Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak ahalegin fiskala areagotu du, COVID-19 osteko suspertzea bultzatzeko

Gipuzkoak ahalegin fiskala areagotu du, COVID-19 osteko suspertzea bultzatzeko

Foru Dekretu-Arau berria onartu du Diputatuen Kontseiluak, likidezia gehiago jarri eta ekintzailetza, enplegua sortzea eta digitalizazioa sustatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman dio gaur zerga neurri koiuntural berriak jasotzen dituen Foru Dekretu-Arau berriari, COVID-19 gaitzak sortu duen osasun emergentziaren ostean ekonomia berpiztea helburu dutenak. Aldundiak martxan duen Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Planaren testuinguruan kokatzen da neurria, honen bitartez ari baita Aldundia pandemiak eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiten, eta batez ere autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak ditu jomuga. Foru bozeramaile den Eider Mendozak gogoratu duenez, Gipuzkoak aurrera darrai deseskaladan eta, honekin, ekonomia ere pixkanaka berpiztuz doa: “Gure helburua ekonomiaren berpizte horri lagunduko dioten urgentziazko neurriak sustatzea da, eta krisialdi honek ehun ekoizlean egin ditzaken kalteak murriztea. Aldi beterako neurriak dira, pandemia honek eragin duen egoerari erantzuteko ad hoc diseinatuak”. 

          Foru bozeramailea hedabideen aurrean agertu da gaur, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Gogoratu duenez, foru erakundea fronte guztietan ari da lanean hasieratik, COVID-19 gaitzak sortu duen krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari erantzuteko. Arlo fiskalean, Aldundiak bi neurri sorta onartu ditu jada, zergadun zaurgarrienei laguntzea helburu dutenak; orain, Foru Dekretu-Arau berri hau gehitzen da. “Pandemia honi aurre egiterako orduan, gizarte politika eta ekonomia sustapena dira Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen lehentasun nagusiak. Hauek izaten ari dira baita ere gure lehentasun nagusiak arlo fiskalean”, adierazi du. 

          Araudi berriak gaur jaso du foru Gobernuaren oniritzia, eta lau helburu nagusi bilatzen ditu: alde batetik, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunek izan dezaketen likidezia faltari laguntzea (autonomoak, enpresa txiki eta ertainak, enpresak…). Gainera, ekintzailetza sustatzea helburu duten neurriak ere barne hartzen ditu, eta baita ere kalitatezko enplegu egonkorra sortu eta bermatzea. Azkenik, laugarren helburua merkataritza txikiaren transformazioa babestea da merkataritza elektronikorantz; puntu honetan, nabarmendu behar da COVID-19 gaitzak sortu duen krisiak ezinbesteko bihurtu duela digitalizazioa. Neurri nagusiek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergari eragiten diete.

 

Autonomoentzako carry-backa

Onartu diren neurrien artean, PFEZan carry-back izeneko mekanismo baten onarpena nabarmendu du foru bozeramaileak, gaurko irabaziekin etorkizuneko galerak konpentsatzean datzana. Neurri honen helburua da jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunak jasaten ari diren likidezia faltari laguntzea. Kasu honetan, autonomoei egiten die mesede, eta zerga figura berria da Gipuzkoan.

Neurri honekin, orain egiten ari den Errenta kanpainan (2019koa) zergadunek erakusten badute beraien lehen seihilekoko negozio zifra aurreko urtekoa baino askoz txikiagoa dela (gehienez 2019ko urte osoaren %25), 2020rako aurreikusten duen etekin oso negatiboa oinarri ezargarritik murriztu ahalko dute. Murrizpen honek ezingo du 2019 urteko etekin positiboa gainditu, eta hurrengo urtean egingo den Errenta kanpainan kenkari hau jarduera ekonomikoaren etekinetan zenbatu beharko du. Beste modu batera esanda, 2020 urteko galerak 2019ko irabaziekin konpentsatu ahal izango ditu.

Prozedurari dagokionean, autonomoek eredu desberdindua aurkeztu beharko dut, Errenta aitorpenaren ezberdina, eta kolektibo honek neurri hau erabili dezan ad hoc egingo dena. Foru bozeramaileak esan duenez, oso prozedura sinplea izango da, datu bakarra txertatzearekin nahikoa izango baita. Errenta kanpaina amaitu aurretik aurkeztu beharko da eredu hori, hau da, uztailaren 29aren aurretik.

 

Enpresentzako carry-backa

Enpresen kasuan, Sozietateen gaineko Zergaren araudiak aurreikusten du antzeko sistema bat, oinarri ezargarri negatiboak konpentsatu ahal izateko. Orain, hau ere indartuko egingo da, COVID-19 gaitzaren mundu mailako pandemiak eragin duen ezohizko egoera honi aurre egin ahal izateko. Helburua, kasu honetan, autonomoen carry-backaren berdina izango da, baino enpresei aplikatuta. Horrela, datorren Sozietateen kanpainan, enpresek erakusten badute 2020 urteko lehenengo seihilekoan beraien negozio zifra nabarmen jaitsi dela aurreko urtearekiko, beraien oinarri ezargarria %50 murriztu ahal izango dute, eta %75era arte mikroenpresak eta enpresa txikiak badira.

 

Enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik kenkaria

Mendozak nabarmendu duen beste neurrietako bat da Sozietateen gaineko Zergan ezarri den kenkari berri bat, mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei mesede egiten diona. Honela, bigarren helburura gerturatu nahi du Aldundiak: ekintzailetza sustatzea. Zehazki, 2020 urtean zehar egin diren enpresa txiki eta ertainetako parte hartzeetan egiten diren inbertsioak dira kenkariaren helburua. Kenkariak intentsitate ezberdina du, inbertsioa jasotzen duen enpresaren arabera aldatzen dena: %10 eta 100.000 eurora arte ETEetan inbertsioak egiteagatik; %15 eta 150.000 eurora arte start-upetan inbertsioak egiteagatik; eta %20 eta 200.000 eurora arte ETE berritzaileetan inbertsioak egiteagatik.

 

Enplegua sortzeagatik kenkaria

Foru Dekretu-Arauak duen hirugarren helburura iristeko aurreikusi diren neurrien artean, hau da, enplegu egonkorra sortu eta sustraitzea, nabarmendu behar da Sozietateen gaineko Zergan enplegua sortzegatik dagoen kenkaria indartu egin dela. Neurri honek enplegua sortzen duten enpresei egiten die mesede, horrela zerga hobari hau aplikatu baitezakete. Gaurko erabakiarekin, kenkari honen muga egungo 4.900 eurotatik 7.500 eurotara igo da.

 

Langileek sortutako sozietateak

Enplegu egonkorra sortu eta kontsolidatzea helburu duten neurrien artean baita ere, PFEZan langileen gero bertan lan egiteko sortzen dituzten sozietateentzako dauden kenkarien indartzea ere azpimarratu du Mendozak. Neurri hau langileen partaidetza sustatzeko foru erakundeak martxan duen estrategiaren testuinguruan ulertzen da. Zehazki, pizgarrian honako hobekuntza hauek txertatzen dira: kenkariaren ehunekoak %5 igotzen dira, eta hobariaren mugak ere igo egiten dira: gizonentzako, 1.200 eurotatik 6.000 eurotara, eta emakumeen kasuan 1.800 eurotatik 8.000 eurotara.

 

Merkataritza txikiaren transformazio digitalarentzako kenkaria

Laugarren helburuari dagokionean, merkataritza txikiari laguntza merkataritza elektronikora jauzia ematen, foru Ogasunak kenkari berri baten aldeko apustua egin du PFEZan eta Sozietateen gaineko Zergan, autonomoentzako eta mikroenpresa eta enpresa txikientzako izango dena, hurrenez hurren. Bi zergetan %30eko kenkaria txertatzen da, 2020 urtean merkataritza elektronikoa ezartzeko egin diren gastuetan. “COVID-19 gaitaren krisiak eta honi aurre egiteko hartu diren neurriek ezinbestekoa egiten dute merkataritzaren zati handi batentzat mundu digitalera sartzea, eta pizgarri honek helburu horixe dauka”, azaldu du foru bozeramaileak.

 

Osasun arloko langileentzako aseguru bereziaren salbuespena

Azkenik, COVID-19 pandemiaren testuinguruan bakarrik ulertzen den beste neurri bat ere azaldu du Mendozak. Aldaketa hau osasun arloko langileei zuzentzen zaio, eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari aplikatzen zaio. “COVID-19 gaitzaren krisiaren testuinguruan, aseguru entitateek (UNESPAren  bitartez) doako aseguru kolektiboa egin diete osasun arloko langile denei, gaixotasun honek eragindako gaixotasun eta heriotza prestazio guztiak barne hartzen dituena. Neurri honekin, prestazio hau salbuetsita uzten dugu osasun arloko langileentzat Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan. Izan ere, zerga ikuspegitik, dohaintza bezala hartzen da aseguru hau”, azaldu du Mendozak.

  

1852