Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aniztasunaren aldeko jarrerak sendotzen ari dira Gipuzkoan

Aniztasunaren aldeko jarrerak sendotzen ari dira Gipuzkoan

Inmigrazioaren pertzepzioaren joera positiboa da eta herritarren tolerantzia areagotzen ari da, Ikuspegiren Barometroaren arabera.

Gipuzkoarren gehiengoaren iritziz, jatorri atzerritarreko pertsonek gure gizarteko bizitza kulturala aberastu egiten dute. Hala jasotzen du Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren 2019ko barometroak, Gipuzkoari dagozkion datuen arabera. Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko azterlanean gertatu bezala, suspertze ekonomikoarekin bat, immigrazioaren pertzepzioaren joera positiboa indartu egin da eta herritarrek agertzen duten tolerantzia krisi aurreko mailatik oso gertu kokatzen da.

Hala jakinarazi dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundian eskainitako prentsaurrekoan Ion Gambrak, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratiko zuzendariak, eta Ikuspegiko ikertzaile Arkaitz Fullaondok. Herritarren artean jatorri atzerritarra duten biztanleen inguruko pertzepzioak eta jarrerak ditu aztergai barometroak eta, bere arabera, tolerantzia-indizea 60,52 puntuan kokatu da, 2008ko 60,95etik oso gertu eta 2014ko 57,04tik gero eta gehiago aldenduz.

“Immigrazioa ez da arazoa gipuzkoarrentzat”, nabarmendu du Ion Gambrak, ikerketako datuen inguruan. “Bertako herritarren kezkak langabeziarekin, pentsioekin eta arazo ekonomikoekin daude lotuta. Horrenbestez, ez dute uste immigrazioa oztopo denik EAErako, are gutxiago arazo pertsonal bat”, aipatu du foru zuzendariak. Konkretuki Gipuzkoan, inkestatuen % 8,8k baino ez du bat-batean erantzun immigrazioa arazo bat dela, eta % 4k du arazo pertsonaltzat.

Hain justu ere, barometroko datuak jarraituz, gizarteak ez ditu etorkinak arazo ekonomikoen “erantzule” egiten –langabezia, enplegua murriztea edo soldatak jaistea, kasu–, baizik eta guztiz kontrakoa, gero eta gehiago balioesten du etorkinen ekarpen positiboa gure ekonomian.

Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendariak adierazi duenez, Gipuzkoa "desberdintasun gutxien dituen Europako lurraldeetako bat" bihurtzea xede, "kohesio soziala" sustatzen dihardu aktiboki Foru Aldundiak. Neurketa berri honek, bere esanetan, berresten du Gipuzkoako gizartea "irekia eta solidarioa dela eta aniztasuna errespetatzen duela".

 

Errefuxiatuei harrera egitearen aldeko jarrera

"Migrazioetatik datorren aniztasuna modu positiboan hartzen dute bertako biztanleek, jarrera irekiarekin, eta ez arazo gisa. Indartzen jarraitu behar ditugu balio horiek, Gipuzkoan ez baitago xenofobiarako eta diskriminaziorako tokirik. Gizarte gisa, guztion artean eustorma bat eraiki behar dugu korronte xenofoboen aurrean, eta testuinguru bat sortu behar dugu, non pertsona guztiak aukera berdinekin bizi ahal izango diren, generoa, sexu-orientazioa, jatorria eta sinesmenak kontuan hartu gabe ", adierazi du.

Aldi berean, Gambrak azpimarratu nahi izan du errefuxiatuei harrera egitearen aldeko jarrerak nabarmen gora egin duela azken bost urteotan, gai honekiko gipuzkoarrek duten sentsibilitatea agerraraziz.

Bestalde, barometroaren arabera, gipuzkoarrek nabarmentzen dute etorkinak saiatu behar direla gehien gure ohitura eta usadioetara moldatzen, nahiz eta jakin badakiten integrazio-prozesuak bai etorkinen bai bertakoen ahalegina eskatzen duela. Esan genezake “pixkanakako asimilazio” bidezko bizikidetza-ereduaren alde egiten dutela herritarrek.

2019ko Gipuzkoako Barometroko datuek ere agerian uzten dute jatorri atzerritarreko pertsonen talde batzuk estigmatizatzen direla; batik bat, Pakistan, Errumania edo Magrebeko etorkinak. Gizarteak immigrazioa arautzeko eskatzen du, eta sarrera- eta bizileku-baimenak lana izatearekin edo legezko egoera administratiboan egotearekin lotzeko joera du.

  

1344