Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Ibai ikastola bisitatu du eskolako patioa naturalizatzeko proiektua ezagutzeko
Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Ibai ikastola bisitatu du eskolako patioa naturalizatzeko proiektua ezagutzeko
Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Ibai ikastola bisitatu du eskolako patioa naturalizatzeko proiektua ezagutzeko
Ibai Ikastolak 36.000 euroko dirulaguntza jaso du Jasangarritasun Departamentuaren laguntza-programaren barruan. 2025ean Aldundia guztira 200.000 euro bideratu ditu lurraldeko ikastetxeetan ingurumena hobetzeko proiektuetara.

José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatuak eta Miriam Oca Ingurumen Administrazioko zuzendariak Donostiako Ibai ikastola bisitatu dute gaur, bertako eskola-patioa eraldatzeko prozesua bertatik bertara ezagutzeko. Proiektuak 36.000 euroko dirulaguntza izan du, Jasangarritasun Departamentuak emana, eta Donostiako Udalaren laguntza ere jaso du.
Bisitan, Oihana Blanco ikastolako zuzendaria, Amaia Urzelai Hezkuntzako ordezkaria, Iñigo García Donostiako Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumeneko zinegotzia, Fermín Blanco arkitektoa, Lander Lopetegi Kimu Bat-eko ordezkaria (proiektuaren diseinuaren eta gauzatzearen arduraduna) eta ikastetxeko Gurasoen Elkarteko kide bat izan dira.
Espazioa eta bizikidetza eraldatzeko hezkuntza-proiektua
"Ibaiko bihotz berdea taupaka" da ekimen honen izena. Hezkuntza-komunitatetik bertatik sortu da, naturarekiko harremana berreskuratzeko, ekitatea bultzatzeko eta patioa espazio bizi bihurtzeko, ikastetxearen proiektu pedagogikoa osatze aldera.
Eraldaketak aldaketa sakona ekarri du, bai espazioaren konfigurazio fisikoari dagokionez, bai haren erabilerei dagokienez. Hormigoiaren zati bat kendu da ingurunea naturalizatzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta jolas-, ikaskuntza- eta atseden-espazioak dibertsifikatzeko. Jarduera nabarmenen artean honako hauek daude:
- Baratze ekologiko bat sortzea, zapaldak, konpostagailuak eta intsektuentzako hotelak dituena.
- Biodibertsitate-lorategi bat, bertako fauna erakartzeko, hala nola tximeletak eta hegaztiak.
- Aire zabaleko jarduera artistiko eta pedagogikoetarako anfiteatroa.
- Hegaztien behatoki bat eta aire zabaleko irakurketa-gune bat, "polinizatzaileen liburutegia" izenekoa.
- Itzaleko eremu berriak zuhaitzekin, jolaserako tipi bat eta psikomotrizitatea garatzeko egiturak.
Parte-hartzea eta ingurumen-kontzientzia
Proiektua duela hiru urte hasitako partaidetza-prozesu baten emaitza izan da. Prozesu horretan ikastetxeko irakasleek, ikasleek, familiek eta langileek parte hartu dute. Fermín Blanco arkitektoaren eta Kimu Bat kolektiboaren laguntza teknikoarekin, hausnarketa sakona egin da espazioaren erabilerei, patio tradizionalen inpaktuari eta eredu inklusiboago eta jasangarriagoetarantz aurrera egiteko beharrari buruz.
Proiektuaren helburu pedagogikoen artean daude ingurunearekiko errespetua eta erantzukizuna sustatzea, bizikidetza hobetzea, hezkidetza bultzatzea, ikasleen aniztasunari erantzutea eta curriculuma aire zabalean ikasteko aukera berriekin aberastea.
Gainera, ikastetxeak "Autoak ez!" ekimena bultzatu du, ikastolako sarbideetan ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta ikasleen artean mugikortasun jasangarriagoa eta autonomoagoa sustatzeko.
Etorkizuneko eredua
Jarduera hori Jasangarritasun Departamentuaren ildo estrategikoen barruan sartzen da, eskola-inguruneak klima-aldaketara egokitzea sustatzeko, txikitatik jasangarritasunerako hezkuntza bultzatzeko eta ikasleen ongizate fisiko eta emozionalari lagunduko dioten espazioak sustatzeko.
José Ignacio Asensio diputatuaren arabera, "proiektu honek erakusten du espazio baten eraldaketa nola bihur daitekeen hezkuntza-, ingurumen- eta gizarte-aldaketaren eragile. Patio natural, inklusibo eta pedagogikoen aldeko apustua egitea Gipuzkoarako etorkizun bidezkoago eta jasangarriago batean inbertitzea da”.
5148