Aldundiak irmoki gaitzetsi du Zarautzen gertatutako hilketa matxista, eta samina eta elkartasuna adierazi du
Aldundiak irmoki gaitzetsi du Zarautzen gertatutako hilketa matxista, eta samina eta elkartasuna adierazi du
Aldundiak irmoki gaitzetsi du Zarautzen gertatutako hilketa matxista, eta samina eta elkartasuna adierazi du
Eider Mendozak hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi die biktimaren hurbilekoei, eta elkarretaratzeekin bat egiteko deia egin die herritarrei: “Emakumeen aurkako indarkeriak ez du lekurik gure gizartean, eta ez gara geldituko indarkeria desagerrarazi arte”.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak “bere samin eta gaitzespen sakona” adierazi du Zarautzen gertatutako hilketa matxistaren aurrean. Mendozak, gainera, elkartasuna eta babesa helarazi die biktimaren senideei eta hurbileko pertsonei. “Gaur dolu eguna da Gipuzkoarentzat. Ahotsa altxatu behar dugu, inoiz baino ozenago, emakumeen aurkako indarkeriak gure gizartean eta munduko beste inon lekurik ez duela berresteko. Ez gara geldituko erabat desagerrarazi arte ”, azpimarratu du diputatu nagusiak, eta hilketa horren aurrean bere “haserre eta gaitzespen sakona” adierazi du.
Mendozak gogorarazi duenez, “pertsona guztien bizitza eta askatasuna errespetatzea giza eskubide ukaezina da, eta gizarte gisa irmo babestu behar dugu”. Ildo horretan, erantzun kolektibo baten garrantzia nabarmendu du: “Emakume bat hiltzen duten bakoitzean, ezinbestekoa da aho batez erakustea ez dugula indarkeria matxista onartzen, emakume guztiek dutela askatasunean eta berdintasunean bizitzeko eskubidea”. Diputatu nagusiak dei egin die herritarrei lurraldeko herrietan antolatu diren elkarretaratzeetan parte hartzera.
Era berean, Foru Aldundiak bat egin du Zarauzko Udalak aho batez onartutako adierazpen instituzionalarekin, eta bihar, ostirala, langileak elkarretaratzera deitu ditu, 12:00etan, bakoitza bere lantokian. Eider Mendoza bera Gipuzkoa plazako kontzentrazioan egongo da, eta bihar 19:00etan Zarautzen egitekoa den gaitzespen elkarretaratzean ere parte hartuko du.
Diputatu nagusiak, halaber, elkartasun mezu bat helarazi nahi izan die Zarauzko herritar guztiei, eta azpimarratu du beharrezkoa dela “gizarteak, oro har, bat egitea berdintasunarekiko bere gaitzespena eta konpromisoa adierazteko”.
"Tamalez gero eta leku handiagoa hartzen ari diren diskurtso negazionisten aurrean, krimen honek gogorarazten digu matxismoak bere horretan dirauela, emakumeekiko kontrol eta menderatze jarrerek presente jarraitzen dutela eta errealitate oso larri baten aurrean gaudela", adierazi du. Mendozak berretsi du “berdintasunik ezak egiturazko sustraiak dituela”, eta berretsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa duela “etengabe lan egiten jarraitzeko, erakundeekin, emakumeen kolektiboekin eta mugimendu feministekin batera, indarkeria matxista mota guztiak desagerraraztea lortu arte”.
3706