriekin batera, "etorkizuneko ekonomia eraikitzea ahalbidetuko diguten epe luzeko proiektuak egin behar ditugu. Mugikortasuna oso desberdina izango da. Ibilgailuak elkarrekin konektatuta egongo dira, autonomoak izango dira eta hain kutsagarriak ez diren motorrekin eginak, horietako asko elektrikoak. Gipuzkoako hainbat enpresa automobilgintzaren sektorerako hainbat osagai hornitzen ari dira gaur egun, eta sektorean aurreikusten den eraldaketa horrek erronkak sortuko ditu, baina baita aukera berriak ere. Eraldaketa horri etekin gehiago ateratzeko, ezinbestekoa da lehenbailehen pausoak ematen hastea eta posizionamendu ona lortzea ".

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero egin ohi duenez, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendoza bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 4 positibo daude Segurako San Juan egoitzan. Hala ere, azken egunetan 20 lagun negatibizatu dira dagoeneko, denek dute txertoa jasota eta asintomatikoak dira. Prebentzioz, Eibarko COVID-19 zentroan daude. Adinekoei zuzendutako baliabide hauetako langileen kasuan, egun 17 langile daude diagnostiko positiboarekin 11 egoitzatan.

Bestalde, eguneko zentroen kasuan azken astean bi positibo atzeman dira, eta beste kasu bat desgaitasuna dutenei arreta emateko baliabideetan. Gizarte inklusioan, bere aldetik, 4 positibo atzeman dira azken egunetan, eta adingabeen kasuan ez dago positibo berririk. Amaitzeko, PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 118.874 proba egin ditu azken hilabeteetan.

  

3355