Foru Aldundiko Kontseilu ibiltaria Oñatin elkartu da
Foru Aldundiko Kontseilu ibiltaria Oñatin elkartu da
Eider Mendoza diputatu nagusia buru dutela, euren asteroko batzarra egin dute foru diputatuek Gipuzkoako Artxibo Historikoan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hemeretzigarren bilkura ibiltaria egin du gaur goizean Oñatin, erakundearen jarduna lurralde osora eta herritarrengana gerturatu asmoz. Saio horien helburua da Gipuzkoako udalerrien erronkak eta proiektuen gauzatzea hurbiletik ezagutzea, horiekiko lankidetza indartuz eta jarduera instituzionala herritarrengana hurbilduz. Eider Mendoza diputatu nagusia buru zutela, foru diputatuak Gipuzkoako Artxibo Historikoan elkartu dira, lurralde osoari eragiten dioten hainbat neurri eta erabaki onartuz. Izaro Elorza Oñatiko alkateak egin die harrera bertan.
Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu du Oñati “oso herri dinamikoa” dela, “bai gizarte eta kultura mailan, baita ingurumenaren, industriaren eta ekonomia sozialaren ikuspegitik ere”. “Erakundeok elkarrekin lan egiten dugunean, gure komunitateari zuzenean mesede egiten dioten eta haren garapena indartzen duten neurriak eta proiektuak bultzatzeko gai gara. Horretarako, ekimen oso baliagarria da Kontseilu ibiltaria", adierazi du.
Foru gobernuak egindako hemeretzigarren batzar ibiltaria izan da Oñatikoa, Gipuzkoako Plazatik Gipuzkoa osoko plazetara irteteko ekimenean. Ildo horretan, Mendozak dinamika hori indartzen jarraitzeko asmoa azaldu du, lankidetza bultzatzen jarraitu eta erakunde-maila desberdinen arteko sinergiak indartzeko.
Kontseiluko batzarraren ondoren, foru diputatuek Gipuzkoako Artxibo Historikoko instalazioak eta bertako hainbat dokumentu esanguratsu ezagutu dituzte, Aldundiko Artxiboetako eta Agiri Ondareko zerbitzuburu Ramon Martinen eskutik. Gipuzkoako lurralde historikoko dokumentu-ondarea zaintzeko eta kontserbatzeko ardura duen entitatea da. Gipuzkoako dokumentu-ondare horretatik nagusiki fede publikoarekin, justiziarekin, hezkuntzarekin edo estatuko administrazio periferikoarekin zerikusia duten artxibo-funtsekin lan egiten du.
Diputatu nagusiak publikoki eskertu eta aldarrikatu du Artxibo Historikoak eta bertako lan taldeak egiten duten lan ona. “Lurraldearen aipamen zaharrenaren milurtekoan ikusi dugu zeinen garrantzitsua den gure historiaren ezagutza, honaino ekarri gaituen bidea ezagutzea, aurrera begira guztiok batuta itxaropenez eta indarrez aurre egiteko. Fake news-ak eta desinformazioa gailentzen ari diren garaiotan, ezinbestekoak dira honelako guneak, gure lurraldearen historiaren, agirien eta datu historikoen zaindari direlako”, berretsi du.
1880