Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoa aitzindaria muturluzea kontserbatzeko neurri aktiboak garatzen,maiatzetik desagertzeko arriskuan dauden espezieen zerrendan

Gipuzkoa aitzindaria muturluzea kontserbatzeko neurri aktiboak garatzen,maiatzetik desagertzeko arriskuan dauden espezieen zerrendan

Urumea, Leitzaran eta Bidasoa ibaien goi-ibarretan bizi den ugaztun hori galtzeko arrisku larrian dauden espezieen zerrendan sartu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 urte baino gehiago daramatza hura zaintzen, abangoardiako kudeaketa–teknikak aplikatuz. LIFE Kantauribai programa indartuz, espezie horren ezagutzan eta berreskurapenean aurrera egitea espero da.

2025/06/11
Gipuzkoako Foru Aldundia

Pirinioetako desmana penintsulako iparraldeko mendi-ibaietako ugaztun erdiurtar endemiko txiki bat da, egoera kritikoan dagoena. Gaur egun, lau herrialdetan bizi da: Espainian, Portugalen, Frantzian eta Andorran. Azken 30 urteetan, haren populazioa % 70-80 murriztu da. Gipuzkoan, eusten dioten nukleoak zatikatuta daude eta atzerakada nabarmena bizi dute. Desagertzeko arrisku nabarmena dagoenez, espezie mehatxatuen estatuko katalogoan sartu berri dira espezie honen populazio guztiak, «galzorian eta egoera kritikoan» dauden espezieen kategorian.

Egoera horri aurrea hartuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Pirinioetako desmanarentzat berariaz diseinatutako kudeaketa-plan bat onartu zuen. Plan horrek interes bereziko eremuak ezarri zituen espeziearentzat, batez ere ibaien goiko zatietan, eta habitatari eragin diezaiokeen edozein esku-hartzeren aurrean txosten lotesleak egiteko betebeharra gehitu zen. 2016an mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak sartzearekin batera –hala nola POCTEFA H2O GUREA, zeinaren helburu nagusia izan baitzen Frantziarekin partekatutako arroen kudeaketa koordinatua egitea–, eta 2024an, berriz, LIFE Kantauribai proiektua, zeinaren helburua baita Natura 2000 Sareko 15 espaziotan ibai-espezieen eta -habitaten kontserbazioa hobetzea, Aldundiak kudeaketa-lan horrekin jarraitu ahal izan du.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru-diputatuaren hitzetan, «mota horretako espezieak babestea ekosistema modu integralean kontserbatzea eta zaintzea da; izan ere, aterki gisa jarduten du, hura babesteak uraren kalitatea hobetzeko, ibaiertzeko basoak zaintzeko eta ibai-konektagarritasuna berreskuratzeko lan egitea baitakar; lurralde-oreka berdearen alde lan egitea, alegia».

Zehazki, LIFE Kantauribai proiektuaren bidez (2024-2027), Aldundiak, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, espezie horren kontserbazio-egoeraren ezagutzan sakondu du Urumea, Leitzaran eta Bidasoa ibaien goi-ibarretan. «Identifikatutako arazo nagusia dibertsitate genetikoaren galera da. Populazioak hain dira txikiak eta hain bereizita daude, ezen endogamia-maila handiak baitituzte, eta horrek mugatu egiten du ugaltzeko gaitasuna eta gaixotasunekiko eta ingurumen-aldaketekiko daukaten erresistentzia», adierazi du Aitor Lekuonak, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuko buruak. Egoera hori larriagotu egiten da hainbat mehatxuren ondorioz, hala nola habitataren degradazioa, espezie inbaditzaileen presentzia eta klima-aldaketaren ondorioak, emarien erregimen naturala eta baliabide trofikoen eskuragarritasuna aldatzen baitute.

Populazio horiek kontserbatzeko helburuz, espezieak Urumea eta Leitzaran ibaietan duen eboluzioaren jarraipena egiten ari da Foru Aldundia, Gipuzkoan garatutako metodo ez-inbaditzaile baten bidez: babesleku artifizialak. «Metodo horri esker, desmanaren gorotzak aztertuz, haren biologiari buruzko xehetasunak lor daitezke, orain arte eskuraezinak zirenak, hala nola ugalketa-zikloari edo osasun genetikoari buruzkoak», azaldu du Lekuonak. Era berean, bizi den ibaien egoera ekologikoa aztertu da, ur garbi eta oxigenatu oneko ibaiak eta errekak behar dituen espeziea baita. Ildo horretan, Lekuonaren hitzetan, «Urruzuno erreka habitat egoki gisa identifikatu da etorkizunean espeziea berriz bertan sartzeko». Espezie inbaditzaileak ere kontrolatzen ditu, hala nola bisoi amerikarra, «desmanaren biziraupenerako mehatxua baita».

Gainera, Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak beste ekintza batzuk egingo ditu LIFE Kantauribai proiektuaren barruan: ibai-konektagarritasuna hobetzea, desman-populazioen artean aleak trukatzea eragozten duten oztopo artifizialak kenduz; populazioa indartzea eta aldeko habitata duten erreketan gune berriak sortzea; ezagutza berria sortzea teknika berrien bidez, hala nola irrati-maiztasuneko estazio finkoen bidezko jarraipena eginez; habitataren babes aktiboa, ibai-ingurunearen zaintza eta leheneratze ekologikorako sistemekin; eta mugaz gaindiko lankidetza, Nafarroarekiko eta Frantziarekiko koordinazioa indartuz, baterako kontserbazio-neurriak aplikatzeko.

Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2024tik 2027ra, 245.000 euro bideratuko ditu espezie hori kontserbatzeko, aipatutako ekintzen bidez. Zenbateko horri urtean 14.278 euroko inbertsioa gehituko zaio, espezie inbaditzaile gisa katalogatutako bisoi amerikarra kontrolatzeko.

  

5266