Gipuzkoak GILUR plataforma digitala jarri du abian nekazaritza erabilerarako lurren, azpiegituren eta ustiategien transakzioa errazteko
Gipuzkoak GILUR plataforma digitala jarri du abian nekazaritza erabilerarako lurren, azpiegituren eta ustiategien transakzioa errazteko
Gipuzkoak GILUR plataforma digitala jarri du abian nekazaritza erabilerarako lurren, azpiegituren eta ustiategien transakzioa errazteko
Plataforma Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek bultzatutako lehen sektoreko belaunaldien arteko errelebo-estrategiaren barruan kokatzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorlur sozietatearen bidez, aholkularitza ere emango du, bi aldeak harremanetan jarri eta kontratua formalizatzen laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gilur jarri du martxan: Gipuzkoan nekazaritzako ustiategien eta lurren transmisioa errazteko sortutako tresna digital berria. Proiektu honen helburua da gaur egun erabiltzen ez diren lursailak, azpiegiturak eta ustiategiak berraktibatzea, nekazaritza jarduera bat garatzeko interesa duten pertsonen eskura jarriz. Horrela, Gilur plataforma digitalaren bidez (www.gilur.eus), lurren, azpiegituren eta ustiategien alokairua eta salerosketa erraztuko dira, jabe pribatuak interesatuekin konektatuz.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Maite Peñacoba Etorlurreko zuzendari nagusiarekin eta Jon Andoni Urdangarin Aldundiko Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako zerbitzuburuarekin batera. Arrutik Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek garatutako herri estrategiaren barruan kokatu du ekimen hau. Estrategia horren bidez, lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko beharrezkoak diren tresnak eman nahi dira; izan ere, azpimarratu duenez, “landa ingurunea mantentzeko, paisaia kudeatzeko eta elikagaien jasangarritasuna bermatzeko funtsezko jarduera da”.
Nekazaritza-zentsuaren datuen arabera, nekazaritzako 309 ustiategi profesionalek baino gehiagok 60 urtetik gorako titularrak dituzte. Ustiategi horietako gehienek ez dute belaunaldien arteko erreleborik. Txanponaren beste aldean, aldiz, “sektorean hasteko interesa duten baserritarrak daude, jarduera hori garatu ahal izateko ustiategirik edo lurrik ez dutenak”, adierazi du Lurralde Oreka Berdeko diputatuak.
Arrutik gaineratu duenez, “Gilur Aldundiak berak lehen sektorean pertsonak sartzea errazteko abian jarritako bestelako ekimenen osagarri gisa sortu da, hala nola: Baserritar Misto Profesionala, Gaztenek, Trebatu edo landa lurren digitalizazioa edo Erreleboa Bermatuz ekimena”.
Plataforma, gainera, eskaintzaren eta eskariaren arteko topagunearen ikuspegitik diseinatzeaz gain, espero da datu-base bat elikatzeko balio izatea, lurraldean lehen sektorean jarduera bat garatzeko eskuragarri egon zitezkeen lurren kopurua identifikatu ahal izateko. Arrutik adierazi duenez, “Gipuzkoa bezalako lurralde batean nekazaritza lurren eskasia, bere orografia menditsua ezaugarri duena, erronka bat da beren negozioa handitu edo nekazaritzaren esparruan ekin nahi duten baserritarrentzat”, eta, beraz, “garrantzitsua da identifikatzea ea plataformara irits litekeen baino eskaintza handiagoa dagoen”. Era berean, nabarmendu duenez, “Gilurrek irtenbide bat eskaini nahi du, ez soilik erreleborik gabe geratzen diren nekazaritza ustiategi profesionalen kasuan, baita familia edo baserritar batek hutsik dauden eta erabiltzen ez diren nekazaritza lur, azpiegitura edo ustiategiak dituen kasuetan ere, interesa duten pertsonek espazio horietan lan egin ahal izan dezaten tokiko eta kalitateko elikadura ekoizpenaren mesedetan”.
Ildo horretan, adierazi duenez, “askotan, ustiapen batean lan egin duenarentzat, belaunaldien arteko erreleboa izateak arlo ekonomikoa gainditzen du. Askotan zerotik garatutako bizi proiektuak dira, eta, beraz, lotura emozionala sakona da. Ustiategiaren edo lurraren jarraitutasunaren eta zaintzaren bermea izateak nolabaiteko lasaitasuna ematen dio erabilera edo jabetza lagapen hori egiten duen baserritarrari ”.
Plataforma digitala interesdunen zerbitzura jartzeaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundia, Etorlur sozietatearen bidez, aholkularitzaz arduratuko da bi aldeak harremanetan jarri eta kontratua formalizatzen laguntzeko. Plataformak berak, gainera, espazio bat izango du, non kontratu ereduak kontsultatu ahal izango diren, erregimenaren arabera (alokairua, trukea, mantentze garbia egiteko kontratuak), eta prozesuari buruzko informazio praktikoa ere emango du.
Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak hiru foru aldundiekin batera garatutako belaunaldi erreleborako estrategiaren ildotik, hamar urteko epean 380 gazte lehen sektorean sartzeko erronka dago, belaunaldien arteko erreleborik gabe geratuko diren 200 ustiategitan gutxienez lan egin dezaten. “Horregatik ari gara horrelako ekimenak bultzatzen erakundeetatik”, nabarmendu du Arrutik, “sektorearen belaunaldien arteko erreleboa bermatzea ez baita apeta bat, gure lurraldearen ongizatea eta lurralde oreka berdea ziurtatzeko benetako beharra baizik”.
Lurralde Oreka Berdeko diputatuak prentsaurrekoa aprobetxatu du “erakunde, elkarte, enpresa, baserritar eta, oro har, gizartearen” erantzukizuna eskatzeko, eta gogorarazi du, aipatutako ekimenetatik harago, “sektorearen biziraupena guztion borondatearen eta konpromisoaren mende dagoela, bakoitzari dagokion aldetik”.
Funtzionamendua eta eskaintza mota
Plataformaren funtzionamendua erraza eta intuitiboa da, interesdunek webguneko “Lurra eskaini nahi dut” atalean sartu eta galdetegia bete eta eskaera bidali besterik ez dute egin behar. Iragarkia GILURen webgunean argitaratuko da, berrikusi ondoren. Nahi adina lursail iragarri daitezke.
Bestalde, nekazaritza erabilerarako lurzorua behar duten pertsonek “Lurra behar dut” atalean argitaratu dezakete eskaera, edo eskuragarri dauden lurzatiak eta ustiategiak kontsultatu. Azken kasu horretan, lursailen batean interesa izanez gero, gune horretan dagoen galdetegia bete daiteke.
Plataforma eskuragarri dago jada, eta helbide honen bidez sar daiteke: www.gilur.eus
Informazio gehiagorako, Foru Aldundiak 943 337 556 telefono zenbakia eta gilur@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa jarri ditu, interesa duen edonork horri buruzko edozein kontsulta egin ahal izan dezan.
2224