Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak bere lidergo kuantikoa sendotu du Kanadan ospatutako CDL Quantum nazioarteko mentorizazio eta azelerazio programan

Gipuzkoak bere lidergo kuantikoa sendotu du Kanadan ospatutako CDL Quantum nazioarteko mentorizazio eta azelerazio programan

Sei herrialdetako –Estatu Batuak, Kanada, Italia, Herbehereak, Alemania eta Errumania– 19 startupek parte hartuko dute programaren lehen saioan, Calgaryn. Startup, mentore zientifiko eta inbertitzaile globalak Calgaryn bilduko dira, enpresa-belaunaldi berriaren garapena bizkortzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta BIC Gipuzkoak Creative Destruction Lab (CDL) Quantum Global Stream delakoaren lehen saioan parte hartuko dute aste honetan, Calgaryko Unibertsitatearen campusean (Kanada). Erreferentziazko topaketa da teknologia kuantikoen esparruan, eta sektoreko startupak, inbertitzaileak, ikertzaileak eta liderrak biltzen ditu, konputazio kuantikoan oinarritutako enpresak bizkortzeko eta nazioarteko ekosistemarekiko konexioa errazteko.

Teknologia kuantikoak sustatzeko nazioarteko foro gako honetan, honako hauek ordezkatzen dute Gipuzkoa: Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua; Koldo Peciña, Proiektu Estrategikoetako zuzendaria; eta Ainhoa Aizpuru eta Amaia Fernández, BIC Gipuzkoako Proiektuen zuzendariak.

Lehen saio honetan, nazioarteko 19 startupek beren proiektuak aurkeztuko dituzte adituen batzorde baten aurrean, eta batzorde horrek ebaluatuko du nolako eragina, eskalagarritasuna eta berrikuntza izan dezaketen. Enpresa parte-hartzaileak Estatu Batuetatik, Kanadatik, Italiatik, Herbehereetatik, Alemaniatik eta Errumaniatik datoz, eta horrek erakusten du programak dimentsio globala duela eta nazioarteko ekosistema kuantikoa anitza dela. Hautatutakoak programaren hurrengo fasean parte hartuko dute. Fase hori abenduan egingo da Donostiako CDLn, joan den uztailean inauguratutako CDL Quantum nazioarteko programaren Europako nodoan.

Programaren hurrengo fasea Donostian izango da, eta startup-ek Gipuzkoako ekosistema kuantikoa ezagutzeko aukera izango dute.

CDL Quantum-en xedea da teknologia kuantikoen merkaturatzea eta garapena bultzatzea eta enpresa liderren sorrera sustatzea mundu mailan. Hasierako faseetan dauden startupei mentoretza estrategikoa, adituen eta inbertitzaileen nazioarteko sare baterako sarbidea eta ikerketa aurreratua proiekzio globaleko irtenbide eskalagarri bihurtzeko laguntza egituratua eskaintzen dizkie.

Calgaryko txandan –azaroaren 3tik 5era–, startupek beren proposamenak aurkeztuko dituzte mentore zientifikoen nazioarteko talde batean. Hautatutakoek Donostiako CDLko hurrengo saioan parte hartuko dute. Bertan, aholkularitza-jardunaldiez gain, Gipuzkoako azpiegitura teknologikoa eta berrikuntza-ekosistema ezagutu ahal izango dituzte, teknologia kuantikoen nazioarteko erreferentea baita.

Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuaren hitzetan, "IBM Systems Two enpresaren berriki inauguratutako ordenagailu kuantikoak erreferentziako lurralde gisa kokatzen gaitu eremu horretan, baina hori bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da sareak ehuntzea eta ekosistema bat sortzea, aukera emango duena enpresa berriak garatzeko eta teknologia kuantikoak gure industria-sarean aplikatzeko. Mentorizazio eta azelerazio programa horrek indartu egiten du Euskadik teknologia kuantikoetan duen nazioarteko posizionamendua, eta Gipuzkoa kokatzen du sortzen ari den balio erantsi handiko industria berri baten funtsezko nodo gisa, ezagutzari, zientziari eta berrikuntzari estuki lotuta."

CDL Quantum: nazioarteko erreferentea

2017an sortu zenetik, Quantum CDLk mundu osoko 170 startup kuantiko baino gehiago lagundu ditu —esparru horretako ia bost enpresa aktibotik bat—, eta 2,9 bilioi dolar kanadar baino gehiago sortu ditu ondare-balioan.

Kasu arrakastatsuen artean, Multiverse Computing nabarmentzen da. 2019an sortu zen Donostian, eta CDL Quantum-en 2019/20ko edizioan azeleratu zen. Gaur egun, munduko startup oparoenetako bat da industriari eta finantzei aplikatutako konputazio kuantikoan.

Donostia CDL nodoa, 2025eko uztailean inauguratua, CDL Quantum nazioarteko programaren parte da, Toronto eta Montrealeko nodoekin batera. Ikerketa kuantikoa ekintzailetza teknologikoarekin eta nazioarteko inbertsioarekin lotzeko sortua, nodo horrek indartzen du Gipuzkoak teknologia kuantikoetan Europako erreferentziazko hub gisa duen posizionamendua.

  

1880