Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako 102 harrera-familia potentzial erakarri dira

Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako 102 harrera-familia potentzial erakarri dira

Azaroan abiarazi zen kanpaina, eta interesa duten familien %50ak dagoeneko aurrera egin du harrera-familia bihurtzeko prozesuan.

Joan den azaroan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Ikusgaitzak' kanpaina abiarazi zuen, babesgabetasun egoeran dauden haurrak ikusarazteko eta harrera-familia gehiago aurkitzen saiatzeko.  Zehazki, 60 harrera-familia bilatu nahi ziren, hainbat arrazoi direla medio beren familian hazi ezin diren eta, horregatik, harrera-familia bat behar duten adingabeentzako. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur goizean jakinarazi duenez, hiru hilabetetan 102 familia jarri dira harremanetan Aldundiarekin informazioa eskatzeko, eta %50ak dagoeneko hasi du harrera-familia izateko prozesua.

"Kanpaina oso ondo funtzionatzen ari den arren eta lortutako emaitzak oso onak diren arren, oraindik ere harrera-familiak behar dituzten haurrak daude.  Horregatik, neska-mutil horiek berriz ere ikusgai egin nahi ditugu, etxean har ditzaketen familia gehiago aurkitzen jarraitzeko", azpimarratu du Olanok, Etxegorria elkarbizitza-gune berrira gaur goizean egindako bisitan. Elkargune hori harreran dauden adingabeen eta haien jatorrizko familien arteko bisitak egiteko erabiltzen da.

Diputatu nagusiak berriki irekitako "elkarbizitza-gune" berri hori bisitatu du, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuarekin, Pedro Perez eta Maite Pagola Gipuzkoako harrera-familien Beroa elkarteko kideekin, Sonia Archeli ama harreragile espezializatuarekin eta Igor Ribera aita harreragile boluntarioarekin batera. Horrela, Olanok elkarteak egiten duen lana ezagutu ahal izan du, eta lehen eskutik entzun du harrerako gurasoen esperientzia.

Arreta harrera espezializatuan

Gaur egun, Gipuzkoan 412 haur eta gazte bizi dira harrera-familietan; horietatik 75 adin-nagusitasuna bete duten eta harrera-familiarekin bizitzen jarraitzen duten gazteak dira. 122 familia zabalaren modalitatean bizi dira, 201 familia boluntarioetan eta 14 familia espezializatuetan. Diputatu nagusiak harrera espezializatura bideratutako azken programa horretan jarri nahi izan du arreta: "Premia bereziak dituzten haurrak daude, profil desberdineko familiak behar dituztenak".  Helburua da familiako kide batek, gutxienez, kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa izatea, "gehien behar duten" adingabeei arreta emateko eta haiekin esku hartzeko plan bat garatu ahal izateko. Horregatik, Olanok adierazi duenez, "borondatezko familiak behar badira ere, harrera-familia espezializatuak osa ditzaketen pertsonei dei berezia egin nahi diegu".

Diputatu nagusiak, Aldundiaren izenean, eskerrak eman nahi izan dizkie Gipuzkoako harrera-familia guztiei, gehien behar duten adingabeen ongizaterako egunero egiten duten "ekarpen ikaragarriagatik"; baita eremu horretan lan egiten duten elkarteei ere –Beroa, Lauka, Agintzari eta Baketik–, Gipuzkoa "solidarioa eta kohesionatua" eraikitzeko egiten duten lanagatik eta konpromisoagatik.  "Programa honek bete dituen 32 urteetan izandako ibilbideak erakusten duenez, familia-harrera babes figura sendoa da Gipuzkoan. Guztion artean bultzatzen jarraitu behar dugun aktibo sozial eta komunitarioa", gaineratu du.

Harrera-familiek pertsona gisa hazten jarraitzeko behar duten etxe bat eta maitasuna eskaintzen diete adingabeei.  Familiek beharrezko laguntza guztia dute, profesional talde baten eskutik, baita laguntza ekonomikoak ere. Harrera-familia izan nahi duen edonork idatzi edo deitu dezake eta informazioa eskatu posta elektronikoz (familiaharrera@gipuzkoa.eus) edo telefonoz (943 112522).

Etxegorria, elkarbizitza gunea

Babesgabetasun egoeran dauden haurrek eta nerabeek zailtasun handiko errealitateak bizi dituzte beren familia biologikoetan. Batzuetan, arazo horiek hain dira larriak, ezinbestekoa dela adingabe horiek beren familiatik kanpoko inguru batean zaintzea. Adingabe bakoitzak bizi dituen prozesuak desberdinak eta konplexuak dira, eta jatorrizko familiekiko harremana funtsezkoa da.  Pedro Perezek azaldu duenez, "Etxegorria gunean haurrek eta haien familia biologikoek espazio bat dute beren harremanean sakondu ahal izateko, profesionalen laguntzarekin".

          Beroa elkarteko kideek azaldu dute COVID-19aren ondorioz instalazioak eta bisiten modalitateak aldatu behar izan dituztela, bisita telematikoak txertatuz eta, beste batzuetan, bisitak kanpoan eginez. Artatutako pertsonen kopuruak behera egin du aurreko urteekin alderatuta, baina zehaztu dute ez dela eskari faltagatik izan, baizik eta pandemiak zerbitzua egokitzera behartu duelako.  Hala, adibidez, 2019an, hilero, batez beste, 260 adingaberi eman zitzaien arreta; 2020an, ordea, aurrez aurreko 120 bisita egin dira hilean.  "Familiei beste aukera batzuk eskaini zaizkie kontaktuari eutsi ahal izateko, argazkien, audioen eta bideodeien bidez", azaldu du Pedro Perezek.

Etxegorria, elkarbizitza-gune berria, iazko udan ireki zen, Ategorrieta etorbidean zuen aurreko kokalekua aldatu zuenean.  Perezek esan duenez, lekualdaketa horren helburua izan da "kokapen eta irisgarritasun baldintzak hobetzea". Instalazio berriak bederatzi bisita-gela, bainugelak, sukaldea eta jantokia ditu. Beroa elkartearen egoitza gisa ere funtzionatzen du, eta elkartea arduratzen da ekipamendua kudeatzeaz.        

  

1858