Gipuzkoak bere balioak eta izaera komunitarioa ospatuko ditu, dantza, musika eta natura ardatz izango duten hitzordu herrikoien bitartez
Gipuzkoak bere balioak eta izaera komunitarioa ospatuko ditu, dantza, musika eta natura ardatz izango duten hitzordu herrikoien bitartez
Gipuzkoak bere balioak eta izaera komunitarioa ospatuko ditu, dantza, musika eta natura ardatz izango duten hitzordu herrikoien bitartez
Larunbat eguerdian, hilak 28, Donostiako Alde Zaharra hartuko dute gipuzkoar dantzariek, ‘Gipuzkoa ezpata-dantzan’ ekimenean. Erakunde ekitaldi nagusia uztailaren 5ean egingo da Tolosan; soka-dantzak lotuko ditu Eider Mendoza diputatu nagusia, BNetako presidente Xabier Ezeizabarrena eta gipuzkoar alkateak
Lurralde gisa partekatzen ditugun balio nagusiak ospatzeko parada izango dute datozen asteetan gipuzkoarrek, Gipuzkoa hitzaren aipamen zaharrenaren milurtekoa gogoratuz. Dantza, musika eta natura ardatz hartuta, izan ere, hainbat hitzordu herrikoi eta sinboliko antolatu eta babestu ditu Foru Aldundiak, gipuzkoar erakundeekin eta eragileekin elkarlanean. Lehena datorren larunbat eguerdian –hilak 28– egingo dute, gipuzkoar dantzariek gauzatuko duten Gipuzkoa ezpata-dantzan ekimenaren bitartez. Erakunde-ekitaldi nagusia, berriz, uztailaren 5ean egingo dute Tolosan, dantzaz eta musikaz gain Gipuzkoako herri erakundeetako buruak lotuko dituen ohorezko soka-dantza izango den protagonista nagusi.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, gipuzkoarrak animatu ditu antolatutako ospakizun herrikoi hauetan guztietan parte hartzera eta “bat eginik gozatzera, badugulako zer partekatua eta zer ospatua”. “Balio komunitario indartsuak dituen lurraldea gara, diferentzien gainetik antolatzeko eta elkarlanean ekiteko gaitasuna duena, solidarioa, berdinzalea eta berritzailea; gainontzeko euskal lurraldeekin batera, bere erakundeak, ohiturak, hizkuntza eta kultura babesten eta garatzen jakin duena historian zehar”, azpimarratu du eta, horregatik guztiagatik, “aurrera begira ere balio horiek indartzen” jarraitzeko deia egin du.
Horretarako, dantza, kantua eta mendizaletasuna batzen dituen “hitzordu sinboliko eta herrikoiak” sustatu eta lagunduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, “gipuzkoarron eta euskaldunon identitatearen adierazpide”, hiruak ere. “Euskal kulturan esan ohi dugu izena duen orok baduela izana. Efemeride historiko honek adierazten du duela hamar mende dagoeneko, izan, baginela. Milagarren urteurrenak aukera ederra eskaintzen digu, hain zuzen ere, historiaren joan-etorrian, gipuzkoarrok gure gizarte bizitza eta bizimodua, ekonomia eta ongizatea, eraikitzen joan garen komunitate balioak ospatzeko. Iragana kontuan izanda baina, batez ere, aurrera begira jarrita, ospatu dezagun gipuzkoarron izana eta izena”, adierazi du diputatu nagusiak.
Gipuzkoa ezpata-dantzan
Esan bezala, lehen hitzordua larunbat honetan bertan jarri dute, Gipuzkoako hiriburuan, Donostian, Gipuzkoa ezpata-dantzan goiburu duela. Izan ere, oso sustraitua dagoen dantza da lurraldean Debatik hasi eta Beasainera arte, Hondarribitik Eibarreraino.
Komunitatearen ospakizun handietan eta data seinalatuetan egin ohi da, gainera. Horregatik, taldez talde transmititu den ondare horri balioa emango zaio, eta gipuzkoar dantzariek hartuko dute kalea, oholtzak markatzen duen egile eta ikusle logikatik aldenduz. Argia dantza taldearen eta Ikerfolken gidaritzapean, eguerdian hiriburuko Portutik abiatu eta, dantzariek ezpata-dantza eskainiko dute Alde Zaharreko zenbait puntu esanguratsutan. Ordubete beranduago, 13:00etan, komunitate osoa jarriko dute dantzan Konstituzio plazan, herritarrak ere dantza egitera ateraz.
‘Muriska’ emanaldia
Egun berean, Gipuzkoako Urrezko Domina den Juan Antonio Urbeltzek 1991an sortutako Muriska pieza koreografikoa eskainiko du Argia dantza taldeak San Telmo Museoko elizan. Oholtzan 70 dantzari eta 15 musikari biltzen ditu Zortziko eta Alakiketan ikuskizunen baitan. Drama koreografikoan oinarrituta, euskal munduaren elementu sinbolikoen irakurketa eguneratua eskaintzen du omenaldiak: eszenaratze harrigarri baten bidez, gipuzkoarron ondare musikal eta koreografikoaz baliatuz, historia unibertsalak gure ahotsetik kontatzen ditu, emozioak kultura eta identitatearen transmisiorako eta herrigintzarako erabiliz.
Sarrera doakoa izango da, baina aurretiaz San Telmo Museoan eskuragarri egongo dira aforoa bete arte. Emanaldia ikusi ahal izateko beharrezkoa izango da sarrera lortzea. Bi emanaldi antolatu dira: lehena, 19:30ean eta bigarrena, berriz, 20:30ean.
Soka-dantza
Urbeltzek berak esana da soka-dantza dela Gipuzkoan “udal protokoloaren dantza adierazgarriena, berdintasunezko dantza inon halakorik badago”. Hori dela eta, Gipuzkoa hitzaren milurtekoa ospatzeko erakunde ekitaldi nagusia euskal protokolo tradizional horretan oinarrituko da. Uztailaren 5ean, larunbatean, Tolosako Euskal Herria plazan egingo den soka-dantzak Gipuzkoako herri-erakundeetako buruak batuko ditu, hala nola, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea eta lurraldeko gainerako alkateak. Dakigunez, historian lehen aldiz egingo den gipuzkoar autoritateen soka-dantzan parte hartzera gonbidatu dira alkate guztiak, gipuzkoarron ordezkari diren neurrian. Ekitaldi hau Tolosako Udalarekin elkarlanean antolatuko da.
Urmugarekin bat
Ospakizun herrikoi hauetan azkena, berriz, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan kokatzen den UIizar mendian egingo da, Urmuga jaialdiaren egitarauaren barnean. Uztailaren 20an, igandean, jarritako hitzordu honetan erakundeetako ordezkariek ere hartuko dute parte. Urmugarekin bat egiten duten mendizaleak hiru bideetan barna iritsiko dira Ulizarrera –Berastegitik, Orexatik eta Arribetik– eta arratsaldean, berriz, ‘Ypuçcoa 1.000 urte ikuskaria’ eskainiko dute Leitza eta Amasako koruek, Euskal Herriko eta Aragoiko dantza taldeekin batera. Ekitaldi eta musika emanaldi irekia izango da hau ere.
3718