Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aita Mari ontziari babesa erakutsi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak

Aita Mari ontziari babesa erakutsi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak

“Gure lurraldeko baliorik onenak” islatzen dituela adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak, dagoenetako ehundaka bizitza salbatu dituen ontziak, eta boluntario guztien lana txalotu du.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako diputatu nagusia, Eider Mendoza, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez, Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendaria, Ion Gambra, eta Ana Priede, Lankidetza zuzendaria, Getarian izan dira, bertako kaian baitago ainguratuta egunotan Aita Mari ontzia. Salvamento Marítimo Humanitario (SMH) elkarteko ordezkariekin bildu dira eta langile eta boluntarioekin egoteko tartea ere izan dute.

Diputatu nagusiak gogorarazi du itsasoko eskubideari buruzko Nazio Batuetako Konbentzioaren 98. Artikuluan jasota dagoen eskubidea da itsasoan desagertzeko arriskuan dauden pertsonei laguntza ematea, eta hori da SMH elkarteak burutzen duen lana. “Duela bederatzi urte abiatu zen lehen aldiz Pasaiako portutik Aita Mari ontzia Mediterraneorantz, eta ordutik milaka pertsonari eman die laguntza eta ehunka dira baita ere salbatu dituzten bizitzak. Erabat miresgarria da egiten dutena eta gure lurraldeko baliorik onenak islatzen ditu proiektu honek, itsaso zabalera eta egoera benetan gogorretara elkartasuna, itxaropena eta babesa eramanez”.

"Ezin dugu ahaztu eta ezin dugu ohikotzat hartu Europako hainbat tokitan, batez ere Mediterraneoan, egunero bizitzen ari den egoera dramatikora. Bizitza hobe baten bila gerrak, gatazkak eta nekeak atzean uztea erabakitzen duten pertsonei arreta eta harrera egiteko orduan Giza Eskubideek, elkartasunak eta giza duintasunak gidatu behar gaituzte. Horretarako beharrezkoa da erakundeon konpromiso irmoa, eta gizarte osoaren engaiamendua", adierazi du diputatu nagusiak.

Azahara Dominguezek adierazi du “gipuzkoar garen aldetik, oso harro gaude Aita Marik egiten duen lanagatik”, eta gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldunditik “oso harreman estua dugula” lurraldeko gizarte-erakundeekin, eta hainbat proiektu eta hitzarmenen bidez, bazterketa-egoeran dauden pertsonen integrazioa eta bizitza errazten dela.

Aita Mari ontziak hurrengo geldialdia Pasaiako Itsas Festibalean egingo du. Martxoaren amaieran Bilboko portura iritsi zen bere hamabigarren misioa burutu ostean, izan ere, Siziliako uretara abiatu zen martxoaren 12an eta beste 43 pertsona erreskatatu ahal izan dituzte Mediterraneo erdialdean. Datozen egunetan, beraz, Pasaiako uretan izango da atunontzia eta hiritarrei irekita egongo da.

  

1373