Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak enplegu publiko deialdi berri bat ireki du 111 plaza eta 12 hautaketa prozesurekin, foru plantilla berritzen eta indartzen jarraitzeko

Aldundiak enplegu publiko deialdi berri bat ireki du 111 plaza eta 12 hautaketa prozesurekin, foru plantilla berritzen eta indartzen jarraitzeko

Suhiltzaileentzako 68 plaza deituko dira, horietatik 17 emakumeentzat gordetakoak, eta azterketak maiatzetik aurrera hasiko dira.

2025/12/11

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023, 2024 eta 2025 urteetako Lan Eskaintza Publikoetarako hautaketa prozesuen oinarri arautzaileak eta deialdiak onartu ditu. Guztira, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die 111 plaza behin betiko betetzeko 12 deialdiri, eta horien artean nabarmentzen da suhiltzaileen 68 plazako eskaintza; Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua indartzea xede duena. Bultzada horrekin, foru erakundeak “langile berriak modu mailakatu eta egonkorrean sartzeko beste urrats bat” egin du, Irune Berasaluze bozeramailearen hitzetan, “plantillaren belaunaldi erreleboa eta enplegu publikoa sendotzea bultzatuz, hori baita erakundeak gaur egun duen erronka handienetako bat”.

Deialdiak datozen egunetan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta izena emateko epea argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik aurrera gehienez ere 20 egunera amaituko da. Azterketen datak deialdi bakoitzaren esparruan iragartzen joango diren arren, azterketak ez dira maiatza baino lehen egingo.

Onartutako deialdietan 2023ko, 2024ko eta 2025eko Lan Eskaintza Publikoetatik eratorritako lanpostuak sartzen dira, eta maila guztietako plaza espezifikoak daude. Halaber, desgaitasunen bat duten pertsonentzat erreserbatutako 6 lanpostu daude, barne sustapeneko 5 plaza eta, suhiltzaileen deialdiaren kasuan, emakumeentzat erreserbatutako 17 plaza gordeko dira. Berasaluzeren arabera, suhiltzaileen deialdiaren kasuan “zerbitzua indartzeko apustu irmoa da" eta  indarrean dagoen araudiaren arabera Aldundiak une honetan eskain ditzakeen plaza guztiak eskaini dira.

Bozeramaileak gogorarazi du erakundeak aurrekaririk gabeko berritze-prozesua bizi duela: “Aldundia ziklo historikoaren aldaketa batean murgilduta dago”, adierazi du. “10 urteko epean, plantillaren ia erdia, 1.000 pertsona inguru, funtzionarioak zein lan-kontratuko langileak, erretiratu egingo da, eta ezinbestekoa da berrikuntza planifikatu eta ordenatua bermatzea, eta, aldi berean, zerbitzu publikoen jarraitutasuna eta kalitatea bermatuko duten profesional berriak modu egonkorrean sartzea”.

Hautaketa-prozesuetan, oro har, herri-administrazioetako lan-esperientziari, prestakuntza ofizialari eta hizkuntzei buruzko merezimenduak baloratuko dira. Azterketak gainditu eta lanposturik lortzen ez duten pertsonak lan-poltsen zerrendetan sartuko dira.

Hau da deitutako lanpostuen zerrenda osoa:

  • Nekazaritzako ingeniaria: plaza 1.
  • Psikologoa: 4 plaza.
  • Gizarte langilea: 8 plaza.
  • Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko mantentze-lanen arduraduna: 2 plaza.
  • Instalazioetako teknikari laguntzailea: plaza 1.
  • Laborategiko teknikari laguntzailea: 2 plaza.
  • Zerga-agentea: 6 plaza.
  • Garbiketa-jantokiko langilea: 6 plaza.
  • Gidaria: 5 plaza.
  • Ingurumeneko langilea: 4 plaza.
  • Sukaldari laguntzailea: 4 plaza.
  • Suhiltzailea: 68 plaza.

  

4111