Gipuzkoa aurrera doa pertsona erdigunean jartzen duen zaintza-eredu batean, begirada asistentziala atzean utzita
Gipuzkoa aurrera doa pertsona erdigunean jartzen duen zaintza-eredu batean, begirada asistentziala atzean utzita
Gipuzkoa aurrera doa pertsona erdigunean jartzen duen zaintza-eredu batean, begirada asistentziala atzean utzita
2026an, zentro guztiek izango dute lehen diagnostiko bat eta ibilbide-orri pro-pio bat, eredu berri baterantz aurrera egiteko. Gauzatzeko plana datozen hilabeteetan hedatuko da lan-egutegi batekin. Horren arabera, aurkezpenak egingo dira, eskualdeka, lurraldeko eta egu-neko egoitza-zentro guztietan.

Gipuzkoak beste urrats bat eman du gaur zaintza-sistemaren eraldaketan, eta "Laguntza eta Zainketen Eredu Berria" aurkeztu du. Gida horrek zaintza-modu gizatiarrago, pertsonalizatuago eta komunitarioago bateranzko bilakaera markatzen du. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak parte hartu dute, eraldaketa-prozesuan parte hartzen ari diren bi pertsonarekin batera.
Eider Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi du Gipuzkoak babes sozialeko eta zaintzako sistema "aitzindaria eta eredugarria" duela. "Azken urteotan, zaintza sistemaren inguruko berrikuntza etengabea da. Udalerriz udalerri, zerbitzuz zerbitzu, Gipuzkoako zaintza-eredu berria zabaltzen ari gara lurralde osoan, pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin lotuagoa dagoena. Gida honen bidez, prozesu horretan jauzi bat emango dugu", adierazi du, beti ere egoitzetan bizi diren "adinekoen ongizate integrala" hobetzeari begira.
Gaineratu duenez, helburua ez da egoitza-zentroetako espazioak aldatzea soilik, baizik eta egoiliarrei "zaintza pertsonalizatuagoak, gizatiarragoak eta komunitateari irekiagoak" eskaintzea, erabiltzaileei "etxean bezala sentiaraztea" eta jasoko duten zaintzaren inguruan eta hartuko diren erabakietan "partaide" izatea. "Abangoardia gara eta zainketetan abangoardia izaten jarraitu nahi dugu. Behar duten pertsona guztiek kalitatezko zaintza bermatuta izan dezaten, bizitzako une guztietan ongizate integrala bermatzeko".
Bizi-proiektuekin batera doan eredu bat
Gipuzkoako Foru Aldundia, gaur egun, Gipuzkoako 27 zentroren eraldaketa arkitektonikoa egiten ari da, ikuspegi berri horretara egokitzeko; gainera, dagoeneko hasita daude hiru erreferentzia-zentro berriren obrak: Adinberri Pasaian, Arbes Irunen eta Errezabal Elgoibarren. Hala ere, zaintza-ereduaren eraldaketa ez da mugatzen aldaketa arkitektoniko batera edo azpiegituren hobekuntzara soilik: zaintza-modu berri bati eta zainketen eta harremanen kalitateari lotuta dago.
Aldundiaren Liburu Berdean definituta, pertsona ardatz duen eredua pixkanaka aplikatzen ari gara 34 zentrotan. Gida berri horri esker, aukera izango dugu zainketa-eredu berria, asistentziala, zentro guztietara iristeko, lurralde osora.
Eredu berri horrek aldaketa sakon bat islatzen du zainketak ulertzeko moduan, eta alde batera uzten du laguntza-begirada tradizionala, pertsonak erdigunean jartzeko. Xedea da zerbitzuak egituren inguruan antolatzen dituen sistema batetik bizi-proiektuei laguntzen dien beste batera igarotzea, pertsona bakoitzaren eskubideak, erabakiak eta loturak aitortuz.
Aurkezpenean, Maite Peñak azpimarratu du Gipuzkoa aurrera egiten ari dela duintasuna, parte-hartzea eta pertsonalizazioa azpimarratzen dituen zaintza-eredu baterantz: "Kontua ez da zaintzea soilik, baizik eta bidean laguntzea, entzutea, pertsona bakoitzaren erritmoak eta lehentasunak errespetatzea. Ondo zaintzea laguntza behar dutenen historia eta nahiak ezagutzea ere bada", baieztatu du.
Eredu hori, diputatuak gaineratu duenez, giza eskubideetan oinarritzen da: hots, pertsona guztiek, adina edo egoera edozein dela ere, beren bizitzari buruz erabakitzeko eta komunitatearekin duten loturari eusteko aukera izan behar dutela. Gainera, eraldaketa tekniko eta kultural bat ere badakar, talde profesionalen lan egiteko moduari, espazioen diseinuari eta zerbitzuen antolamenduari eragiten diena. Funtsezko ideia argia da: zaintzak ez dira arreta bidez bakarrik neurtzen, baizik eta ongizatean, autonomian eta bizi-zentzuan.
Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak azaldu duenez, gaur aurkezten den prozesua Gipuzkoako Foru Aldundiak, egoitza-zentroen sareak, hirugarren sektoreko erakundeek, familiek, zaintzaileek eta erabiltzaileek elkarrekin hainbat urtez egindako lanaren emaitza da: "guztia estrategia partekatu baten barruan, zeinak laguntzen pertsonalizazioa eta parte-hartze komunitarioa lurraldeko gizarte-zerbitzuen etorkizuneko ardatz gisa kokatzen baititu".
Peñaren hitzetan, "Gipuzkoak duintasunetik zaintzen duen lurraldea izan nahi du, non pertsona bakoitzak erabaki ahal izango baitu nola bizi nahi duen eta lagundua nola izan nahi duen. Konfiantzan, lankidetzan eta erantzukizun partekatuan oinarritutako eredu bat eraikitzen ari gara. Eredu horrek zeregin kolektibo gisa eta gure gizartearen balioen isla gisa ulertzen ditu zaintzak".
Eraldaketa bideratzen duen gida bat
Eredua abian jartzearekin batera, lurraldeko zentro eta zerbitzu guztientzako printzipioak eta orientabideak jasotzen dituen gida praktiko bat dago, kalitatea, tratu ona eta ingurune komunitarioarekiko loturak bermatuko dituen zaintza-modu baterantz aurrera egiteko.
Errealitate bihurtzeko plana datozen hilabeteetan hedatuko da, eta lan-egutegi bat izango du. Egutegi horretan, eskualdeko aurkezpenak egingo dira lurraldeko egoitza-zentro eta eguneko zentro guztietan, informazio-materialak zabalduko dira erabiltzaileentzat, familientzat eta profesionalentzat, eta ebaluazio-prozesu progresibo bat egingo da, barne-autoebaluazioak eta kanpo-balorazioak konbinatuko dituena. 2026an, zentro guztiek izango dute lehen diagnostiko bat eta ibilbide-orri propio bat, eredu berri baterantz aurrera egiteko.
Gidak modu erraz eta praktikoan jasotzen ditu zaintzaren egunerokoan sustatu nahi diren balioak eta portaerak. «Hitz egiten du, adibidez, nola lagundu pertsonek parte har dezaten eragiten dieten erabakietan, nola egokitu espazioak intimitatea eta erosotasuna bermatzeko, nola sustatu konfiantzazko harremanak profesionalen eta egoiliarren artean, edo nola lagundu pertsona bakoitzaren bizi-proiektuei laguntza-errutinatik harago. Jardunbide egokien eta orientabideen adibideak ere baditu, talde bakoitzak bere erritmoan hausnartu eta aurrera egin ahal izan dezan, betiere zentroan dagoen pertsonarekin", amaitu du Maite Peñak.
Funtsezko bost zutabe
Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak aldaketa hori bultzatu du, laguntzak jasotzen dituzten pertsona guztiek kalitatezko arreta izango dutela bermatzeko. Arreta hori tratu onean, beren eskubideekiko errespetuan eta beren bizitzen gaineko ahalik eta kontrol handiena mantentzeko aukeran oinarrituko da.
Eredu komun berri hori ikuspegi partekatu batean oinarritzen da, pertsonek komunitatean duten duintasuna, erabakitzeko gaitasuna eta rol aktiboa aitortzen dituena. Hori egin ahal izateko, Aldundiak erakundeekin, profesionalekin eta zainduekin lan egin du lurraldeko zentro eta zerbitzuen diseinua, kudeaketa eta ebaluazioa bideratuko dituen erreferentzia-esparru komun bat definitzeko. Esparru hori funtsezko bost printzipiotan oinarritzen da —eskubideak eta duintasuna, ezagutza eta aintzatespena, parte-hartzea, ongizatea eta segurtasuna, eta komunitatean sartzea—, eta 20 estandarretan zehazten da. Estandar horiek profesionalentzako gida praktiko gisa eta erabiltzaileentzako berme gisa balio dute.
Estandarrak lehen pertsonan idatzita daude, eredua bizitza errealera hurbiltzeko eta begirada aldatzea errazteko: "Niri buruz ezer ez, ni gabe". Horrela, pertsona bakoitzak jasotzen dituen zainketetatik espero behar duena aitor dezake: errespetuzko eta hurbileko tratua, bere identitatera eta nahietara egokitutako laguntzak, eragiten dioten erabakietan parte hartzeko aukera, ingurune seguru eta abegitsuak, eta komunitatearekin eta harreman esanguratsuekin lotutako bizitza".
Ardatz egituratzailea pertsonalizatzea
Hala ere, pertsonalizazioa da ikuspegi berriaren ardatza, eta arreta pertsona bakoitzaren bizi-historiara, errutinetara, lehentasunetara eta inguruabarretara bideratzen du. Horretarako, tresna batzuk txertatzen dira, hala nola erreferentziazko figura profesionala, Arreta Plan Indibidualizatua (API), bizi-istorioak, jarduera egokituak eta ingurune fisiko atsegin eta irisgarriak.
Gainera, azpimarratu behar da, estrategia horren zati gisa, Aldundiak "Egoitzen arteko Ikaskuntza Sarea" bultzatu duela jardunbide egokiak partekatzeko elikaduraren, jarduera fisikoaren edo berrikuntza arkitektonikoaren eremuetan. Era berean, profesionalei eta familiei zuzendutako "etengabeko prestakuntza" sustatzen da, pertsonarengan oinarritutako zaintzaren kultura sendotzeko.
2880