Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Antiguako ibilbide paisajistikoaren hobekuntza

Antiguako ibilbide paisajistikoaren hobekuntza

Beloki Inguruneko erresilientziari eutsi eta CO2 xurgatzeko gaitasuna areagotuko da horrela

2020/09/19

Antiguako ibilbide pasaijistikoaren hobekuntza 5 km inguruko bide zirkularretik abiatuta gauzatu da. Bidezidor hori Beloki mendiaren natur gunean dago eta Antiguako ermitaren ondoko interpretazio-zentroaren inguruan hasi eta amaitzen da.

José Ignacio Asensio: “Lan hau inguruaren erresilientziari eusteko eta CO2 xurgatzeko gaitasuna areagotzeko egin da, bai eta ingurunearen kalitate natural eta paisajistikoa handitzeko ere, pertsonek naturarekin duten harremana handitzeko eta Zumarragako nortasun kulturala eta historikoren ezagutza indartzeko”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak Antiguako ibilbide paisajistiko berria bisitatu dute gaur goizean, Zumarragako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak egindako hobekuntza-lanen ondoren.

Antiguako ibilbide paisajistikoaren hobekuntza 5 km inguruko bide zirkularretik abiatuta gauzatu da. Bidezidor hori Beloki mendiaren espazio naturalean dago, eta Antiguako ermitaren ondoko interpretazio-zentroaren inguruan hasten eta amaitzen da, Zumarragako kultura- eta arkitektura-sinboloa baita. Horregatik, ibilbideak harrera handia du, eta udalerriko eta beste jatorri batzuetako herritarrek oso maiz bisitatzen dute.

Inguruneak duen natura, paisai, aisialdi, gozamen eta ezagutza balioa kontuan hartuta, jarduerak bide-zorua hobetu du, herritar guztien ibilerarako irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko (eremu higatuak finkatzea eta drainatze-sarea eta bidexkako arketak hobetzea), hainbat tokitan arbolak landatu dira, hainbat eserleku jarri dira eta ibilbide luzeko lau geldiune natural sortu dira.

Ibilbidearen kokalekua aprobetxatuz, geldiuneak  Antiguako ermitaren eta haren interpretazio-zentroaren kanpoaldeko gela erantsi gisa planteatu dira. Gune bakoitzaren izaera estetikoa,  Zumarragako iragan historikoko bereizgarriak diren eta bere identitatea osatu duten lau ezaugarrirekin lotu da: Antiguako ermitaren egitura berezia, Urolako trena, iragan idustriala  (Orbegozo, Zaldua) eta zumea eta otargintzarekin lotutako iragana.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “ekintza honi esker, ingurunearen erresilientzia mantendu eta CO2 xurgatzeko gaitasuna handitu ahal izango da. Horrez gain, hainbat zerbitzu ekosistemiko eskainiko ditu, ingurumenaren kalitate naturala eta paisajistikoa handitu, biztanleen ongizatea eta bizi-kalitatea areagotu eta osasun-indize desberdinak hobetzeaz gain. Bide batez, pertsonek naturarekiko konexioa areagotu ahal izango dute eta Zumarragako izaera historiko eta kulturala indartu”.

Jarduera hau Gipuzkoako Klima-Aldaketaren aurkako Borroka-Estrategia barruan sartzen da. 3. xedean, Gipuzkoan azpiegitura berdeko sarea sustatzea eta lurraldea desfragmentatzea da helburua. Alde horretatik, bi ekintza zehatz ezarri dira, batetik, degradatutako eremuak leheneratzea eta naturalizatzea helburu dutenak, lurraldearen erresilientziari eusteko eta CO2 xurgatzeko gaitasuna handitzeko, eta, bestetik, hirietako azpiegitura berdeak sustatzea, klima-aldaketara egokitzeko neurri gisa.

Hala, klima-aldaketara egokitzeko eta Gipuzkoako udalerrien azpiegitura berdeak osatzen dituzten eremuak berreskuratzeko eta balioesteko jarduera zehatzak sustatzeko testuinguru horretan kokatzen da Antiguako ibilbide paisajistikoa hobetzeko jarduera hau, eta 48.378 euroko aurrekontua (BEZa barne) izan du.

  

1497