Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Gipuzkoak ‘Maitaro’ proiektua aurkeztu du Europan, ospitale eremuan nahi ez den bakardadearen aurkako esperientzia aitzindaria

Gipuzkoak ‘Maitaro’ proiektua aurkeztu du Europan, ospitale eremuan nahi ez den bakardadearen aurkako esperientzia aitzindaria

Proiektua Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak bultzatu du, ADINBERRI Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Irlandan aurkeztu da bost herrialdetako ordezkarien aurrean, Europako KORALE estrategiaren barruan. ‘Maitaro’ proiektuak ospitaleratutako pertsonen eta haien zaintzaileen nahi gabeko bakardadea detektatzea du helburu eta hari erantzun, aurrez aurreko laguntza, telefono bidezkoa eta erantzun komunitarioko metodologia berritzailea konbinatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRI Fundazioak nahi ez den bakardadearen aurkako borrokan esperientzia berritzaileenetako bat aurkeztu dute Irlandan: ‘Maitaro’ proiektua. ADINBERRIk finantzatuta eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak gidatuta, Osakidetzarekin lankidetzan, proiektuaren ardatza da Donostia Unibertsitate Ospitaleko (DUO) Susperraldi Unitatean eta inguruan ospitaleratutako pertsonentzako belaunaldien arteko laguntza sistema bat eraikitzea eta ebaluatzea.

‘Maitaro’: aurrez aurreko eta telefono bidezko laguntza

Helburua da nahi ez den bakardadeari eta isolamendu sozialari lotutako beharrak detektatzea eta horiei erantzutea, bai ospitaleratuta ematen den denboran, bai alta eman ondoren, pertsonak etxera edo baliabide soziokomunitariora itzultzen direnean. ‘Maitaro’ proiektuak erdigunean jartzen ditu ospitaleratutako pertsonak eta haien zaintzaile nagusiak, aurrez aurreko eta telefono bidezko laguntza, eta detekzio eta erantzun komunitario pertsonalizatuko lan metodologikoa eskainiz.

Proiektua hiru jarduera-ildo osagarriren inguruan gauzatzen da. Lehenik eta behin, aurrez aurreko laguntza ospitalean, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Susperraldi Unitatean dauden pertsonei laguntza eta konpainia eskaintzen dieten aldez aurretik hautatutako eta prestatutako gazte boluntarioen eskutik. Bigarrenik, telefono bidezko laguntza, pertsonek ospitaleko alta jaso eta etxera itzulitakoan laguntza emozionalari jarraipena ematen dion Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoaren Albaindu zerbitzuaren bidez bideratua, zaintzaile nagusietara ere hedatuz. Azkenik, tresna metodologiko berritzaile baten diseinuak ospitaleratutako pertsonen behar emozialak, harremanetakoak eta partaidetza komunitariokoak identifikatzeko eta eskura dauden tokiko baliabideetan oinarritutako erantzun pertsonalizatuaren prototipoa sortzeko aukera ematen du.

Jardunbidea 2024ko urritik dago aktibo eta 2026ko martxora arte, gizarte-, osasun- eta hezkuntza-arloetako profesionalak inplikatzen ditu, baita boluntariotza gisa parte hartzen duten 18 urtetik gorako gazteak ere. Gainera, Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza du. Proiektuak bakardadea murriztearekin, ongizate fisikoa eta emozionala hobetzearekin eta parte hartzaileen gogobetetzearekin erlazionatutako prozesu, emaitza eta inpaktu adierazleak lortzeko aukera emango du.

‘Maitaro’ proiektuaren balio nagusietako bat bere izaera transferigarria da: bere metodo-logia sistematizatuta dago, eta horrek beste testuinguru eta lurralde batzuetara egokitzea errazten du. Arrakastaren funtsezko faktoreen artean, ospitaleko arreta humanizatzea, gizarte- eta osasun-eragileen arteko lankidetza estua, boluntario gazteen inplikazio aktiboa eta etengabeko laguntza teknikoa nabarmentzen dira. Gainera, belaunaldien arteko loturak indartzeko egiten duen apustuak elkartasunaren eta elkarrekiko ikaskuntzaren eredu inspiratzaile bihurtzen du ‘Maitaro’.

Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoa erakusten ari da nahi ez den bakardadearen prebentzioa politika publikoen estrategiaren parte izan daitekeela eta izan behar duela. ‘Maitaro’ bezalako ekimenek berrikuntza sozialak, belaunaldien arteko lankidetzak eta konpromiso instituzionalak errealitateak eralda ditzaketela erakusten dute.

Bakardadea prebenitzeko Politika Publikoen Europako Gida

ADINBERRIk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan gidatutako KORALE proiektua 2024ko apirilean hasi zen martxan, eta 2028ra arte luzatuko da. Azken helburua bakardadea prebenitzeko Politika Publikoen Europako Gida bat egitea da, partekatutako esperientzietatik eta sei eskualde parte-hartzaileen artean lortutako ikaskuntzetatik abiatuta. Orain arte, sareak aukera eman du Europako hainbat lurraldetan 30 jardunbide on baino gehiago identifikatzeko eta zainketen, osasunaren, gizarte zerbitzuen eta berrikuntza komunitarioaren arloko 70 profesional baino gehiagoren artean baterako lanerako espazioa sortzeko.

Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendari nagusiak, KORALE estrategia bakardadearen aurrean ikaskuntza partekaturako Europako espazio gisa izaten ari den zeregin eraldatzailea azpimarratu du. “KORALE, oso lurralde desberdinak erantzun gizatiarragoak, jasangarriagoak eta ebidentzian oinarrituagoak eraikitzeko elkarrekin lan egitea ahalbidetzen ari da. Truke horri esker, Gipuzkoa bere esperientzia ematen, eta, aldi berean, erronka berarekin konprometituta dauden Europako beste eskualde batzuetatik ikasten ari da”, adierazi du.

Europako lau jardunbide on

Fingaleko topaketan, eskualde bazkideek bakardadeari eta isolamendu sozialari aurre egiteko ekimen aktiboak aurkeztu eta askotariko ikuspegiak erakutsi dituzte, berrikuntza komunitariotik hasi eta zerbitzu publikoetan integratutako esku-hartzeetaraino.

Portugalen, Lisboako Santa Casa da Misericordiak Proximity Policing Project proiektua azaldu du. Hurbiltasuneko lan-ekimen horrek polizia-kidegoak, gizarte-zerbitzuak eta erakunde komunitarioak inplikatzen ditu, bakarrik bizi diren adinekoak identifikatu eta haiei laguntzeko, herritarren konfiantza, prebentzioa eta laguntza indartuz.

Irlandan, Fingal County Councilek bi programa osagarri eman ditu ezagutzera: Final Mel Shet Network, belaunaldien arteko jardueren bidez gizartegintza sustatzen duen eragile komunitarioen tokiko sarea, eta komunitate osoan boluntariotza eta ongizate programen bidez partaidetza, autonomia eta zahartze aktiboa sustatzen dituen Active Age for All.

Belgikatik, Aalst udalerriak Seniors shaping the present for the future esperientzia partekatu du, adinekoen parte-hartze sozial eta politikoan oinarrituta, tokiko politiken diseinuan eta hiri ingurune inklusiboagoen plangintzan duten inplikazioa bultzatuz.

Bestalde, Danimarka Erdialdeko Lurraldeak More Together: a complex intervention aurkeztu du. Silkeborgen garatutako sektore anitzeko programa da, eta komunitate-ekintza, osasun-arreta eta gizarte-laguntza uztartzen ditu, gazteen eta adinekoen arteko bakardadea murrizteko, inpaktu kolektiboaren ikuspegia aplikatuz.

Irlanda, bakardade indize handiena duen Europako herrialdea

Oraingoan, Fingal eskualdeak antolatutako lan programaren izenburua ‘Bakardadetik inklusiora: lankidetzan oinarritutako ikuspegia’ izan da, eta hitzaldi magistralak eta jardunbide egokien aurkezpen inspiratzaileak barne hartu ditu. Alde horretatik, bisita profesionalen eta arduradun politikoen artean ezagutza trukatzeko aukera zuzena izan da.

Irlanda da, gainera, Europan bakardade indizerik handiena duen herrialdea, biztanleriaren % 20 egoera horretan baitago. Topaketa horretan, fenomenoari aurre egiteko funtsezko proiektuetako bat aurkeztu du, 9.000 boluntariok baino gehiagok lan egiten duten, eta 44.000 pertsonari arreta ematen dien ‘Alone’.

  

2054