Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Lurraldebuseko telefono bidezko salmenta zerbitzuak 4.636 txartel saldu ditu lehen urtean

Lurraldebuseko telefono bidezko salmenta zerbitzuak 4.636 txartel saldu ditu lehen urtean

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, iazko urriaren 14an Avanza kontzesionarioan martxan jarri zen zerbitzu hori gehienbat emakumeek erabili dute ( % 72), eta gaztelaniazko arreta eskatu da nagusiki ( % 85). Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean erabili da gehien zerbitzu hori.

2025/10/31
Azahara Domínguez diputatua Anakoneko ordezkariekin bildu da

Azahara Domínguez diputatua Anakoneko ordezkariekin bildu da


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Avanza emakidadunean sustatutako Lurraldebuseko telefono bidezko salmenta-zerbitzuak 4.636 txartel saldu ditu lehen urtean. Azahara Dominguez diputatuak ostiral honetan Anakon (Arrasateko Nagusien Kontseilua) erakundeko ordezkariekin bildu da, izan ere, kontseilu hau zerbitzu hau jartzea eskatu zion diputatuari teknologia berriekin moldatzeko zailtasunak zituztelako.
Zerbitzua martxan jarri zenetik urtebete bete den honetan, diputatuak berriro bildu nahi izan du Anakonekin, bere departamentuak zerbitzu horri egin dion jarraipena azaltzeko eta datuak haiekin partekatzeko. Maider Morras alkatea gonbidatuta zegoen baino azkenean ezin izan da gerturatu. 
Diputatuak azaldu duenez, zerbitzu honek 4.363 txartel saldu ditu lehen urtean, eta gehienak emakumeek erabili dituzte. Izan ere, Lurraldebuseko txartelak bide horretatik erosi dituzten pertsonen % 72 emakumeak izan dira, gizonen % 28ren aurrean, eta % 85ek zerbitzua gaztelaniaz ematea eskatu dute, eta % 15ek, berriz, euskaraz artatzea.
Azahara Domínguezek azaldu duenez, udako hilabeteetan gehiago erabili da zerbitzu hori. Izan ere, ekainean 722 salmenta izan dira, uztailean 640 eta abuztuan 583, eta ondoren irailean 501.
Diputatuak gogorarazi du bere departamentuaren "lehentasunezko ildo estrategikoa" gipuzkoarren artean “garraio publikoaren erabilera sustatzea dela, eta horretarako, eskaintzen dugun zerbitzua hobetzen jarraitzeaz gain, herritar guztiei garraio publikorako sarbidea erraztu behar diegula”.
Azahara Domínguezek gogorarazi duenez, Lurraldebusen telefono bidezko salmenta zerbitzua astelehenetik igandera dago martxan, 7:30etik 21:30era, urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean izan ezik. Erabiltzaileek 843 740 286 zenbakira deitu besterik ez dute egin behar txartelak erosi ahal izateko, eta erosteko baldintzak online erosketakoen berdinak dira. Gainera, erabiltzaileek telefono-zerbitzuaren bidez edo Avanza webgunearen bidez erositako txartelak aldatu eta baliogabetu ahal dituzte, online erosketaren baldintzen arabera. Beste edozein gai, hala nola lokalizatzaileen eskaera edo beste kontsulta batzuk, Avanza Bezeroaren Arreta Zerbitzuak artatzen jarraituko du.


Entzute aktiboa
"Pozik gaude, gure ustez oso zerbitzu garrantzitsua delako Internetera sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat, eta hori hobetzen jarraitzeko modua aztertuko dugu, herritarrentzat eskuragarriagoa izan dadin.", azaldu du diputatuak, eta nabarmendu du "neurri hau herritarrekin modu aktiboan entzuteak bere fruituak ematen dituen beste adibide bat dela".
Izan ere, bileran zehar, Anakoneko ordezkariek beste gai batzuk landu dituzte, hala nola, txartelen erosketa telefonikoa are gehiago sinplifikatzea, informazio-panelak eskuragarriago egitea edo Arrasateko konexioak hobetzea, besteak beste. Hauen inguruan, diputatuak aztertzeko konpromisoa hartu du. Era berean, autobus geltokian hobekuntzak egitea eskatu dute, baita herriko taxi zerbitzuan ere. Azahara Domínguezek gai horiek Udalari helarazteko konpromisoa hartu du, bere ardura baita, baina bigarrenari buruz gogorarazi du bere departamentuak taxiaren batzorde teknikoa sortu duela, udalerriek zerbitzua nola hobetu dezaketen ikusteko.
Pilar Iriarte Anakoneko ordezkariak eskerrak eman dizkio diputatuari "gurekin hitz egiteko erakutsi duen prestasunagatik eta zerbitzu hau eskatu bezala martxan jarri duelako". "Hala ere, oraindik hobetu beharreko gauzak daudela uste dugu, eta gaurko bileran azaldu ditugun gaiak aztertzea espero dugu", gaineratu du.
 

  

2618