Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Bide eredugarria

Bide eredugarria

Realeko emakumeezkoen futbol taldeak Granadan lortutako garaipenaren harira.

Elkarrekin pasa ditugu azken orduak Granadan, eta gertutik gozatu izan ditugu hain une hunkigarriak. Granadan zein Gipuzkoako bazter guztietan eta kolore txuri-urdinak sentitzen diren munduko leku askotan, atzoko gaua ez da sekula ahaztuko. Lorpen historikoa da zuena eta honezkero jabetzen hasiak gara zer nolako oihartzuna izan duen. Duela pare bat aste, Bera Bera eskubaloi taldeak Erreginaren Kopa irabazi zuen, eta Errealeko belar hockeyko neskak Europako txapeldunorde bilakatu ziren. Izotz hockeyko Txuri Urdineko neskak, berriz, Erreginaren Kopako finalera iritsi ziren, eta IDK saskibaloi taldea ere play-offetara iritsi da aurten.

Gipuzkoak berebiziko indarra du emakumezkoen kirolean. Diziplinaz diziplina, kategoriaz kategoria, urtetako lanaren emaitzak inoiz baino agerikoago ari dira bihurtzen. Hau guztia momentu ezin hobe batean ari da gertatzen, gainera.  Izatez, hamarkadatako lanaren fruitua da oraingo hau, eta zilegi da gaur gogora ekartzea 80ko hamarkadan antzeko balentriak lortu zituzten Añorga eta Oiartzun taldeetako neskak, oraingoen aldean oso baldintza desberdinetan egin baitzuten haiek bidea. Eklosio hau, ordea, momentu jakin honetan iritsi da, gizarteak berdintasun kota handiagoak eskatzen dituen garaian, eta, hala, kirolaren erakustokia emakumeen ahalduntzearen, ahaleginaren eta talde lanaren adierazlerik onena bilakatu da; zuek hala nahi izan edo ez, dagoeneko erreferentzia zarete emakume askorentzat. Eta horrek, nola ez, ardura handiz jokatzea dakar.

Gipuzkoak 17.800 emakume federatu ditu kirol diziplina ezberdinetan; horietatik 1.700 futbolean, federazio-lizentzia guztien % 14, alegia. Nolanahi ere, eskola kirolean 3.293 neskatok jokatzen dute futbolean, eta horiek kontuan hartuta, % 37a osatzen duzue guztira.  Datu horrek jarraitu beharreko bidea erakusten digu. Eskola kirol unibertsala eta balioetan heztea.  Eta ziur gaude honetaz: zuen atzoko balentriak bokazio berriak sorraraziko ditu, eta futbolean jokatuko duten nesken zerrenda hazi egingo da.

Gaur esan nahi dizuegu Gipuzkoa osoa harro dagoela Errealaz, bertako neska-mutilez. Baina Gipuzkoan badakigu jakin, zuen meritua, emakumena, beste inorena baino handiagoa dela. Egunerokoan kristalezko sabaiari eta arrakalei aurre egin behar izaten diezuelako; babesleak aurkitzeko zailtasunak izaten dituzuelako; aldea dagoelako gizonei eta emakumeei ematen zaizkien sarien artean; zuzendaritzetan emakume gutxi daudelako oraindik ere kirol munduan. Balio dezala lorpen erraldoi honek desberdintasun horiek guztiak gure kezken erdigunera ekartzeko.

Bukatzera noa.  Realak aurten bere ereserkiren letra aldatu du. Premonizio baten moduan, “aurrera mutilak esan beharrean”, “Aurrera Reala” dio gure betiko ereserkiak. Eta aitzindari izan zineten. Atzokoan Los Cármenes estadioan realaren ereserkia entzun genuenean, pentsatu nuen: eskerrak. Eskerrik asko, Jokin, hain ausart jokatzeagatik. Txikikeria irudi lezake ereserkiaren letra aldatu izanak, baina premonizio baten modukoa izan da. Orain, guztiok ordezkatzen gaituen ereserki bat daukagu.  Beraz, mezu argi bat bidaltzen diogu gizarteari: ez dezagun zalantzarik egin, egin dezagun apustu. Apustu guztiek merezi dute. Berdintasunaren aldeko edozein inbertsioren emaitza sozialak balio zenbaezina du kohesioari eta bizikidetzari begira.  Eskerrik asko Jokin, eskerrik asko Gonzalo Arconada eta eskerrik asko Sandra Ramajo, lantalde zoragarri honetako ordezkari bikainak zaretelako.

Aurrera Reala, aurrera Gipuzkoa, aurrera txuri-urdinak!

 

  

1441