Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour A-15 eta N-Ieko kanona kobratzeari utziko zaio, EAEANren probidentzia argitu bezain pronto

A-15 eta N-Ieko kanona kobratzeari utziko zaio, EAEANren probidentzia argitu bezain pronto

Azterketa juridiko sakona egin ondoren, Foru Aldundiak ez du onartuko bidesarien kobrantzarekin jarraitzeko foru dekretu-araurik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak akordio bat onartu du gaur, non formalki jasotzen den N-I eta A-15 errepideetan merkantziak garraiatzen dituzten ibilgailu astunei kanona eskatzeari utziko diola, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren probidentzia argitaratu bezain laster. "Une hori iristen denean, Foru Aldundiak epaitegiek esandakoa beteko du, bere terminoetan eta berehala, ematen diren ebazpen judizial guztiekin beti egin dugun bezala, aldekoak edo kontrakoak izan", azpimarratu du Eider Mendoza bozeramaileak.

Gaur egun, Aldundiak eta Bidegik indarrean dagoen legedia "zorroztasun osoz" betetzen dutela azpimarratu du foru arduradunak. Izan ere, horren arabera, xedapen orokor bat baliogabetzen duten epai irmoak indarrean sartuko dira epaia argitaratzen den egunean, eta funtzio hori Justizia Administrazioaren letraduari dagokio. Ordura arte, indarrean jarraitzen du 6/2018 Foru Arauak, Batzar Nagusiek onartu zutenak, eta Foru Aldundiak ez du ahalmenik hau indargabetzeko edo eteteko. "Beraz, Aldundiak eta Bidegik kanona kobratzen jarraitu behar dute, kontrakoa egitea indarrean dagoen legedia urratzea izango bailitzateke", azaldu du bozeramaileak: “Linbo batean gaude, indarrean sartu ez den sententzia irmo baten eta Batzar Nagusien agindu baten, nahitaez bete behar dugun mandatu bat betetzearen artean”.

Era berean, Mendozak jakitera eman duenez, Foru Aldundiak ez du onartuko ahalmen handiko bide horietan bidesaria kobratzeko dekretu foral-araurik. "Azterketa juridiko sakona egin ostean, segurtasun juridikoari eustearen alde egin dugu; ziurgabetasun elementu ugari dituen gai baten aurrean, nahasmen gehiago ez sortzearen alde egin dugu", azaldu du. Aldi berean, gogorarazi du Foru Aldundiak Foru Arau berri bat egiteko lanean jarraitzen duela, tramurik izango ez duena, honela atzerriko garraiolarien diskriminazioa saihesteko.

Zentzu horretan, "bide horietan bidesaria ezartzeko hasierako erabakiak bere horretan" jarraitzen duela azpimarratu du bozeramaileak. Gogoratu duenez, Batzar Nagusiek 2010ean emandako aginduaren ondorio zuzena da hau, alderdi politiko guztiek ahalmen handiko errepideen finantzaketa, mantentzea eta hobekuntza erabileragatiko ordainketaren bidez finantzatu behar zela adostu ostean. Era berean, garrantzitsua da gogoratzea bidesari hauek bi aldiz kontrastatu direla Europar Batasunean eta aldeko irizpidea jaso dela; izan ere, Europar Batasunak da, zuzentarauen bidez, errepideko garraioa erabiltzeagatiko ordainketaren inguruko legedia ezartzen duena. "Duela 11 urte Gipuzkoan gainditutako eztabaida politiko batekin, bidesariak errepideak finantzatzeko modu justuena direla sinetsita eta Europaren abala jasota, Aldundiak Foru Arau berri bat onartzea erabaki du, segurtasun juridiko osoz aritzeko eta Gipuzkoako herritarrei ziurtasun guztia emateko", berretsi du.

 

Funtzionarioen izendapenak

Bestalde, gaurko Diputatuen Kontseiluak 31 pertsona izendatu ditu karrerako funtzionario bezala: 26 gizarte langile, 4 mediku eta Ogasuneko goi mailako teknikari 1. “Pasa den abenduan izendatu genituen gizarte langileak eta medikuak praktiketako funtzionario bezala, eta guztiek gainditu dute praktikaldia, haurdunaldi batekin erlazionatutako gizarte langile baten kasua izan ezik; honek, aurrerago egingo du dagokion praktikaldia. Zehazki, hauxe izan da Ogasuneko goi mailako teknikariaren kasua, honek ere hilabete batzuk geroago egin baita praktiketako prozesua”, azaldu du Mendozak, pertsona hauei guztiak zorionduz.

Foru arduradunak gogoratu duenez, gizarte langileen eta medikuen Enplegu Publikoko Eskaintzak (EPE) 2019ko urtarrilean onartu ziren, aurrez, etxe barruan, hilabetetako lana egin ostean. “Enplegu Publikoko Eskaintzak prozesu luze eta konplexuak dira, berme guztiekin egiten baitira. Gipuzkoako Foru Aldundiak prozesu hauetan sinesten du, bitartekotasuna murrizteko daukagun apustu nagusia dira eta, norabide honetan, gure konpromisoa da aurrerantzean ere EPE prozesu ezberdinak onartzen joatea, etxe honetako enplegua egonkortzen jarraitzeko estrategiaren oinarri gisa”, azaldu du foru diputatuak.

 

Sukalberri

Bestalde, gaur onartu da baita ere SukalBerri laguntza-programa, Gipuzkoako gastronomiaren sektoreko eragileen eta enpresen eraldaketa digitala bultzatzeko. Ekimenak 360.000 euroko zuzkidura du. Sektorearen balio kate osoa hartuko du kontuan, eta teknologia berrien erabilera eta berrikuntza integrala sustatu nahi ditu, haien eragina aurreratuz eta negozio eta kudeaketa eredu berriak definituz. “Tradizioa eta berrikuntza nahastea funtsezkoa izan da Gipuzkoa nazioartean ezaguna izateko bere gastronomiagatik”, esan du bozeramaileak. 

Programa honen bidez, enplegua eta aberastasuna sortzeaz gain, eta lehen sektorea bezalako beste jarduera batzuk bultzatzeaz gain, lurralde gisa proiektatzen gaituen jarduera bat indartzen lagundu nahi du Aldundiak. Poiektuek lau arlo handitan berritzen lagunduko duten jarduerak jaso beharko dituzte: produktuak eta prozesuak, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra, banaketako eta logistikako sistemak eta negozio ereduak. Berrikuntza teknologikoak lehenetsiko dira, bereziki eraldaketa digitala eta enpresa  prozesuei aplikatutako adimen artifizialeko tresnen erabilera, eta laguntza ekonomiko handiagoa emango zaie ETE-ei.

Horrekin guztiarekin, Gipuzkoako gastronomia-ekosistemako enpresen eraldaketa digitala sustatu nahi da, bai ikuspegi teknologikotik, bai negozio ereduaren ikuspegitik, bai produktuak eta zerbitzuak sortzeko eta kontsumo ohitura berrietara egokitzeko ikuspegitik: jasangarritasuna, elikadura osasungarria, kontsumo modu berriak, kolektiboen behar espezifikoetara egokitutako produktuak …  SukalBerriren laguntzak sukaldaritza jarduerara eta balio kateko beste eragile batzuetara zuzenduta daude, hala nola ekoizleak, elikagaien industria eraldatzailea, sektorerako ekipo profesionalen industria, osagaien industria, bai eta horrekin lotutako beste jarduera batzuetara ere, hala nola prestakuntza edo zerbitzu espezializatuak. “Eraldaketa digitala funtsezko palanka da gure ekonomiaren lehiakortasuna indartzeko eta gure etorkizuneko ongizatea bermatzeko. Honek begi-bistakoa dirudi industriaren eremuan, baina ia jarduera ekonomiko guztietan izaten da horrela, baita gastronomian ere”, azpimarratu du Mendozak.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundia gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, ez dago kasu positiborik, bai ordea langileen artean: egun 8 langile daude diagnostiko positiboarekin 8 egoitzatan. Gainerakoan, azken astean ez da kasu berririk atzeman ez eguneko zentroetan, ez desgaitasuna dutenei arreta emateko zentroetan, ez gizarte inklusioan eta ezta ere adingabeei zuzendutako baliabideetan.

  

1554