Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak foru gobernua berregituratu du, COVID-19aren krisialdian estrategia ekonomikoa indartzeko

Aldundiak foru gobernua berregituratu du, COVID-19aren krisialdian estrategia ekonomikoa indartzeko

Jabier Larrañaga izango da aurrerantzean Ekonomia Sustapeneko diputatua eta bere departamentua arduratuko da Proiektu Estrategikoen alorraz

Gipuzkoako Aldundiak foru-gobernua berregituratzea onartu du gaur goizean, pandemiak sortutako krisiaren aurrean bere estrategia ekonomikoa "indartzeko", bai eta gertatzen ari diren eraldaketa sozioekonomiko "izugarrien” aurrean “erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna areagotzeko" ere. Markel Olano diputatu nagusiak berak proposatu ditu gaur goizean aldaketa horiek Diputatuen Kontseiluan eta ondoren berrantolaketa horren xehetasunak aurkeztu ditu, "beharrezko" neurri gisa, erabakiak hartzeko garaian bizkortasuna eta lurraldeko sare ekonomikoari eskainitako babesa "are gehiago" zabaldu eta hobetu asmoz.

 

Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Olanok jakinarazi du Jabier Larrañagak, orain arte Ogasun eta Finantzetako alorraren ardura zuenak, bere gain hartuko duela Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko diputatu kargua. Diputatu nagusiaren hitzetan, Larrañagak Aldundiaren estrategia ekonomikoaren zerbitzura jarriko du "bere ezagutza zabala eta harreman estua" lurraldeko enpresa-egituraren zati oso zabal batekin, azken bost urteetan Foru Ogasuna Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen errealitatera "hurbiltzeko" ahalegina gidatzeko ardura izan baitu.

 

Gainera, diputatu nagusiak gogorarazi du Larrañagak bere gain hartu duela azken hilabeteetan Next Generation Europako funtsei buruz gainontzeko erakundeekin izandako interlokuzioa. Funts horietarako, Gipuzkoak proiektu estrategikoak aurkeztu ditu bereziki, "susperraldi ekonomikorako motor" bihurtzeko ahalmena dutenak, guztiak ere. Horregatik, Proiektu Estrategikoen alorra zuzendaritza bilakatuko da gaurtik aurrera, Larrañaga buru duen Ekonomia Sustatzeko Sailaren barruan.

 

Diputatu nagusiak, halaber, eskerrak eman nahi izan ditu Ainhoa Aizpuru diputatuak bere karguan jardutean erakutsitako "konpromisoagatik eta dedikazioagatik"; izan ere, proiektu estrategikoetako diputatu gisa, Mubil (elektromugikortasuna), Ziur (zibersegurtasuna), Adinberri (zahartze osasuntsua), Elkar Ekin Lanean (inklusioa) egitasmoekin lotutako ekimenak bideratzea lortu du, dagozkien ekintza-estrategiak abiaraziz. Aizpuru BIC Gipuzkoara itzuliko da, 2015ean foru-gobernuan sartu aurretik zuen lanpostura, bere jarduna start-upak laguntzera eta lurraldean ekintzailetasuna sustatzera bideratuz.

 

 

"Berritzeko gaitasuna maximizatzea"

 

Era berean, pandemiak eragindako eta bizkortutako eraldaketa sozio-ekonomikoen "sakontasuna" dela-eta, diputatu nagusiak bere lan taldearen gune hurbilena indartzea erabaki du, Imanol Lasa bere kabineteko kide izendatuz, Aldundiko azterketa eta estrategia arduradun gisa. Diputatu nagusiaren konfiantza osoaren jabe, prestakuntzaz soziologoa eta gobernantzarekin eta ekonomiarekin lotutako gaietan ezagutza zabala duen pertsona, foru-erakundeak agertoki berriaren aurrean duen "egokitzeko eta berritzeko gaitasuna maximizatzea" du helburu izendapen honek, baita Gipuzkoako "etorkizuneko proiektua" indartzea ere.

 

Azkenik, Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartutako berregituraketan oinarrituta, hemendik aurrera Jokin Peronak (Orio, 1978) hartuko du bere gain Ogasun eta Finantzetako departamentuaren gidaritza; foru-ogasunaren zuzendaria da 2015etik. Perona, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean eta "esperientzia zabala du zerga eta finantzen eremuetan". Aldundian zuen erantzukizuna bere gain hartu aurretik, Kutxan partaidetza-analista gisa lan egin zuen, bere ibilbide profesionalaren hasieran, eta geroago, erakunde berean enpresei laguntzeko arduradun gisa.

 

Diputatu nagusiak azaldu duenez, osasun-krisiarekin batera –Olanok "gertutasuna eta babesa" azaldu die prentsaurrekoaren hasieran COVID-19aren biktimei eta gaixotasuna pairatzen ari direnei–, gizarteak krisi sozial eta ekonomiko ikaragarri bati egin behar dio aurre. "Egoera aldakorra da, ziurgabetasun handikoa. Hilabete oso zailak espero ditugu, baina, gainera, gure gizartean sortzen ari ziren eraldaketak ari da bizkortzen pandemia. Lurraldearekin, Gipuzkoako gizartearekin eta herrialde osoarekin konprometitutako erakunde gisa, errealitate horrek ikuspegi estrategiko zabalagoa izatera eta erabakiak azkar hartzera behartzen gaitu, gure sare ekonomikoari are gehiago lagunduz, jarduera eta enplegua sortzen duen aldetik", sakondu du.

 

Horregatik, adierazi duenez, gobernuaren osaeran aldaketa "garrantzitsuak" sartzearen alde egin du, egitura organikoa arinduz eta Ekonomia Sustatzeko Saila indartuz, eta, aldi berean, COVID-19k sortutako erronken aurrean hausnartzeko, aurrea hartzeko eta erantzuteko gaitasunean sakonduz. Gobernu Kontseiluak gaur goizean diputatu nagusiak aurkeztutako egitura-dekretua onartu ondoren, bihar foru-gobernu berriaren osaera ofizialduko da, kargu berriez jabetzeko egintzarekin.

  

2219