Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Azahara Domínguezek eskualdeetarako bisitak abian jarri ditu Gipuzkoaren aukera eta behar turistikoak hobe ezagutzeko

Azahara Domínguezek eskualdeetarako bisitak abian jarri ditu Gipuzkoaren aukera eta behar turistikoak hobe ezagutzeko

Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak, bisita eta elkarrizketa batzuk hasi ditu gaur Goierrin, bertatik bertara ezagutzeko lurraldeak turismorako eskaintzen dituen elementu erakargarrietako batzuk eta horien inguruko beharrak eta inguruabarrak.

2023/11/02
Visita Goierri 2023

Iñigo García Turismoko zuzendariarekin batera, Azahara Domínguez inguruko alkate batzuekin eta hainbat turismo elkartetako ordezkariekin bildu da. Kasu guztietan, aztertu diren gaiak izan dira eskualdeko turismo industria, haren beharrak, jasangarritasunaren eta kulturaren zeharkako ardatza eta tokiko tradizioa.

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua: «Turismo Zuzendaritzarako, ezinbestekoa da ezagutzea eskualde bakoitza, haien indargune eta beharrak, eta bertako eragileekin harreman zuzen eta jarraitua izatea. Gaur, Goierrin izan gara, lurraldeko eskualde guztietara eramango gaituzten topaketetako lehenean. Helburua da industria turistikoari laguntzea bere helburuak betetzen modu jasangarrian eta kulturan eta tradizioan oinarrituta. Eskerrak eman nahi dizkiet bisita hauek posible egiten dituzten pertsonei eta tokiko entitateei, eskaini diguten arretagatik eta Gipuzkoako turismoaren alde izan duten jarrera onagatik».

Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Goierri eskualdeko turismogune garrantzitsu batzuk bisitatu ditu gaur, eta, gainera, inguruko alkateekin eta tokiko turismo industriarekin lotutako hainbat erakundetako ordezkariekin bildu da.

Diputatuak datozen asteetan burutuko dituen eskualdeko bisitetako lehena da; helburua da turismoaren sektorearen lurralde osoko aukera eta beharrak hobe ezagutzea. Azahara Domínguezek adierazi duenez, "Politikaren oinarria ezagutza da, eta helmuga, tokiko herritarren nahiz bisitarien ongizatea eragiten duten jarduketak eta akordioak. Turismo Zuzendaritzarako, ezinbestekoa da 


ezagutzea eskualde bakoitza, haien indargune eta beharrak, eta bertako eragileekin harreman zuzen eta jarraitua izatea».

Ordizia, Zegama eta Segura izango dira bisitatuko diren udalerri nagusiak
Azahara Domínguez diputatuak Ordizian hasi du Goierrirako bisita, Goierriko Turismo Agentzian (Goitur), eta berarekin izan da Iñigo García Turismoko zuzendaria ere. Bertan, Niko Osinaldek eta Ion Ubidek, erakundearen ordezkari gisa, eta Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta erakundeko presidente berriak, agentziaren berezitasunari buruzko ideiak partekatu dituzte, eta errepasatu dituzte urteko ekintza planaren ildo nagusiak, Goierri DTI (Helmuga Turistiko Adimendunak) plan pilotuaren bilakaera, eskualdeko turismo industriaren plan estrategiko berria eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekin eta SEGITTURekin (Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Merkataritza Sozietatea) lankidetzan aritzeko proiektuak.

Ondoren, foru ordezkariak Zegamara joan dira. Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren magalean dago herria, mundu guztian ezaguna da mendi maratoiagatik eta, gainera, bertan daude Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa eta Espainiako lehen trail estazioa. Iker Zubeldia alkateak "Basque Highlands" markaren balioa nabarmentzeko aurreikusitako ekintzen multzoa partekatu du. Marka hori Europar Batasuneko Bikaintasunaren Europako Helmuga da 2015etik, garapen turistiko jasangarri gisa.

Azahara Domínguez diputatuak eta Iñigo García zuzendariak Seguran amaitu dute eskualdeko bisita. Segura Erdi Aroko hiribildua da eta Donejakue Bideko puntu garrantzitsu bat. Udalerri horretantxe dago Erdi Aroko Interpretazio Zentroa ere, Ardixarra etxean. Izarra Urdalleta Segurako alkate eta Goierriko Turismo Mahaiko buruarekin batera bisitatu dute Ardixarra etxea, Erdi Aroko hirigunean barrena ibili dira eta "Euskal Herriko bihotzean" marka kulturaleko beste eduki batzuk bertatik bertara ezagutu dituzte.

Amaitzeko, Segurako Ondarre gaztandegira bisita egin dute. Aurten ere ordiziako lehiaketa irabazi duen gaztandegi honen jabea Eneko Goiburu da, Nekaturreko lehendakaria, eta foru ordezkariei instalazioak erakutsi dizkie, gastronomiaren inguruko «Idiazabal Lurraldea» markaren xehetasunak emanez.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak positibotzat jo du Goierriko eskualdera egindako bisita, eta ekintza horien garrantzia azpimarratu du. Halaber, azpimarratu du gaurko eskualdea izan dela lehenengoa lurraldeko eskualde guztietara egingo dituzten topaketetako lehena. «Helburua da industria turistikoari laguntzea bere helburuak betetzen modu jasangarrian eta kulturan eta tradizioan oinarrituta".

Era berean, Azahara Domínguez diputatuak bere esker ona adierazi du: "Eskerrak eman nahi dizkiet bisita hauek posible egiten dituzten pertsonei eta tokiko entitateei, eskaini diguten arretagatik eta Gipuzkoako turismoaren alde duten jarrera onagatik".

  

1250