Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak bat egin du administrarien lan-eskaintza publikoan jarritako errekurtsoaren aurrean euskara defendatzeko deitutako elkarretaratzearekin

Aldundiak bat egin du administrarien lan-eskaintza publikoan jarritako errekurtsoaren aurrean euskara defendatzeko deitutako elkarretaratzearekin

Irune Berasaluze bozeramaileak azpimarratu du prozesuak “berme juridiko guztiak” betetzen dituela, eta aurreratu du erakundeak bere eskumenak eta berdintasun linguistikoa defendatuko dituela “behar den lekuetan”

2024/02/14
Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Aldundiak bat egingo du LAB eta ELA sindikatuek herritarren hizkuntza-eskubideen alde deitutako elkarretaratzearekin, 119 administrari lanposturen oinarri orokorren eta deialdian euskaraz C1 edo B2 eskakizuna eskatzeagatik Donostiako 2 zenbakiko Epaitegian jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurrean. Foru erakundeak parte hartuko duela iragartzeaz gain, Irune Berasaluze bozeramaileak dei egin die Aldundiko langileei, euskarari lotutako eragileei eta herritarrei etzi, ostirala, 10:00etan Gipuzkoa plazan egingo den deialdiarekin bat egin dezaten.

Helegitea Diputatuen Kontseiluak 2022ko abenduaren 29an hartutako erabakiari buruzkoa da. Erabaki horren bidez, Aldundiaren enplegu publikoa egonkortzeko EPEko hautaketa-prozesuetako oinarri orokorrak, espezifikoak eta deialdiak onartzen ziren, zehazki administrarien 119 plazari zegozkienak, iaz egindako merezimendu-lehiaketa baten bidez gauzatuak. Plaza horiek behin betiko esleitu gabe daude.

Berasaluzek azpimarratu duenez, Foru Aldundiak “indarrean dagoen legedia errespetatuz egin du, bai deialdi hau, bai enplegu publikoko deialdi guztiak; berme juridiko guztiekin, eta herritarren hizkuntza-eskubideak babesteko adostasunez onartutako hizkuntza-normalkuntzako planekin bat etorriz”. Hori dela eta, aurreratu du Aldundiak “funtzio publikoaren eta hizkuntza-berdintasuna sustatzearen arloan dituen eskumenak defendatzen” jarraituko duela “beharrezkoa den leku guztietan, euskararen euskakizunaren aurka joan diren aurreko prozesuetan egin dugun bezalaxe, hala nola Uliazpiri dagokiona”. Kasu horretan, foru-erakundeak helegite bat aurkeztu zion Justiziaren erabakiari, ebazpenaren zain dagoena.

Bozeramaileak nabarmendu duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat da euskara. Beraz, ezin da inola ere diskriminaziotzat hartu enplegatu publiko bati baldintza gisa eskatzea euskara jakitea. Erabat normalizatuta egon beharko luke horrek, beste lurralde eta herrialde batzuetan bezala, eta ez dugu ulertzen azken urteetan egiten ari den moduan zalantzan jartzea. Enplegatu publikoak herritarren zerbitzura daude, eta horiek nahi duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea dute. Gure betebeharra da, administrazio gisa, herritar guztien hizkuntza-berdintasuna eta hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta horiei ahalik eta zerbitzu egokiena eskaintzea”.

Azkenik, Berasaluzek “euskal gizarteak eta erakundeek hainbat hamarkadatan hizkuntza normalizazioaren eta euskararen berreskurapenaren alde egindako ibilbidea” nabarmendu du. “Ibilbide hori adostasunetik abiatuta egin dugu, eta herritar gehienen babesarekin, gai honekiko sentsibilitate handia erakutsi baitute. Hori dela eta, aurrera egiten jarraitzeko lan egingo dugu, akordioak landuz, baina atzerapausorik ez emateko behar den irmotasunez”.

  

926