Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Euskararen biziberritzean “urrats berriak eta ausartak” emateko konpromisoa adierazi du Foru Aldundiak

Euskararen biziberritzean “urrats berriak eta ausartak” emateko konpromisoa adierazi du Foru Aldundiak

Diputatuen Kontseiluak hemezortzigarren bilkura ibiltaria egin du gaur goizean Urnietan; Eider Mendoza diputatu nagusia Jorge Segurado alkatearekin elkartu da, herriko proiektu eta egitasmoak bertatik bertara ezagutu asmoz

Gipuzkoako Foru Aldundia

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, hizkuntzaren aldeko “urrats berriak eta ausartak” emateko konpromisoa berretsi du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, Urnietan egindako foru gobernuaren bilkura ibiltarian onartutako erakunde adierazpenaren bitartez. “Euskara guztiontzako da, denon aldekoa. Euskara ez dakitenentzat ere, ate berri bat da. Batzen gaituen hizkuntza da, elkar ulertzeko giltza” adierazi du Eider Mendoza Larrañagak eta “denon artean” euskarari “bideak zabaldu eta lur berriak” lantzera dei egin du, “guztion baitan baitago euskararen jauzia”.

Jorge Segurado alkatearekin batera egindako agerraldian diputatu nagusiak jakinarazi duenez, foru gobernuak onartutako adierazpenak gogorarazten du euskarak bizirik dirauela, “hazi eta berritzen” ari dela “belaunaldiz belaunaldi” milaka lagunek egindako ahaleginari esker. Kontrajarri duenez, baina, “bizi garen mundu nahasi eta aldakor” honetan, hiztun komunitatea ez da “berez” mantentzen. “Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da”, berretsi du.

Testuinguru horretan, diputatuek aldarrikatu dute “orain ere euskararen garaia” dela. “Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko garaia. Aisialditik lan munduraino eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune erosoak sortzeko garaia. Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko garaia. Euskararen ezagutza zabaltzeko garaia. Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko garaia. Euskararen biziberritze prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko eta urrats berriak eta ausartak egiteko garaia”.

Urrezko domina, abenduaren 12an

Hain zuzen ere, emakume eta sortzaile “ausarta eta aitzindaria” izateagatik, Lourdes Iriondo kantari, idazle eta irakasle urnietarrak jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina aurten, haren heriotzaren 20. urteurrenean. Diputatu nagusiak jakitera eman du abenduaren 12an egingo dela ekitaldia. Foru gobernua, ohikoa den moduan, “maitasunez eta gogotsu” ari da prestatzen hitzordua.

“Emakume eta sortzaile ausarta izan zen, gure hizkuntzari, euskal kantagintzari eta haur literaturari ekarpen aitzindaria egin ziona, garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz. Omenaldi berezia eta partekatua izatea nahi genuke, haren ekarpenari aitortza kolektiboa eskainiko diona”, aipatu du Mendozak.

18. Kontseilu ibiltaria

Legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien barruan elkartu da Diputatuen Kontseilua Urnietan. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutu nahi da eta, horrekin batera, udalekin lankidetza estutzen jarraitu, herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeaz gain. Horrela, Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Jorge Seguradok, Urnietako alkateak, lan bilera egin dute, herriko desafio eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko.

“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera eta gureak partekatzera” etorri gara Urnietara, baita udalak izan ditzakeen “kezka eta ekarpenak” jasotzera ere, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik lan egiten ari gara, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko. Kontseilu ibiltariak bezalako ekimenek erakusten digute zein aberasgarriak diren maila ezberdinetan martxan jarritako elkarlan egitasmoak”, gehitu du Mendozak. Bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatu nagusiak, “gainontzeko erakundeekin lankidetza eta hartu-emana estutzen, hain zuzen ere”.

Urnietako alkateak eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eider Mendoza diputatu nagusiari Urnietara etorri direlako Kontseilu ibiltaria egitera data seinalatu batean, Euskararen Egunaren bezperan, hain zuzen.

Era berean, bi administrazioen artean dagoen harreman eta sintonia ona nabarmendu du: "Bileran Aldundiarekin batera ditugun proiektuak aztertu ahal izan ditugu, hala nola, Plazaolako bidegorria, Urnieta eta Lasarte-Oria lotuko dituena, eta adinekoen egoitza eraikitzeko lursailaren lagatzea. Baita Udaletik udalerria hobetzeko garatuko ditugun hurrengo jarduerak ere: arrapala mekanikoak jartzea, futbol-zelaia eta atletismo-pista berritzea, eta, jakina, Urnietako zaintza-ekosistema".

Azkenik, Seguradok bere esker ona eta poza adierazi du alkate eta iloba gisa, Lourdes Iriondo urnietarra omenduko dutelako Aldundiaren urrezko dominarekin, gure kulturari egindako ekarpen guztia aitortzeko balioko duena.

  

938