Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Afari solidarioak 44.485 euro bildu ditu lurraldeko familia ahulenei laguntzeko

Afari solidarioak 44.485 euro bildu ditu lurraldeko familia ahulenei laguntzeko

Ekitaldiak, Jasangarritasun Departamentuak Basque Culinary Centerrekin eta Mahaia Kolektiboarekin batera bultzatuta, Gipuzkoako Elikagai Bankuari bideratuko dio bildutako guztia.

2025/11/24
Cena Solidaria y Sostenible 2025

Igor Arregi (Kaia), Xabier Gorrotxategi (Casa Julian) eta Juan Carlos Caro (Zelai Txiki) sukaldariek eskaini dute afaria.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen baitan, Jasangarritasun Departamentuak Afari Solidario eta Jasangarriaren bosgarren edizioa egin du Basque Culinary Centerren. Ekitaldi hau Gipuzkoako erreferentziazko urteroko hitzordu bilakatu da, eta lurraldeko ekonomia-, gizarte- eta erakunde-arloko ordezkariak bildu dira elikagaiak alferrik galtzeaz sentsibilizatzeko eta familia kalteberenei laguntzeko sarea indartzeko.

Aurten, bildutako guztia — 44.485 euro — Gipuzkoako Elikagai Bankura bideratuko da oso-osorik, erakundearentzat funtsezkoa den une batean bere lana indartuz.

Funtsezko laguntza egonkortze-urte batean "Azken minutua" programarako

Afaria "Azken minutua" programa aitortzeko ekitaldia egin eta ordu gutxira ospatu da. “Azken minutua” ekimenari esker, berreskuratutako elikagaien sarreraren erorketa geldiarazi ahal izan da, eta 2025erako 910.000 kilo aurreikusten dira, 2024an baino % 4 gutxiago eta aurreko urtean erregistratutako % 12ko beherakadaren oso azpitik.

Gaur egun, Elikagai Bankuak 15.111 pertsona artatzen ditu, 2024aren amaieran baino gutxiago (17.202 pertsona). Horrek esan nahi du lurraldearen egoera sozioekonomikoa hobetu egin dela, nahiz eta behar-bolumena oraindik handia den eta biztanleriaren % 2,07 den.

Gastronomia elkartasunaren zerbitzura

Urtero bezala, Mahaia Kolektiboaren sukaldariak, Basque Culinary Centerren laguntzarekin, menu bat egin dute, elikagaiak alferrik galtzearen inguruan sentsibilizatzeko pentsatua, gastronomiak gizartea aldatzeko motor gisa duen zereginari balioa emanez.

Edizio honetan parte hartu duten sukaldariak hauek izan dira: Igor Arregi (Kaia), Xabier Gorrotxategi (Casa Julian) eta Juan Carlos Caro (Zelai Txiki) sukaldariek eskaini dute afaria.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “afari honek gogorarazi nahi du jasangarritasunak zentzua duela elkartasunetik ere bizi bada. ‘Azken minutua’ programa egonkortu den urte honetan, Elikagai Bankua indartzen jarraitu behar dugu, oraindik ere beren laguntzaren mende dauden 15.000 pertsona baino gehiago artatu ahal izateko”. Asensiok azpimarratu duenez, “elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borroka ez da soilik ingurumen-kontua, baizik eta lurralde bidezkoagoa eta arduratsuagoa eraikitzeko zeregin kolektiboa”. Bereziki eskertu die Basque Culinary Centerri, Mahaia Kolektiboari eta ekitaldira bertaratutakoei “pertsona kalteberenekin eta kontsumo-eredu jasangarriagoarekin duten etengabeko konpromisoa”.

Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak adierazi duenez, “gastronomiak proposamenak eskaintzen ditu egungo erronkei aurre egiteko, eta gizarte osoarentzat ongizatea eta garapen jasangarria lortzeko; eta elikagaien berraprobetxamendua horietako bat da. Afari honek erakusten du sektore gastronomikoak, erakundeek eta herritarrek elkarrekin lan egiten dugunean, familia askoren bizitzan benetako eragina izan dezakegula. Sukaldaritzaren bidez inspiratzeaz gain, lurralde bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzen lagunduko duten ekimenak bultzatzen jarraitzea da gure konpromisoa”.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak, Belen Mendez de Vigok, eskerrak eman dizkie “afari solidario hau posible egiten duten pertsona eta erakunde guztiei: beren lana, denbora, espazioa eta dohaintzak ematen dituztenei. Urtez urte erakusten dugu, ahaleginak batzen ditugunean, gizarte abegitsuagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko gai garela, bakoitza bere esparrutik. Urte asko daramatzagu afari hau helburu komun batekin ospatzen: inor atzean ez uztea. Konpromiso partekatu hori jasangarritasun modu bat ere bada: gure komunitatea zaintzea eta guztiek bertan leku bat izatea bermatzea. Eskerrik asko bide horren parte izaten jarraitzeagatik”.

Gastronomia arduratsuarekiko konpromisoa

Ekimen horiek Gipuzkoako elikagaien alferrik galtzea murrizteko Jasangarritasun Departamentuaren estrategiaren barruan kokatzen dira. Erronka global horrek pertsonen ongizateari eta lurraldearen ingurumen-inpaktuari eragiten die. Sektore gastronomikoarekin, enpresa-sarearekin eta gizarte-erakundeekin lankidetzan arituz, Departamentuak programa eta ekitaldiak bultzatzen ditu, premia handiena dutenei sentsibilizatzeko, baliabideak mobilizatzeko eta laguntza indartzeko.

  

1209