Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Emakumeen eta gizonen arteko desoreka datutan

Emakumeen eta gizonen arteko desoreka datutan

Aldundiak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna adierazteko datu deigarrietan oinarritu du kanpaina berria

2018/03/06

Emakumeen Nazioarteko egunaren harira abiarazi duen kanpaina aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurten ahalegin berezia egingo da emakumeak eta gizonak banatzen dituzten desberdintasunak agerian uzteko eta, horretarako, datu argigarri eta deigarrietan oinarrituko kanpaina bat egingo da. Markel Olano diputatu nagusiak gaurko aurkezpenean aurreratu duenez, "aurtengoa ez da ohiko kanpaina bat izango" eta azaldu du "guztion konplizitatea bilatuko" dela, "urrats bat gehiago eman eta agerian uzteko, Gipuzkoan emakumeen eta gizonen artean dagoen desoreka nabarmena".

            'Erdiak gara. Izan gaitezen erdiak' da aurtengo kanpainaren leloa eta dei honekin bizitzaren eremu guztietan aldarrikatu nahi da sexuen arteko banaketa orekatua. Aurkezpenean Olanok ohartarazi duenez, "desberdintasuna ia oharkabean bizi dugu egunero, hain modu ohikoan maiz, konturatu ere ez garela egiten", baina, segidan gehitu duenez, "datuek behin eta berriz gogorarazten digute errealitate egoskor hori". Arretarako dei honekin, kanpainarekin batera kamera ezkutuan egindako bideo deigarri bat ere zabaldu du Aldundiak, sare sozialetan ikus daitekeena. Lasarte-Orian aurreko astean filmatutako bideoan aktore bat segurtasun agente baten planta egiten ikus daiteke, herriko kale aldapatsu bateko eskailera elektrikoetako sarbidea erregulatzen. Agente faltsu honek gizonei pasatzen utzi eta emakumeei galarazi egiten zien. Esperimentu honetan parte hartu zuten herritarren erreakzioak jaso eta kanpainari hasiera emateko bideo deigarria osatu da. Metafora moduko bat aurkeztea izan da ikus-entzunezko bitxi honen helburua eta aitzakia bezala erabili, anekdotatik harago, hausnarketa sustatzeko.

Soldata-arrakala eta kontziliazioa

Kanpainaren muina, ordea, era guztietako datuetan oinarritzen da. Hain zuzen, datuak erabilita diputatu nagusiak berak nahi izan du Gipuzkoako egoera desorekatuaren lehen erretratua ematea eta, bereziki, lan eremuko eta kontziliazioaren esparruko datuetan oinarritu da. Hain zuzen bi arlo horietan eragin nahi da berdintasunari dagokionez, Aldundiak Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko estrategian. Iazko errenta kanpaina prestatzeko batutako datuekin eta 2016ko Euskadi mailako txostenaren datuak eskuan, mahaiaren gainen jarri nahi izan du soldaten arrakalaren gaia. Hala, 2016 urtean emakumeen bataz besteko urteko soldata 21.019 eurokoa zen eta 28.194 eurokoa gizonena. Diputatu nagusiaren esanetan "soldata-arrakalarena da desberdintasuna nabarien erakusten duen datuetako bat". 2005 eta 2016 urteen artean 5,4 puntutan murriztu da arrakala, hau da, 2005 urteko % 30,8tik, 2016 urtean diferentziaren ehunekoa 24,5 da. Olanorentzat, "argi dago arrakala murrizten jarraitzeko lanean jarraitu" behar dela. Kanpainak gaia ikuspegirik irekienarekin lantzen du, gizarte osoari begira. Izan ere, Diputatu nagusiaren hitzetan, "aldaketa kultural baten aurrean" aurkitzen gara, "ohituren aldaketa bat, lanean, familian eta gizartean; aldaketa bat etorkizuneko Gipuzkoaren ekonomiaren eta gizartearen oinarrietako bat izango dena".

             Aldaketarako gakoetako bat, Olanok azaldu duenez, kontziliazio erantzunkidea da. Hain zuzen, Etorkizuna Eraikiz dinamikaren ardatzetako bat da hori, bizitza laboral eta familiarraren arteko orekan eragin nahi duena, lanaren antolaketan eta kultura aldaketan eragiteko. Euskadin emakumeen %45ak murriztu ditu lan orduak seme-alabak izan dituenean eta soilik gizonen %5ak egin du. 2016ko datuen arabera, emakumeen %93k eskatu dituzte haurren zaintza burutzeko eszedentziak eta %83,2ak familia-kideak zaintzeko. Etorkizunera begira, diputatu nagusiak garrantzi handia eman die bi aspektu hauei. “Aldundian gure indarrak batu ditugu etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko eta legealdi honetan 30 esperientzia pilotu jarriko dira martxan enpresetan kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko”. Aldi berean, Berdintasun Organoak martxan jarri du jada Kontziliazio Erantzukindeko plana.

Kanpaina partehartzailea

Gaurtik aurrera jartzen da martxan kanpaina informatibo berria eta martxoaren 20an Gipuzkoa.eus web orriaren barruan atal bat bideratuko da datu osagarriak publikatzeko. Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasuneko Organoaren zuzendariak, Miren Elgarrestak, hiritar guztiak animatu ditu beren ikuspuntua eta datuetan oinarritutako esperientziak kontatzera, ondoren sare sozialetan partekatzeko. Elgarrestaren esanetan, “kanpainak ez du nahi mezuak paisaiaren parte izaten gelditzerik, horregatik azpimarratzen da desberdintasunaren gaia, gizonen eta emakumeen arteko desoreka, badaudelako hori erakusteko adibideak eta erakusgaiak nonahi”. Gutxinaka datu gehiago bilduko dira sare sozialetan publikatzeko, #future5050 hashtag-arekin. Martxoaren 20tik aurrera desoreka horren datuak eman ahalko dira sare sozialetan partekatzeko. Kanpaina guztia Gipuzkoa.eus/future5050 helbidean egongo da.

Elkarretaratea ostegunean

Azkenik, martxoaren 8aren harira, kontzentrazioa egingo da Aldundian. Eguerdia izango da elkarretaratzea, Gipuzkoa plazan.

  

1545