Birziklatzearen Klusterrak "Recycling Top" topaketei ekin die berriro, eta Alegiako SUTARGI enpresa bisitatu du
Birziklatzearen Klusterrak "Recycling Top" topaketei ekin die berriro, eta Alegiako SUTARGI enpresa bisitatu du
Birziklatzearen Klusterrak "Recycling Top" topaketei ekin die berriro, eta Alegiako SUTARGI enpresa bisitatu du
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak berriro ekin die Recycling Top topaketei, sektoreko enpresen arteko lankidetza indartzeko eta Gipuzkoako ekoizpen-sare jasangarria ikusarazteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Recycling Top zikloaren beste topaketa bat egin du aste honetan, eta, horrela, ekonomia zirkularreko esperientzia arrakastatsuak ikusarazteko funtsezko ekimen bati ekin dio berriro ere. Jardunaldia SUTARGI enpresaren instalazioetan izan da, Alegian, gizarteratzean eta laneratzean eta jasangarritasunean erreferentea baita.
José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua izan da topaketaren buru, Mónica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariarekin batera, eta nabarmendu du garrantzitsua dela horrelako ekimenak berraktibatzea: «Recycling Top-ek Gipuzkoan ekonomia zirkularra bultzatzen jarraitzeko aukera ematen digute, Sutargiren moduko enpresen lan eredugarriari balioa emanez, berrikuntza, konpromiso soziala eta jasangarritasuna uztartzen baitituzte».
Jardunaldian, bertaratuek ezagutu ahal izan dituzte SUTARGIren ibilbidea eta proiektuak. Irabazi-asmorik gabeko lan-sozietate anonimo horrek 259 pertsonari ematen die lana, eta horietako 145ek desgaitasuna dute. Lan-ildoen artean, nabarmentzekoak dira produktu soziosanitarioen fabrikazioa, diseinuko altzariak eta DEKOsocial proiektua, zeinak materialak berrerabiltzen baititu, hala nola paletak, altzari jasangarriak sortzeko, eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei prestakuntza ematen baitie.
2024ko azaroan, ASLEk Txemi Cantera Gizarte Ekonomiako Nazioarteko Saria eman zion Sutargiri, gizarteratzeko eta laneratzeko duen ereduagatik eta gizarte-ekonomian duen eragin positiboagatik.
Bilera horrekin, Jasangarritasun Departamentuk Sutargiren lana ikusarazi nahi izan du, eta GK Recycling klusterraren bisita-zikloa berraktibatu. Kluster horrek ehun erakunde baino gehiago biltzen ditu, ingurumenaren arloko enpresak, elkarteak, teknologia-zentroak, unibertsitateak eta aholkularitzak.
«Gipuzkoak ekonomia zirkularrean oso indartsua den enpresa-ekosistema bat du, eta topaketa hauei esker sinergiak sortu, ezagutza partekatu eta eredu lehiakorrago, berde eta inklusiboago baterantz aurrera egin daiteke», azpimarratu du Asensiok.
Recycling Topen helburua da klusterreko eragileen artean esperientzia errealak trukatzea erraztea, lankidetza-aukera berriak sortzea eta lurraldeko trantsizio ekologikoarekiko konpromiso kolektiboa indartzea.
4422