Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak 2026ko Laguntza Programa aurkeztu du enpresa sarea indartzeko asmo handiko plan batekin, ziurgabetasuna nagusi den mundu mailako testuinguru batean

Gipuzkoak 2026ko Laguntza Programa aurkeztu du enpresa sarea indartzeko asmo handiko plan batekin, ziurgabetasuna nagusi den mundu mailako testuinguru batean

Planak 32 milioi euroko aurrekontua du eta 39 laguntza lerro ditu, eta helburua da Gipuzkoako enpresa sarearen lehiakortasuna indartzea egungo erronka ekonomiko eta geopolitikoen aurrean. Planak zazpi jarduera eremu ditu enpresei eraldaketa teknologikoan, hazkundean edo kanpo proiekzioan laguntzeko, besteak beste.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko Laguntzen eta Dirulaguntzen Programa aurkeztu du gaur Euskadiko Parke Teknologikoaren Donostiako egoitzan. Ekitaldi horretan, 550 parte hartzaile baino gehiago izan dira, 150 aurrez aurre, eta gainerakoak online.

Programak 32.195.622 euroko aurrekontua eta 39 laguntza lerro ditu guztira, eta lurraldeko ekonomia sarea indartzea eta enpresei laguntzea du helburu, ezegonkortasun geopolitikoa eta ekonomikoa gero eta handiagoak diren testuinguru batean.

"Enpresak gure ekonomiaren eta Gipuzkoako ongizatearen funtsezko zutabea dira", adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak, jardunaldiaren hasieran. Mendozak nabarmendu du garrantzitsua dela ziurgabetasun uneetan enpresa sareari laguntzea: "Gipuzkoako ekonomia eta industria sareak, bertako kide zaretenon lanari esker, aberastasuna eta lanpostu onak sortzen ditu, eta, azken batean, ongizatea eta aukerak ekartzen dizkigu. Enpresengandik hurbil egotea eta haiei laguntzea, hori da Aldundiarentzat erabateko lehentasuna, are gehiago gero eta ezegonkortasun handiagoko egungo egoeran, eta laguntza programa hori horretarako tresna bat da", azaldu du Mendozak.

Testuinguru ekonomikoaren bilakaeraren aurrean jarraipena eta erakundeen arteko koordinazioa

Ildo horretan, diputatu nagusiak adierazi du aurkeztutako laguntza ildoek Gipuzkoako ehun ekonomikoari "konfiantza" eman nahi diotela, enpresek "aurrera egiteko eta lehiakortasuna babesteko" balioko baitute, bereziki ETEen kasuan. Esan duenez, Foru Aldundia "erabat konprometituta" dago zeregin horretan, eta "haren iraunkortasuna eta sustraitzea, inbertsioak, eraldaketa teknologikoa eta pertsonengan oinarritutako berrikuntza" bultzatzen ditu. Beste une konkretu batzuetan egin izan dugun bezala covidaren garaian edo Ukrainako gerraren harira, esaterako , oraingoan ere oso gertutik jarraitzen dugu Ekialde Hurbileko gerrak sortutako testuinguru ekonomikoaren bilakaera. Horretarako, harreman zuzena dugu gainerako euskal erakundeekin, enpresekin eta eragile ekonomikoekin. Beharrezkoa izanez gero, ahalik eta azkarren eta malgutasun handienarekin jarduteko prest gaude”, adierazi du.

32 milioi euro, zazpi arlo estrategikotarako, enpresen hazkundea bultzatzeko.

2026ko Laguntza Programa zortzi arlo estrategiko handitan egituratzen da, eta horiek enpresa garapenaren eremu nagusiak hartzen dituzte. Pertsonak eta talentua kategoriak 5.292.000 euro izango ditu prestakuntza eta giza kapitala sustatzeko. Ekintzailetzan 1.976.000 euro bideratuko dira enpresa ekimen berriak bultzatzeko; berrikuntzari dagokion lerroak, berriz, 11.200.000 euro jasoko ditu, ikerketaren eta garapen teknologikoaren aldeko apustua indartuz.

Bestalde, digitalizazioaren esparruak 1.760.000 euro izango ditu enpresen eraldaketa teknologikoari laguntzeko, eta lehiakortasunak, berriz, 7.454.022 euro, Gipuzkoako enpresek merkatuetan duten gaitasuna sendotzeko. Enpresa sustapenak 1.863.600 euro jasoko ditu enpresen hedapena eta ikusgarritasuna bultzatzeko, eta ekonomia berdearen lerroak 1.500.000 euro izango ditu, enpresa garapen arduratsuaren eta etorkizuneko erronkekin lerrokatuaren aldeko apustua finkatuz. Azkenik, programak elkarte eta klusterrekin lankidetzan Gipuzkoako ekonomiarentzat garrantzitsuak diren proiektuak sustatzera bideratutako laguntza lerro bat du, 1.050.00 eurokoa.

Programa lurraldera hurbiltzeko aurkezpen berriak

Aurkezpena Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko taldeak egin du, eta Unai Andueza diputatuak eman dio amaiera aurkezpenari. Bertan, enpresek lurraldearen garapen ekonomikoan duten funtsezko zeregina nabarmendu du.

Jardunaldia gaur goizean hasi da, Gipuzkoako Parke Teknologikoan, eta ondoren beste informazio saio batzuk egingo dira, programa lurraldeko enpresa sarera hurbiltzeko. Gaur arratsaldean bertan, bilera bat izango da Goieki garapen agentzian, Ordizian, eta martxoaren 13an, ostiralean, ekimena Arrasateko Garaia Teknologia Parkean aurkeztuko da. Gogoan izan behar da 2025ean programak 1.862 enpresa izan zituela onuradun, eta horietatik % 90 ETEak eta autonomoak izan zirela. Gipuzkoako eskualde guztietara iritsi zen, eta programaren eragina lurralde osora zabaldu zen.

Alde horretatik, Anduezak positiboki baloratu ditu iaz lortutako emaitzak: “Oso pozik gaude 2025ean lortu genituen emaitzekin, Gipuzkoako erronkei modu eraginkorragoan aurre egiteko programa birdiseinatu bat abian jarri genuenean. 2026an ildo horretan aurrera egiten jarraitzea espero dugu, lortutako emaitzak gainditzea eta, batez ere, gure enpresetatik gertu egoteko eta sor daitezkeen behar berrietara egokitzeko behar den malgutasunari eustea”.

Programa honen bidez, Foru Aldundiak enpresen garapenarekin, berrikuntzarekin eta lehiakortasunarekin duen konpromisoa berresten du, elementu horiek funtsezkoak baitira Gipuzkoaren hazkundea eta ongizatea bermatzeko.

  

3581