ADEGIk bultzatutako automobilgintzaren sektoreko ikaskuntza-komunitateak lan-saio bat egin du MUBILen
ADEGIk bultzatutako automobilgintzaren sektoreko ikaskuntza-komunitateak lan-saio bat egin du MUBILen
ADEGIk bultzatutako automobilgintzaren sektoreko ikaskuntza-komunitateak lan-saio bat egin du MUBILen
Egindako bileran sektorearen ikuspegia partekatu da, ezagutzaren trukea bultzatu da eta egungo mehatxuak eta aukerak identifikatu dira.

Gaur, automobilgintzaren sektoreko ikaskuntza-komunitatearen bilera berri bat egin da MUBILen, ADEGI buru zela. Bilera horretan, automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektorean erreferente diren Gipuzkoako hainbat enpresak parte hartu dute.
Lan-saioaren aurretik, zentroko azpiegitura teknologikoa bisitatu dute Unai Anduezak (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu eta MUBILeko presidentea), Igor Villarrealek (MUBILeko zuzendari nagusia), ADEGIko ordezkariek (Jose Miguel Ayerza zuzendari nagusia eta Paul Liceaga zuzendari nagusiordea) eta parte hartu duten enpresek. Bertan, ezagutu dituzte biltegiratze elektrikorako, trakzio elektrikorako eta hidrogeno-piletarako laborategiak —baterietan, motor eta transmisio-sistemetan, eta hidrogeno bidezko sorkuntza elektrikoan espezializatuak—, baita MUBILen instalatutako enpresen ekosistema ere.
Bisita horri esker, laborategien jarduera zuzenean ezagutu ahal izan dute parte-hartzaileek, eta Europarentzat berrikuntzaren motor estrategiko gisa finkatzen den zentro baten gaitasun teknologikoak nabarmendu dituzte. "Harro gaude Gipuzkoan automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektorean liderrak diren enpresak ditugulako. Enpresa horien lanak lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzen ditu gure lurraldean. Konpainia horiek MUBIL bera eta haren gaitasun teknologikoak ezagutzeak aukera ematen die etorkizunean izan ditzaketen lankidetza-aukerak identifikatzeko”, nabarmendu zuen Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.
Bestalde, Adegiko ordezkariek nabarmendu dutenez, "beharrezkoa da lurraldean dauden ekimen eta ekipamendu publiko edo pribatu guztien arteko harremana areagotzea, gure enpresaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna, oro har, eta automobilgintzaren industria, bereziki, ziurtatzeko", bildutako enpresei aipamen argia eginez.
Aipatutako komunitatea osatzen duten enpresak honako hauek dira: CIE AUTOMOTIVE, ARTECA CAUCHO METAL, ALCORTA FORGING GROUP, ELAY – LAN, RTS, ENGINE POWER COMPONENTS GROUP EUROPE S.L. (EPCGE), ROYME IMPORT EXPORT, DURR SYSTEMS SPAIN, SIDENOR ACEROS ESPECIALES, BURNIKER MACHINING, MEKGROUP, SORALUCE HERMANOS, SOLARIS BUS, BST RODS, ESERGUI – AVIA, GKN DRIVELINE ZUMAIA eta METRAGRA BERGARA.
Ondorengo bileran, enpresa horiek automobilgintza sektorearen egungo egoerari buruzko esperientziak eta ezagutzak partekatu dituzte, eta merkatuaren jarduera zein joera nagusiak aztertu dituzte. Informazio hori guztia ADEGIren esku jarri da, bere laguntza-lana indartzeko eta Gipuzkoako konpainien lehiakortasuna eta berrikuntza Europan sustatzen laguntzeko.
2407