Behin-behineko pasabidea instalatzeko lanek jarraipena emango die asteartean Gaintxurizketan segurtasuna indartzeko jarduketei
Behin-behineko pasabidea instalatzeko lanek jarraipena emango die asteartean Gaintxurizketan segurtasuna indartzeko jarduketei
Behin-behineko pasabidea instalatzeko lanek jarraipena emango die asteartean Gaintxurizketan segurtasuna indartzeko jarduketei
Honen ondorioz, GI-636 errepidea erabat itxi beharko da asteartetik asteazkenerako gauean, egitura jasotzeko lanei ekin ahal izateko

Gaintxurizketan oinezkoen segurtasuna hobetzeko obrek aurrera jarraitzen dute, azken asteetan egindako prestaketa lanen ondoren. Datorren asteartean, maiatzak 27, GI-636 errepidearen gaineko behin-behineko pasabidearen egitura nagusia jarriko da, Euskotrenen geralekuaren parean.
Egiturak 14 metroko luzera eta 5,5 metroko altuera ditu, eta, horri esker, modu seguruan gurutzatu ahal izango dute inguruko bizilagunek eta langileek, arriskurik gabe. Pasabide hori Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako behin-behineko irtenbide baten parte da, behin betiko proiektua amaitzen den bitartean aldi baterako irtenbide arin bat izateko.
Pasabidea altxatzeko, errepidea erabat moztu beharko da asteartetik asteazkenerako gauean, 22:00etatik 06:00etara, Lanbarrengo eta Gaintxurizketako biribilguneen artean. Zirkulazioa biribilgune horietatik desbideratuko da, eta tartea behar bezala seinaleztatuta egongo da.
Aste honetan, aurreko lanak osatu dira, galtzadaren albo bietan egiturari eutsiko dioten bi zutabeak instalatuta. Pasabidea jarri ondoren, eskailerak muntatuko dira, galtzadan seinale horizontalak jarriko dira eta argiztapen-sistema jarriko da GI-636 errepidearen ondoan egokitutako oinezkoentzako ibilbide berrian. Lan horiek amaituta, pasabidea laster jarriko da martxan.
Azpiegitura berri horri esker, Euskotreneko zerbitzuaren erabiltzaileek eta Perrene auzoaren eta Lanbarrenen artean oinez doazenek segurtasunez zeharkatu ahal izango dute GI-636 errepidea, oinezkoen mugikortasun-baldintzak nabarmen hobetuz.
Pasabideaz gain, lehen fase honetako proiektuak Errekalde Hotelaren eta La Seta izeneko eremuaren artean oinezkoentzako ibilbide babestu bat sortzea aurreikusten du. Lehen tartean— hotelaren eta Gure Txokoa etxebizitzaren artean —, ibilgailu motelentzako erreia kendu da jada, hormigoizko hesien bidez bereizitako bidea gaitu ahal izateko.
Proiektu honek bide-segurtasuna indartzeko neurri osagarriak ere jasotzen ditu: Altamirako tunelaren eta Gaintxurizketako biribilgunearen arteko zatian abiadura 70 km/h-ra mugatu da, seinaleztapen bertikala eta horizontala indartuko da, radar pedagogikoak jarriko dira pasabidearen parean, eta balizazioa eta erreien bereizketa hobetuko dira bidearen ardatzean lerro jarraitu bikoitz baten bidez.
Obrek irauten duten bitartean eta erabiltzaileen segurtasunagatik, GI-636 errepidean, Irungo noranzkoan, Lanbarrenera sartzeko biribilgunearen parean, txirrindulariak pasatzea debekatuta egongo da.
5056