Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ehun herritar inguruk hartu dute parte Foru Jauregiko lehen ibilaldi antzeztuetan

Ehun herritar inguruk hartu dute parte Foru Jauregiko lehen ibilaldi antzeztuetan

Estreinaldiak harrera bikaina izan ondoren, Aldundiak bisita gidatu dramatizatu gehiago eskaintzea aurreikusten du, abenduaren 20an hurrengo bat, Gipuzkoako milurtekoaren ospakizunaren parte gisa

Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Jauregian gaur egin diren lehen bisita antzeztuek arrakasta handia izan dute eta aho zapore bikaina utzi dute bertaratutakoen artean. Ipuskoa, Izanetik  izena. 1025-2025, Gipuzkoaren milurtekoa ospatzeko antolatutako programaren barruan antolatu dira eta handia zen ikus-mina, izenematea ireki eta ordu gutxira sarrera guztiak agortu baitziren. Ehun pertsona inguruk parte hartu dute gaurko saioan ondarearen, kulturaren eta aisialdiaren zabalkundea modu originalean batu duen esperientzia berritzaile honetan. Erantzuna ikusita, aurrerantzean ibilbide berezi hau aldizka eskaintzea planteatzen da. Eider Mendoza diputatu nagusia eta Irune Berasaluze, Gobernantzako diputatua bisitetako batean izan dira, eta zorionak eman dizkiete antzezleei egindako lanagatik. “Sorpresa atsegina eta dibertigarria izan da gure lantoki ere badiren gela eta txokoetatik hain begirada sortzaile eta originaletik igarotzea”, adierazi du Mendozak.  Lehen edizio honek izan duen harrera bikaina eskertuta, abenduaren 20an berriro ere errepikatuko dela baieztatu du: “Piztu duen jakin-minak eta ibilbidean publikoak duen inplikazioak berresten dute gure ondarea, kultura eta historia komuna hurbiletik, bizitasunez eta entretenituz hurbiltzeko potentzial izugarria duen proposamena dela”.

Diputatu nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoako aipamen ezagun zaharrenaren milurtekoaren inguruan antolatutako jarduerek “aukera ezin hobea” eskaintzen dute “gure sustraiak pixka bat hobeto ezagutzeko, gure historia eta batzen gaituzten balioak aldarrikatzeko” eta “kulturaren eta tradizioen bidez gipuzkoarren arteko topaguneak sortzeko”. Gogorarazi duenez, azken hamarkadan Aldundiak herritarrei “eguneroko lana hurbildu” nahi izan die, urtean birritan egin ohi diren  ate irekien jardunaldien bidez, eta aurten bisita antzeztu horiek gehitzea erabaki dute, “erakunde moderno, ireki eta hurbil” bezala lan egiten jarraitzeko borondatean beste urrats bat baitira.

Larunbat honetan, lau taldetan banatuta (bi euskaraz eta bi gaztelaniaz), bertaratutakoek Foru Jauregiko solairu noblea zeharkatu dute Gobernanta-ren eskutik, Josune Gorostegik antzeztutako fikziozko pertsonaia. Anfitrioiak bisitariak hartu ditu, jakin-minez eta zain, eraikina mantentzeaz eta garbitzeaz arduratzen den plantillan sartzeko hautagaiak balira bezala. Argumentu-aitzakia horretatik abiatuta, egun batez Aldundiaren zerbitzurako hautagai bihurtutako publikoa gidatu dute Loiolako San Inazioren (Gaizka Sarasua), Juan Sebastian Elkanoren (Arkaitz Gartziandia), Julio Urkixoren (Juanma Rodríguez) eta Elbira Zipitriaren (Amaia Irazabal) “mamuek”, korridore eta aretoetatik.

Haien eskutik, antzezlan ibiltari batez gozatu dute, eta, eraikinari buruzko bitxikeriak azaltzeaz gain, Gipuzkoako historia eta Gipuzkoa plazako Foru Jauregiak gordetzen duen ondare artistiko baliotsua modu atsegin eta parte-hartzailean ezagutzeko aukera izan dute.

Harrera bikainak ekimen honi jarraipena ematera bultzatu du Aldundia. Oraingoz, abenduaren 20rako beste hitzordu bat iragarri dute, eta ez da baztertzen aurretik beste saio bat antolatzea.

  

2767