Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak bere dashboard digitala aurkeztu du: mugikortasun adimentsu eta lurralde kohesioaren aldeko apustu berritzailea

Gipuzkoak bere dashboard digitala aurkeztu du: mugikortasun adimentsu eta lurralde kohesioaren aldeko apustu berritzailea

MUBILek, Foru Aldundiak, MIT Media Labek eta Tecnunek bultzatutako proiektu honek iraultza handia dakar hiri plangintzara, 80 zerbitzu eta garraiobide anitzi buruzko datu zehatzekin.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur aurkeztu da MUBILen City Science Lab Gipuzkoa (CSL Gipuzkoa) proiektua, lurraldea hiri plangintza adimendunaren abangoardian jartzen duen proiektu eraldatzailea. Proiektua MUBILek eta MIT Media Labek (Massachusetts Institute of Technology) gidatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eta Tecnun – Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolarekin lankidetzan garatu da.

Aurkezpenean izan dira Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Igor Villarreal MUBILeko zuzendari nagusia, Kent Larson MIT City Science-ko zuzendaria, Luis Alonso MITeko ikertzaile eta arkitekturako doktorea, eta Zuriñe Varela CSL Gipuzkoa laborategiko zuzendari zientifikoa.

Ikuspegi bat: Gipuzkoa, 30 minututan eskura

City Science Lab Gipuzkoa laborategi berriaren inaugurazioarekin, MUBILek pauso garrantzitsu bat eman du berriz ere, etorkizuneko irisgarritasuna eta mugikortasuna diseinatu eta sortzeko erreferentziazko eragile gisa.

Proiektuaren oinarria "Gipuzkoa 30 Minute Region" kontzeptua izan da, lurralde plangintza eraldatzea helburu duen ikuspegi estrategikoa, datuen erabilera intentsiboaren, bistaratze aurreratuaren eta simulazio digitalen bidez.

Ekimen honek hiru ardatz nagusi izan ditu. Lehenik eta behin, eguneroko joan-etorrietatik eratorritako CO2 isuriak murriztea, klima aldaketaren aurkako borrokan aktiboki laguntzeko.

Bigarrenik, lurralde-kohesioa sustatzea da helburua, herritar guztiek, bizilekua edozein izanik ere, funtsezko zerbitzuetarako sarbide ekitatiboa izan dezaten bermatuko duen eredu baten alde eginez.

Eta, hirugarrenik, dinamizazio ekonomikoa, irisgarritasunaren eta mugikortasunaren inguruko negozio eta ekimen pribatu berrien garapena sustatuz.

Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusiak adierazi duenez, «Gipuzkoako erraminta digitalarekin urrats erabakigarria egin dugu lurralde eredu konektatuago, jasangarriago eta lehiakorrago baterantz. Proiektu hori ezin izango zen sortu MUBIL Centerren sortzen den azpiegitura teknologikorik eta ezagutzarik gabe, mugikortasun adimendunaren eremuan berrikuntza aplikatuaren motor gisa jarduten baitu. Maketa digital hori abian jartzea mugarri garrantzitsua da Gipuzkoarentzat, beste behin ere Europa mailan zein, jakina, tokiko testuinguruan lider dela erakusten baitu».

Lurraldea eraldatzeko eta hiri konektatuagoak eta adimentsuagoak diseinatzeko tresna

Laborategi berri horren inaugurazioa aurrerapen teknologiko esanguratsua izan da lurraldean. Eskuragarri dagoen maketa interaktiboari esker, 80 zerbitzu estrategiko baino gehiagotara –hala nola ospitaleak, ikastetxeak eta azpiegitura kritikoak– iristeko denborak modu intuitiboan ikus daitezke, lau garraiobide erabiliz: oinez, autoz, garraio publikoz eta bizikletaz.

Ingurune bisual eta interaktibo horrek egungo mugikortasuna ulertzen laguntzen du, eta, gainera, simulazio tresna indartsu bihurtzen da, egin daitezkeen esku-hartzeak aztertzeko, haien eragina ebaluatzeko eta politika publiko eraginkorragoak eta herritarren benetako beharretara egokitutakoak diseinatzeko.

CSL Gipuzkoa laborategia City Science Initiative nazioarteko sareko kide da 2023. urteaz geroztik. Plataforma hori MIT Media Labek bultzatzen du, eta irtenbide teknologiko berritzaileen garapena sustatzen du, egungo eta etorkizuneko hiri erronka handiei aurre egiteko.

Gipuzkoa City Science, sare globalaren hamargarren laborategi operatiboa da. Sare hori Amerikan, Europan, Asian eta Ekialde Hurbilean zabalduta dago eta Cambridgen, Hanburgon, Shanghain, Toronton, Taipein, Andorran eta Guadalajaran ditu zentroak besteak beste.

Proiektua duela bi urte jarri zen abian, eta lehen fasea 2025ean amaitu da. Lurralde azterketa sakona egitea lortu da, katastrotik eskualde mailaraino. Hemendik aurrera, proiektua estrategia zehatzak lantzera bideratuko da irisgarritasunaren, isurien murrizketaren, lurralde kohesioaren eta mugikortasun jasangarriari lotutako ekimen pribatuen sustapenaren arloan.

Apustu horrekin, Gipuzkoak, hiri garapen adimendunerako teknologiaren erabileran lurralde berritzaile eta nazioarteko erreferente gisa duen eginkizuna nabarmentzen du.

  

4009