Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Donostiako sexu erasoa gaitzetsi, eta Gipuzkoako gizarteari dei egin dio Aldundiak “emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko mobilizatu dadin”

Donostiako sexu erasoa gaitzetsi, eta Gipuzkoako gizarteari dei egin dio Aldundiak “emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko mobilizatu dadin”

“Pertsonen integritate fisikoa eta duintasuna eskubide urraezinak dira”, gogorarazi du Eider Mendoza foru bozeramaileak

Gipuzkoako Foru Aldundiak irmoki gaitzetsi du Donostian jazotako sexu erasoa, eta iragarri du parte hartuko duela erasoa salatzeko bihar Alderdi Ederren egingo den elkarretaratzean. Eider Mendoza bozeramaileak ordezkatuko du foru erakundea bertan.

Mendozak elkartasun osoa adierazi dio Foru Aldundiaren izenean Donostiako erasoaren biktimari, eta ohartarazi du “gizon eta emakumeen berdintasuna, pertsonen integritate fisikoa eta duintasuna eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka doazen jarrerak bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean. Gaur egun, oraindik ere, ozen asko jarraitzen dugu esaten, ‘Ez’ da ‘ez’, edozein egoeretan gainera”.

“Gipuzkoako gizarte osoari dei berezia egiten diogu, gaitz sozial hau arbuiatzeko antolatzen diren mobilizazio eta ekintzetan parte har dezan. Azken erasoen aurrean izandako erantzunak agerian uzten du sentsibilizazio eta inplikazio maila geroz eta handiagoa dela, gizarteak ez duela halako jarrerarik onartzen eta barneratzen ari garela guztion erantzukizuna dela horrelako erasoak eta oldarraldiak saihestea modu aktiboan, baina oraindik asko dago egiteko”, azpimarratu du bozeramaileak.

“Gisa honetako gertaeren oinarrian gizartean bizirik dirauten egiturazko ideia matxistak daude, gizon eta emakumeen berdintasun falta, eta jarrera horiek gainditu eta berdintasunean aurrera egitea beharrezkoa dugu indarkeria matxistarik gabeko lurraldea izan nahi badugu”, laburbildu du bozeramaileak.

  

1339